|
Patxi Lopez, PSE-EEko Idazkari Nagusia Donostian izan zen atzo lehendakari izatera heltzekotan euskararen alde egingo dituenak jendarteratzeko. Euskararen aldekoa baino, lehendakari izatearen aldekoago zen ekitaldian EHEk beren irakurketa karrikaratzeko beta izan zuen, horretarako Miramar Jauregiren kanpokaldea aukeratu bazuen ere

"EHEko kideek Ofizialtasuna Euskal Herri Osoan, Iruzurrik Ez!!!" lelodun pankartarekin hartu zituzten Lopezen ekitaldira hurbildu zirenak. Zentzu horretan, euskaltzaleek "Euskara Askatasunean" agiriaren aurkezpenarekin Lopez bozka sorta bat eskuratzeko ahaleginetan ari dela salatu zuten. Eragileak gogor kritikatu zuen Lopezen agiria, hori euskararen aurkako beste eraso bat delako, urteetako erasoen ondorioz hizkuntza eskubideak egunero urratzen diren honetan; eta egungo marko eta hizkuntza-politikek ez dutela balio zapalkuntzari aurre egiteko eta Euskal Herri osorako ofizialtasuna ezinbestekoa dela azpimarratu zuen.
Bestalde, Miramar Jauregiaren barruan, Patxi Lopezek bere iruzurra saltzeari ekin zion. Lehendakaritzara helduz gero ez dituela euskaraz egindako jarduera kulturalen diru-laguntzak murriztuko iragarri zuen, betiere, "gazteleraz gauzatzen den euskal kulturari" kalterik egiten ez badio. Hezkuntza arloan, euskara belaunaldi berriei helarazteko ahaleginak egingo omen ditu. Ahaleginak, esan zuen, baina zahaztu zuen bakarra "derrigortu gabe" ahaleginduko zela izan zen.
Neurriak neurri
Ikuspegi abertzaletik aldendutako euskararen defentsa iragarri zuen PSEko buruak Donostian. Beren esanetan, aniztasunean oinarritutako hizkuntza-politika eramango luke aurrera hauteskundeak irabaziz gero. Lopezen esanetan, "hizkuntza bat derrigorrez ikasteak emaitza etsigarriak" izan ditu, baina ez du ezer esan hizkuntza bat derrigorrez ezin ikasteari buruz.
Agiriak dionaren arabera, PSNk, EITBren eraberritzea bideratuko du Ajuriaeneara heltzekotan, bere ustetan anitza eta demokratikoa den zerbitzu publikoa esakintzeko. Bestalde, berriz ere aniztasunean oinarritutako hizkuntza-eredu bat defendatuko du erdaldunak euskararen mundura erakartzeko, ez dakitenak euskara ikastera behartu gabe. Euskararen prestigio demokratikoa berreskuratzearen garrantzia ere azpimarratu zuen Lopezek, baina esaldi horren esanahian sakontzea euskaltzale ororen adimenarentzat gehiegitxo izan daiteke.
|
Euskararen aldekoa? Enekoitz Esnaola 2008-10-06 12:13:54 Irakurri dut PSE-EEren agiria, 'Euskara askatasunez' delakoa. Aipatzen ditu hizkuntza politika "modernoa" egin nahi dutela, "guztiz demokratikoa", "oniritzi, tolerantzia edo hurbiltasun intelektualik azalduko ez duena ETAren eta haren inguruaren oinarri ideologiko eta xede totalitarioekiko", "integratzailea", "bizikidetza librekoa", "sektakeria ideologikorik gabea", "gaztelaniaz bakarrik mintzatzen diren euskal hiritarrak baztertzea ekar lezakeen inposaketazko ezein politikatik urrundua", "hizkuntza errealitatea errespetatuko duena", "hizkuntza politikei ikusmolde diskriminagarriak kentzeko", "euskara ikastea hurbilerraza eta erakargarria izan dadin"... Eta horrekin, dena iradoki du. Hau da, euskararekin egin dena ez dela izan "modernoa" eta hori guztia. Euskararen aldeko agiria egin beharrean, gazteleraren aldekoa egin du nabarmen. Hemen (PSOEren territorioan) inposatua den hizkuntza bakarra, gaztelera da. Euren Konstituzioak 'dixit' (gaztelera jakitera "behartu" egiten gaitu); Hego Euskal Herrian onartu ez zen Konstituzio horrek 'dixit'. Zergatik ez egin beste agiri bat, 'Gaztelera askatasunez'? | Zergatik ez egin...? Zale 2008-10-06 07:19:19 Ulertzekoa da zure iritzia Enekoitz, baina ez eskatu euririk itsasoari. Patxilok ez du halako beste agiririk karrikaratuko, abiapuntutik baita herren beren erretorika. Beren ustez, gaztelerak ez du zapaltzen, euskara ez da zapaldua. Euskara erdaren mailan jarri nahi izateari deitzen dio horrek zanpatzea, erdaldun gajoen eskubideak zapaldu eta beren kontzientziak eta bizi ereduak asimilatzea. Maila berean jartzen gaitu euskaraz bizitzeko eta euskaraz bizitzen ez uzteko eskubiodeak ditugunak, eta hori guztia, euskararentzat inoiz eman ez den bizikidetzaren izenean. |
Komentarioak egiteko izena eman behar duzu. Sartu hemen |