• 21
    OTS
    Iruņeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak egotea galdegin dute

    Eskola euskaldunaren  aldarrikapena Euskal Herrian barrena hedatzen ari da. Oraingoan Iruñeko guraso talde bat izan da fokua aferaren gainean jarri duena. Izan ere, hirian dauden 13 haur eskoletatik soilik bitan hezi daitezke umeak euskaraz. Biak daude Txantrea auzoan. Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute 60 lagun inguruk Iruñeko udaletxe plazan euskalgintzako kideekin batera, "haur eskolak euskaraz auzo guztietan" lelopean. Azpian duzue gurasoek Berria egunkarira igorritako artikulua.

    Berria egunkarian argitara emandako artikulua:

    Geu ere kontuan hartzekoak gara

    "Iruñean bizi garen hainbat familia gara. Arrosadikoak, Iturramakoak, Arrotxapekoak, Donibanekoak, Mendillorrikoak, Alde Zaharrekoak, Zabalgunekoak, Buztintxurikoak, Mendebaldekoak, Sanduzelaikoak, Etxabakoitzekoak, Txantreakoak... Eta gure auzoan bizimodua egitea maite dugu.

    Edozein hiritako herritarrek bezala zerbitzuak auzoan bertan jasotzen ditugu, nola bestela! Pentsa zer litzatekeen Zabalgunekoak osasun etxera Mendillorrira joan behar izatea edo Buztintxurikoak Donibanera eskolara. Arrotxapearrentzat villavesa hartzeko Iturramara joan behar izatea ezinezko jardun bilakatuko litzateke.

    Pentsaezina da, ulertezina, bai? Bada, gure seme-alabak euskarazko Haur Eskolara eraman nahi baditugu horrela ibili behar dugu; izan ere, Iruñean dauden euskarazko bi Haur Eskolak Txantrean daude eta. Kexu gara Iruñean oraindik orain bidaia ero hauek egitera behartzen gaituelako udalak. Bai, bai, gainera gure txikiak aldean ditugula. «Nolatan?», galdetuko du batek baino gehiagok. Geure auzoan ez dugulako euskarazko Haur Eskolarik, ez zaigulako aukera hori eskaintzen gure auzoetako Haur Eskoletan. Gure txikiak euskaraz hazi eta hezi daitezen nahi dugu, eskubide osoz. Gaur gaurkoz, ordea, Iruñeko Udalak eskaintza hori auzo bakarrean egiten du, Txantrean. Pentsa zer den egunero Iturraman bizita eta Arrosadian lan eginda Txantreara joan behar izatea txikia haur eskolan uztera. Guretzat, gurasoontzat, malabareak egitearen parekoa da, pentsa dezakezuen bezala. Baina, gainera, gure txikiak goizean goiz bidaia horietan mugitu behar izateak ez du izenik, gure etxetik oso gertu haur eskola badagoenean.

    Urte luzez eskatu diogu udalari gure auzoan bertan haur eskola euskaraz eskain dezala, eta entzungor egin dio gure eskaerari. Areago, muzin egin dio sikiera matrikulazio garaian gurasooi zein hizkuntzatan eta zein auzotan matrikulatu nahi ditugun galdetzeari. Izan ere, egungo eskaintzaren gaineko eskaria soilik egin ahal izanik, nekez eskatzen du jendeak Txantreakoa ez bada Txantrean haurra matrikulatzea. Batzuek egiten dugu kosta ahala kosta, baina ez dugu gustuz egiten, ahalegin handiz baizik. Eta erabat ulertzen dugu beste guraso batzuek ez egitea, alegia, horrelako penitentziarik egin nahi ez izatea.

    Kezka handiz bizi dugu udalaren itxikeria. Gure egunerokoa aldrebestea baino gure egunerokoa errazteko erabaki arduratsuak hartzea da haien egitekoa eta haiengandik espero duguna.

    Gure eskaria entzun dezatela nahi dugu, jaso dezatela egun dagoen eskaintzatik harago zer den benetan nahi duguna. Aurtengo matrikulazio kanpainan geure seme-alabak non eta zein hizkuntzatan matrikulatu nahi ditugun jaso dezala eskatzen diogu udalari beste behin, eta noski benetako eskari horren arabera egin dezala auzo bakoitzeko eskaintza. Alegia, herritarroi bizkar emanda baino, herritarroi begira gestionatu dezala hiria. Ez gara ikusezinak, gu ere kontuan hartzekoak gara.

    Gai honen bueltan bi hitzorduren berri eman nahi dugu:

    Arrotxapean, otsailaren 19an, 18:30ean, Carbonillan egonen den batzar irekia eginen da.

    Otsailaren 21ean, 12:00etan, Udaletxe plazan kontzentrazioa eginen dugu, udaleko plenoan dauden bitartean aurtengo matrikulazio kanpainan eskari erreala jaso dezaten eskatzeko."

    Artikulu hau guraso hauek sinatu dute: Amaia Irigoien, Eneko Etxebarria, Patxi Pascual, Ainhoa Artxanko, Eneko Romo, Aiala Lopez, Unai Abanzabalegi, Ana Etxauri, Gemma López Sagaseta, Michel Alvarez Bidegain, Pablo San Roman, Maite Mariñelarena, Amaia Urzelai, Mario Zapata, Idoia Olaiz, Josune Garaikoetxea, Xabier Terreros, Ainhoa Irigibel, Amaia Otsoa, Patxi Villares, Aitziber Zaro, Ainhoa Elkoro, Aitor Gastesi.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.