Azken iritziak
Ostirala, 2010(e)ko otsaila(r)en 05-(e)an 17:53etan

Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak (EEHE) elkarretaratzea egin du Nafarroako Hezkuntza delegaritza parean 'Euskara ezagutzea eskubidea delako, eredu euskalduna guztiontzat' lelopean eta matrikulazio garaiaren testuinguruan. 20 minutuz dozena bat euskaltzale batu dituen elkarretaratzea bukatzear zela, EEHE-ak egiten duen egoeraren irakurketa jasotzen duen idatzia erregistratu dute Hezkuntza delegaritzan elkarretaratzetik atera diren kideek, Alberto Catalanen izenean. Hezkuntza departamenduaren jokabidea sinbolizatzen duen zimaur puska bat ere erregistratzen saiatu dira baina zinpeko zaintzaileek ez diete helburua betetzen utzi. Elkarretaratzea bukatzear zela, foruzainek identifikazioa eskatu diete parte hartzaileei, eta euskara ahoan hartu dutenean hasi dira arazoak, mehatxuak eta isunak
Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak Alberto Catalan Nafarroa Garaiko Hezkuntza saileko buruari igorritako idatzia:
Nafarroa Garaiko gobernuko Hezkuntza saileko burua zaren Alberto Catalan jauna:
Egun zuk kudeatzen dituzun eskolek ez dute euskalduntzen. Euskal Herriko herritarrak egunez egun euren hizkuntza eta hezkuntza eskubideen urraketaren begirale dira. Ikerketa ezberdinek datu latzgarriak ekarri dituzte gurera: Euskal Herriko hiru ikasletik bi ez dira euskalduntzen, gure herriko berezko hizkuntza ezagutzeko dugun eskubidea sistematikoki urratuz. Eskubideen zanpaketa hau zuk ordezkatzen duzun Nafar Gobernuak trikimailu ezberdinen bitartez gauzagarria egiten du euskara desagerrarazi nahian. Vascuenceren legea, TIL eredua, Hello! haur eskolak, D ereduaren garapenari oztopoak, unibertsitate erdalduna e.a. luze bat.
Ez dago bitartekorik herritar orok euskara ezagutu dezan. Hori gutxi balitz, gure herrialdea zonalde ezberdinetan duzue zatituta eta horren ondorioz eskubidea ez bermatzeaz gain debekua ezartzen duen lege inposatu bat dago, Vascuenceren legea alegia.
Hezkuntzako lehenengo etapan gauzak ez dira errazak. Etapa hau arautua ez duzuenez, administrazioa ez dago behartuta dauden eskakizun guztiak asetzera. Horren ondorioz egun existitzen diren haur eskola publikoak oso urriak dira. Are urriagoak oraindik euskarazko haur eskolak. Gainera herritarren eskaera argia haur eskola euskaldun eta hezitzaileen aldekoa izan denean zuen hautua gestora pribatu ezberdinek kudeatutako ingelerazko haur eskolen aldekoa izan da. Astakeria galanta!
Lehen eta bigarren hezkuntzan A, G edota TIL ereduekin egiten dugu topo, eredu hauen ondorioz 5 nafarretik bakarra euskalduntzen delarik. Kasu honetan ere azpimarratu beharra dago garapenaren izenean saldu nahi duzuen ingelerazko ereduak D ereduari trabak jartzeko besterik ez dituzuela sortu. Nola da posible bestela D ereduko ikastetxeak ikaslez gainezka eta zaharkituak daudenean TIL ereduko ikastetxe berri berriak eraikitzea?? Horra hor Nafarroako Gobernuaren apustua: “ingelera zein erdara menperatzea” eta euskara alboratzea helburu izango duen eredu bakarra inposatzea.
Baina gauzak are gehiago okertzen dira derrigorrezko hezkuntza bukatzean. Lanbide eskoletan, goi mailako ikasketetan, zein unibertsitatean euskarazko eskaintza hutsaren hurrena da. Kasu hauetan ez dago aukerarik ikasketak gure herriko hizkuntzan gauzatzeko, eta horretaz gain ez da aurreikusten hori bideratuko duen neurririk. Alegia, ez da onartzen ikasketa hauek euskaraz gauzatzea eskubidea denik.
Etxean edo eskolan euskara ikasi gabe geratzen diren milaka herritar horiek guztiak euskalduntzeko arazo larriak daude. Euskaltegiek itotzeko zorian lan egiten dute, ekonomikoki inondik ere ez delako haien lana errekonozitzen. Hala nola, euskara ikasteko nafarrek eskubidea izatea, bakoitzaren lepo heldu da, nafar bakoitzak ahalegin ekonomiko gehitua egin behar duelako euskara ikasi ahal izateko, euskaltegien finantziaketa marko eta kopuru eskasa dela medio. Euskaltegi sarea bera ekimen sozialeko euskaltegiek baino ez dute bermatzen, eta hori ere ikasleen eta irakasleen ahaleginaren lepo izan ohi da.
Baina egoera tamalgarri hau konpontzeko benetako aldaketak dira behar ditugunak eta ez planteatzen dituzuen sasi aldaketa iruzurtiak. Zer da bestela Vascuenceren legearen gaineko moldaketa? Zer da “Euskarabidea”? Zer da unibertsitateko Euskararen Plan Estrategikoa? Azken finean bitarteko hauek guztiak bizi dugun egoera eraldatzea baino aurpegia zuritzeko tresnak ez dituzue besterik, ez baitute inondik inora beharrezkoak diren aldaketa eta neurriak proposatzen.
Euskaldunon hizkuntza eskubideak berma daitezen, Vascuenceren legeak suposatzen duen harresia bota beharra dago, haur eskola euskaldunak behar ditugu, ikasle guztiak euskaldunduko dituen eredu baten beharra dago, unibertsitatea, lanbide eskolak eta goi mailako ikasketak benetan euskaldunduko dituen proposamena behar dugu eta azkenik herritar kaltetuak euskalduntzeko bideak behar ditugu.
Egoera hau guztia gainbegiraturik hezkuntza eta hizkuntza eskubideen zanpaketa nabarmenaren aurrean gaudela esan dezakegu. Aski argi dakigu zein den Nafarroako Gobernuaren zuen hautua. Ozen eta tinko esan behar dizugu ez ditugula zuen iruzurrak sinesten eta indar guztiz aurre egingo diegula. Ez diguzue ziria sartuko! Iruzurrak albo batera utzi eta hizkuntza zein hezkuntza eskubideak berma daitezen bide berriak irekitzea exijitzen dugu.
Honengatik guztiagatik,
“Euskara ezagutzea eskubidea delako, Eredu euskalduna guztiontzat!!!”
Eskolak Euskaldundu Herri Ekimena.




