• 18
    MAR
    Euskal Herrian Euskaraz indarberriturik, berreuskalduntzean jauzia emateko prest

    Gaur Arrasaten ospatu den Euskaraz Bizi Egunaren barruan Euskal Herrian Euskarazek azken hilabeteetan egin duen gogoetaren ondorioak aurkeztu ditu. Euskaltzalez lepo zegoen aretoan, ekitaldia Kontseiluko Idazkari Nagusi Paul Bilbaoren hitzekin hasi da. Honek EHEren lana goraipatu eta aurrera begira bere ekarpenaren beharra funtsezkoa izango dela nabarmendu du. Ondoren, azken hamarkadetako euskararen normalizazio-prozesuaren errepasoa egin da. Mendetako euskararen atzerakada eten eta gero, euskaltzaleon ekimen anitzei esker azken hamarkadetan bere berreskurapenerako oinarria ezarri dela azaldu dute EHEko kideek. Orain, oinarri hori finkatua egonda, Euskal Herriaren berreuskalduntzera eramango gaituen jauzia emateko une dela aldarrikatu dute. Honakoa gehitu dute EHEko kideek: “euskararen berreskurapenean ibilitako bidea irabazpidean jartzeko unea eta beharra dugu. Beharra du euskarak. Beharra du Euskal Herriak. Eta beharra dugu euskaldunok. Etorkizuna irabazteko jauzia izango da. Euskal Herri euskalduna erdiesteko jauzia.”

    Horrekin batera, EHEren ustez “euskaltzaleon esku dago etorkizunaren nolakotasuna. Ausardiaz jokatzeko unea dugu. Euskal Herri euskaldunari ateak irekiko dizkion proposamen eragingarria osatzeko unea dugu. Horregatik, gaurko egunez, euskaltzale guztiei dei egiten dizuegu denon artean euskaraz biziko den etorkizuna eraikitzera. Zabal dezagun Euskal Herriko bazter guztietara “Etorkizuna euskaraz dator!” aldarria. Herri honek euskaraz bizitzera doala erabaki baitu.”

    Azkenik, EHEko kideek Euskal Herria euskalduna erdiestea bi belaunalditan posible dela baieztatu dute. Neurri egokiak orain aplikatuz gero, posible dela ziurtatu dute. Proposamena irudikatzeko hiru belaunaldi ezberdinetako ordezkariek beraien testigantza eskaini dute eskenatokian. Euskal Herrian Euskarazek euskal jendartea erronka horren inguruan hausnartu eta bere egin dezan gonbidatu du.