• 20
    OTS
    Euskal Herrian Euskaraz-ek Usurbilen aurkeztu du Euskal Herrian Euskaraz-en IKUSMIRA izeneko agiria. Euskal Herriaren berreuskalduntzean jauzi egiteko ekarpena izan nahi duen agiria. EHE eraberritu eta garai berrietara egokitzeko garatu duen prozesuaren lehenengo emaitza da agiri hori.
    EUSKAL HERRIAN EUSKARAZEK IKUSMIRA AURKEZTU DU

    1979an EHE aurkeztu zenean sortzaileen artean egon zen Kontxi Errok oroitu duen bezala, sorrera hartan eragilearen oinarri ideologikoa jaso zuen sorrera-agiria publiko egin zuten. Bertan jaso zen ondorengo lau hamarkadetako ibilbidea markatuko zuen EHEren ikuspegi eta proiektua. Bada, aipatu eraberritze-prozesuan EHEko kideek egin duten lehenengo ariketetako bat EHEren oinarri ideologikoa eguneratzea izan da, Euskal Herrian Euskaraz-en IKUSMIRA izeneko agirian jaso diren printzipioak.

    Kontxi Errok oroitu du euskalgintzako eragilea sortzera kezka batek eta amets batek bultzatu zituela. Kezka euskararen egoera larria zen. Euskarak zeraman norabidea guztiz kezkagarria zen eta bide horretan jarraituz gero heriotzara zihoala aurreikusten zuten.

    Aldiz, mehatxuei aurre eginez, Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko eta normaltasunez euskaraz bizitzera iristeko ametsak EHE sortzera gidatu zituen. Une hartatik gaur arte ibilbide luzea izan du euskalgintzako eragileak. Zalantzarik gabe balorazio positiboa duen ibilbidea, Kontxi Erroren hitzetan.

    Sortzaileen lekukoa sinbolikoki hartuz, EHEko kide Ane Aizpuruak baieztatu du asko egin dela hamarkada hauetan, baina nabarmena dela asko geratzen dela oraindik euskara zaurgarritasun egoeratik atera eta euskaldunok normaltasun osoz bizi ahal izateko, Euskal Herri euskaldun batean bizitzeko. Oraindik ere bidea geratzen dela frantziar eta espainiar estatuen inposizio linguizidari aurre egiteko. Hori gutxi ez eta laino beltzak azaltzen ari zaizkigu ortzi-mugan. Euskararentzat mehatxuz betetako abagunea datorkigu.

    Agiri honen berritasun nagusia euskaldunok euskaraz bizitzeko eta euskararen normalizazio osoa erdiesteko, Euskal Herrian Euskaraz-ek Euskal Herriaren independentzia argi eta garbi aldarrikatzen duena da. Ez helburu gisa, baizik eta bitarteko gisa beti ere. EHEk independentziaren beharra aldarrikatzen du euskararen lehentasunezko estatusa eraikitzeko, normalizazio osoa erdiesteko beharrezko den hizkuntza politika burujabea bultzatu ahal izateko, eta, horren emaitza gisa, euskaldunok euskaraz normaltasunez bizitzeko.

    Agiriak oroitzen du EHEren jardueraren helburua Euskal Herri euskalduna dela. Euskaraz biziko den herria. Hori baita euskaldunon hiztun-komunitatearen etorkizuna ziurtatzeko bide bakarra. Horrek erantzuten dio herri honen gogo nagusiari eta horretarako eskubidea du, testuan jaso denez.

    Horrekin batera, euskaldunon hiztun-komunitatea berregituratzeko ezinbestekoa da euskararen erabilera lehentasunezkoa izatea, bai ahozko erabileran bai eremu funtzional eta geografiko guztietan. Horrela ulertzen du EHEk euskararen normalizazioa. Hori lortzeko agirian euskal herritar guztiak euskaldunak izatea ezinbestekoa dela egiaztatzen da, hau da, herritar guztiek euskara ezagutu beharra. Ondorioz, Euskal Herriko biztanleon deskolonizazio beharra aldarrikatzen du EHEk, euskaldun eta burujabe, mendeko hizkuntza-praktika gainditu eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin dezagun. Hori lortzeko, instituzioek berreuskalduntzerako hizkuntza-politika eraginkorra ardura dute EHEren ustez.

    Agirian jasotzen denez, euskal hiztunok pairatzen dugun zapalketa, intersekzionalitatearen ikuspegitik, estatu linguiziden Europaren eta patriarkatu kapitalistaren ondorioa da. Horregatik, EHE solidarioa da nolabaiteko zapalketa jasaten duen norbanako eta kolektibo ororekin. Zapalduon arteko elkartasuna eta aliantzak ezinbestekoak dira pertsona guztien oinarrizko eskubide guztiak bermatuak izan daitezen, parekidetasunean eta elkar-errespetuan oinarritutako harremanak eraikitzeko, baita ama lurrarekiko errespetuan oinarritutakoak ere.

    Bide beretik, hizkuntzen arteko harreman-eredu berri baten alde egiten du EHEk, zeinetan hizkuntza-aniztasuna errespetatua eta zaindua izango den, hizkuntza komuna euskara izanik.

    Horrekin guztiarekin batera, EHEren jardueraren bereizgarri nagusiak desobedientzia eta aktibismoa izango dira aurrerantzean ere. Pairatzen dugun diglosia-egoeran euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena ahaldundu eta ukazio eta bazterkeria guztien gainetik euskaraz bizitzea da.

    Amaitzeko, Ane Aizpuruak dei egin die agiriarekin bat egiten duten euskaltzaleei EHEren Komunitateko partaide izatera, Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesuak beharrezko duen jauzia egiteko EHE indartsua behar dela baieztatuz.

    *IKUSMIRA OSORIK DESKARGATZEKO