• 04
    MAI
    EUSKARABIDEAn itxialdian egon diren EHEko 3 kideen prentsa-oharra

    Iragan abenduaren 14an Vascuencearen legeak babesten duen hizkuntz eskubideen urraketa salatzeko ekimena egin genuen hiru lagunek Nafarroako parlamentuan. Foruzaingoaren salaketaren ondoren Mozal legea aplikatu digute 900 euroko isuna ordainaraziz.

    Atzo, maiatzak 3, Euskarabidearen egoitzan sartu eta Mikel Arregi zuzendariari aldarrikapenaren berri eman eta isun honekiko konponbidea eskatu genion; ulertzen baitugu Euskarabidea, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren garapenerako arduraduna den neurrian, guk jasotako isunaren erantzunkizuna ere baduela; gure hizkuntza eskubideak aldarrikatzeagatik zigorra jaso baitugu.

    Lehenengo hartu-emanen ondoren konponbide argi bat ez zigutela emango ikusita, bertan itxialdia egitea erabaki genuen, berehalako erantzun bat jaso eta gai honekiko konponbidea denboran lausotu ez zedin.

    Gaur goizean Nafar Gobernuko Kontseilari Ana Ollorekin hitzordua adostea lortu ondoren itxialdia bertan behera uztea erabaki dugu, eta berarekin bildu gara 13:30ean. Ana Ollok hurrengo hau aditzera eman digu:

    Batetik, gure isunaren expedientea espainiar gobernu delegaritzaren izenean dagoela eta, beraz, ez duela konponbiderik Nafarroako Gobernuak ez baitu horretan esku-hartzerik. Bestetik, ordea, aipatu digu Nafarroako Gobernua hainbatetan azaldu dela Mozal legearen kontra.

    Adierazpen horien aurrean zera esan nahi dugu:
    ·         Nafar Gobernuak ez du arazorik Mozal legeari bide emateko, baina bai aldiz honek sortzen dituen kalteak bere horretan uzteko.

    ·         Euskaldunok bi aldiz gara kaltetu: euskaldun gisa bizi ezinagatik eta egoera hau salatzeagatik zigortzen gaituztelako.

    Ataka honetan, adierazpen-proposamen bat egin diogu Kontseilariari, Nafarroko Gobernuak eztabaidatu eta bere egin dezan. Honakoa da proposamena bere osotasunean:
    “Abenduaren 14an euskararen normalizazioa helburu ez duen vascuenceren legea salatzeko ekimena egin zuten hiru lagunek. Ofizialtasuna aldarrikatu eta hizkuntza eskubideen zonifikazioa gainditzeko beharra azpimarratu zuten.

    Foruzaingoaren salaketaren ondoren, Mozal legea aplikatuz espainiar gobernuak 300 euroko isunak ezarri zien.

    Honengatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak honako adierazpen-proposamena onartzen du:
    1.       Abenduaren 14an euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz parlamentuan protesta egin zuten hiru pertsonei babesa adierazten diegu, eta hauei jarritako isunak indargabetu ditzan eskatzen diogu espainiar gobernuari.

    2.       Eskubide urraketen ondorioz eman daitezkeen aldarrikapen ekintza desobedienteen aurrean ez dugu Mozal legearen aplikapena ekar lezakeen ekinbiderik aurrera eramango.”

    Arretaz jarraituko dugu proposamen horren garapena.

                    Bien bitartean, euskaraz bizitzea ahalbidetuko duen lege berri baten aldeko lana berretsi nahi dugu. Argi dugu aldaketak eragiteko norbanakoon aktibazioa eta dinamika kolektiboak ezinbestekoak direla. Nor bere txikitasunetik su txikiak pizteko garaia da inoren zain egon gabe.

                    Amaitzeko, adierazi nahi dugu isuna indargabetzea lortu ez badugu ere, ekimena baliagarria izan dela euskararen ofizialtasunaren beharra berriz azpimarratzeko, Vascuenceren legea gainditzeko eztabaida konplexuz eta beldurrez beteta baitago egun, zonifikazioaren amaraunean harrapatuta. Halaber, Mozal legeak edozein mobilizazio-ekimenen aurrean suposatzen duen mehatxua agerian utzi dugu. Badakigu desobedientziak fruituak ematen dituela eta berau praktikatzeko deia egin nahi dugu.

    Eskerrak eman nahi dizkiegu ekimen honi babesa adierazi diguzuen guztiei. Euskaraz bizitzera goaz!

    Ofizialtasunari ateak ireki!
    Mozal legeari ateak itxi!


    Iruñean, 2017ko maiatzaren 4an

    Hiru isunduak
    EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ