• 21
    EKA
    Errotxapeako "Osasun etxeak eta biok euskaraz" herri ekimeneko kideek 1508 sinadura aurkeztu dituzte Nafarroako Gobernuan mediku eta pediatra euskaldunak exijitzen dituzten auzokideen alde. Hona hemen helarazi diguten oharra:
    1508 sinadura aukeztu dituzte Nafarroako Gobernuan

    1.508 sinadura mediku eta pediatra euskaldunak exijitzen dituzten auzokideen alde!

    Gaur, Errotxapeako osasun etxean mediku eta pediatra euskaldunak exijitzen dituzten euskaltzaleei babesa adierazten dieten 1.508 pertsonen sinadurak aurkeztu dizkiogu Nafarroako Gobernuari.

    Errotxapeako osasun etxean ez dago ez mediku eta ez pediatra euskaldunik. Euskaldunon hizkuntza eskubideak ez daude bermatuta eta beraz, ez dago kalitatezko arreta-zerbitzua jasotzerik.

    Orain hamalau hilabete hainbat auzokidek osagile aldaketa eskatu eta mediku eta pediatra euskaldunak exijitzen hasi ginen. Osasunbidearen erantzuna, legez beharturik ez dagoela eta Nafarroako Gobernuari edo parlamentuari dagokiola egin beharreko lege aldaketak egitea izan zen. Osasun kontseilaria eta Euskarabideako zuzendariarekin biltzea lortu genuen gero, hauek ere ez zioten gure aldarrikapenari konponbiderik eman: Baliabide nahikorik ez dutela; mediku eta pediatra euskaldunik ez dagoela; baina batez ere legea, “Vascuencea”ren legea indarrean den bitartean euskaldunon hizkuntza eskubideak ezin dituztela osasun etxean bermatu, auzoa eremu mistoan dagoelako, esan ziguten. Dekretu berri bat onartzera datoz, horrek aldaketak ekarriko ditu administrazioko langileen hizkuntza perfiletan, baina aldaketa horien artean ez dute Errotxapean, mediku eta pediatra euskaldunik aurreikusten -haiek hala baieztatuta-. 

    Hilabete hauetan osasun etxean euskaraz bizitzeko egin dugun hautuaren eta dagozkigun hizkuntza eskubideen defentsan hamaika ekimen eraman ditugu aurrera: Kartelak eta pankartak auzoan paratu; osasun etxea okupatu; auzoko hainbat eragileen atxikimendua jaso; Donostiako medikuntza fakultatean mahai inguru batean parte-hartu; Nafarroako Gobernua sostengatzen duten alderdi politikoekin biltzen saiatu - soilik EH Bilduk artatu gaitu-; Udal batzordean gure aldarrikapena aurkeztu; Osasun etxea inguratu zuen jende-katea antolatu…eta azken hilabeteetan, babes sinadura bilketa.

    Pozik gara auzokideen inplikazioarekin, auzoko eragileen laguntzarekin. Aldiz, Nafarroako Gobernuari dagokionez ezin dugu gauza bera esan. Hitzez arrazoia ematen badigute ere, konpromisorik hartzeko gai ez dira izan eta euskaldunok auzoko osasun etxean bizi dugun menpeko egoera konponbidean jartzeko ahaleginik ez dute erakutsi. Orain egun gutxi jakin dugu gainera, auzoko osasun etxean mediku bat gehiago eta bi erizain berri izango ditugula –horietako bat pediatrian-. Ez Osasunbideak, ez Nafarroako Gobernuak, ez digute honen inguruko informaziorik  helarazi, eta hauek euskaldunak izango diren ala ez, ez digute esan.
    Nafarroako Gobernuari gaur aurkeztu dizkiogun 1.508 sinadurekin, gure hizkuntza eskubideak osasun etxean berma ditzala exijitu nahi diogu, aldarrikatzen ari garena oinarrizko eskubideak dira; eta lortu arte, ez dugu etsiko. Arrazoia ematearekin ez da aski, neurriak hartzeko garaia da, neurri eraginkorrak hartzeko garaia.


    Mediku eta pediatra euskaldunak orain!

              “Osasun etxeak eta biok euskaraz” herri ekimena.

                                          Iruñean, 2017ko ekainaren 21ean.