Astelehena, 2009(e)ko uztaila(r)en 06-(e)an 00:00etan
Sorrera: Euskal Herrian Euskaraz elkartea 1979. urteko azaroaren 4an aurkeztu zen euskal jendartearen aurrera. Durangoko Azoka izan zen lehen agerpena egiteko hautaturiko lekua. 'Euskararik gabe, Euskal Herririk ez' lelopean ekin zion orain arteko 26 urte luzetako bideari. Orduko hartan, osatzen dugun komunitatea eta lurraldea aintzat harturik, helburu argia plazaratu zuen elkarteak: Euskal Herri euskalduna lortzea. Horretarako, izaera erreibindikatzailea eta borrokalaria izango zuela baieztatu zuen.
Urte andana igaro da ordutik eta euskararen egoerak aldaketak izan dituenik ukatu gabe, egituraz egoera oso kaskarrean dago gure hizkuntza, baztertuta eta berezko lurraldean onarpen legalik gabe. Inposaturik dugun marko juridikoak euskararen lurraldea zatikatzen du eta euskarari egoera legal ezberdinak inposatzen dizkio. Era berean, euskaldunoi hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen zaizkigu inongo lurralde bereizketarik gabe, funtsean, bi hizkuntza horien estatuen menpe gaudelako.
Noski, EHEren helburu nagusiak bere horretan dirau: euskaraz biziko den herria, elebakarra, baina herritar eleanitzez osatua egongo dena eraikitzea. Erradikala dela esan dezake batek baino gehiagok, baina bere sortze-egunean azaldu bezala, elebitasuna egoera iragankorra izan behar da eta ez helburua. Hizkuntzen arteko harremana gatazkatsua da, pertsona batek ezin dituelako aldi berean bi hizkuntza hitz egin, jakin ditzake, baina uneoro bat erabiliko du. Kolektibo batetaz ari garenean, egoera berdina da. Hizkuntza bat baino gehiago jakin daitezke, baina bat nagusituko da erabiltzeko garaian. Egungo Euskal Herrian elebitasun sozialaren alde egiten duena, erdararen nagusigoaren eta euskararen menpekotasunaren alde jartzen ari da. Elebitasunaren gezurraren aurrean euskaldunok jasan beharreko zapalkuntza azpimarratu behar dugu: eskolaren bidez erdararen ezarpena, administraziotik baztertua, bizitza sozialean desprestigiatuta...
Gora Euskal Herria euskalduna eta librea!
Gustokoena gisa aukeratu
Bookmark
E-posta hemen
Klikak: 15281


