• 09
    ABE
    EHEko kide eta inguruko lagunen iritziekin osatu dute "Euskal Herri euskaldunari ateak ireki" dokumentua. Ekarpenak egiteko epea zabalik da, urtarrilaren 9a arte.
    "Izan, egin, eragin" gogoetan ekarpena egiteko epea zabaldu du EHEk.

    Idazkia deskargatzeko: Hemen

    Ekarpenetarako fitxa deskargatzeko: Hemen

     

    "Lagun euskaltzalea, mezu honen bitartez Euskal Herrian Euskarazen egiten ari garen Izan, Egin, Eragin barne-gogoetan parte hartzera gonbidatu nahi zaitugu. Gogoetaren helburua Euskal Herriaren berreuskalduntze-prozesuak datozen urteetan izan beharreko helburu eta ezaugarriak zehaztea, eta, horiek erdiesten laguntzeko, EHEk izan beharreko izaera eta jorratu beharreko ildoa adostea da.

    Hausnarketaren lehen geltokia ohar honi atxikirik duzun idazkia da. Idazki horren osaketarako gaurko eta atzoko EHEko kideen ekarpenak jaso ditugu, bai eta EHEren inguruko lagunenak ere. Orain hurrengo etapari hasiera emango diogu; hain zuzen ere, idazki honetan jasoak dauden proposamenen eztabaida, moldaketa eta ekarpen berriak jasotzeari ekingo diogu. Honatx gonbidapena: zu ere etapa honen protagonista izatea. Zuk ere idazkia irakurri, aztertu, eta, ekarpenak eta moldaketak egitea. Euskal Herrian Euskaraz euskaltzale guztion tresna baita, bai egun EHEn egituratuta lan egiten duten euskaltzaleena, bai Euskal Herri euskaldunaren xedearekin bat egiten duten euskaltzale guztiena ere. Horregatik, guztion artean tresna honek, Euskal Herrian Euskarazek, etorkizun hurbilean zein ekarpen egin behar duen eztabaidatu eta adostera goaz.

    Idazkiaren eztabaida prozesua.

    1. URTARRILAK 9: emendakinak aurkeztea. Emendakinak (testu moldaketa, kenketa edo gehikuntza) aurkezteko epe-muga urtarrilaren 9a da. Emendakinok aurkeztea errazteko asmotan taula-eredua osatu dugu, ohar honen amaieran deskargagai duzuna. Denbora tarte honetan EHEren taldeak dauden herrietan aurkezpen eta eztabaidarako batzarrak egingo ditugu, zuzenean azalpena jaso, zalantzak argitu eta iritziak trukatzen hasteko. Emendakinak bideratzeko EHEko egituraren bidez egin daiteke (horretarako EHEko edozein kiderengana jo dezakezu) edo zuzenean helbide honetara bidaliz egin daiteke ere: ehe@euskalherrianeuskaraz.org

    2. URTARRILAK 16: idazki moldatuaren igorpena. Urtarrilaren 9rako jasoko diren emendakinak idazkian txertatuko dira, eta, urtarrilaren 16an igorriko dizuegu Nazio Batzarrean onarpenera proposatuko den idazkia. Punturen batean iritzi kontrajarriak egongo balira, iritzi ezberdinak igorriko dizkizuegu eta batzarrean bozkatuko dira, aldekotasun gehiena lortuko duen posizioa idazkian txertatuko delarik.

    3. URTARRILAK 28: idazkia onarpenerako aurkeztu Nazio Batzarrean. Orain hasiko dugun etaparen geltokia Euskal Herrian Euskarazen Nazio Batzarra izango da. Bertan Izan, Egin, Eragin gogoetaren idazkia denon onarpenera aurkeztuko dugu, eta, onartua balitz etorkizuneko EHEren oinarria bertan finkatuko dugu. Era berean, punturen batekin posizio kontrajarriko ekarpenak egongo balira, bozkatuko ditugu.

    Aukera hau baliatuz, Euskal Herrian Euskarazen Nazio Batzarrera dagoeneko gonbidatzen zaitugu. Esan bezala, EHE euskaltzale guztion tresnatzat dugularik, euskaltzale guztiok gaude gonbidatuta bere Nazio Batzarrera. Honakoa duzue hitzordua: NAZIO BATZAR IREKIA, URTARRILAREN 28an, larunbata. Goizeko 10:00etan, Gure Etxea eraikinean (Foruen Plaza) ALTSASU

    Oharra: batzarraren antolaketan laguntzeko eskertuko genizueke zuen asistentzia baieztatzea helbide honetara idatziz: ehe@euskalherrianeuskaraz.org

    Hurrengo geltokia: EUSKARAZ BIZI EGUNA, martxoak 18, Arrasaten. Gogoeta-prozesuaren ondorengo mugarria 2017ko Euskaraz Bizi Eguna izango da. Hain zuzen ere, hurrengo urteetarako EHEren ildo eguneratuaren aurkezpen nazionala bertan egingo dugu. Egun hau ondorengo hilabeteetan luzatuko den sozializazio prozesuaren abiapuntua izango da. Baina ez hori bakarrik, benetan garrantzitsua dena, Euskaraz Bizi Eguna EHEren ildo eguneratuaren aplikaziorako abiapuntua izango da. Aurrerago xehetasun gehiago emango dugun arren, jada aurreratzen dizuegu 2017ko Euskaraz Bizi Eguna martxoaren 18n Arrasaten izango dela.

    Egina duzu beraz gonbidapena! Idazkia irakurri, hausnartu, eztabaidatu, ekarpenak egin… eta Nazio Batzar irekian elkar ikusiko dugu. Are garrantzitsuagoa dena, egunez-egun, herrian, auzoan, ikastetxean, lantokian, euskaltegian, dendan, kalean… Euskal Herri euskalduna eraikitzen elkar aurkituko dugu!!!

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.