• 28
    API

    Bidegabekeria horren aurrean euskalgintzak burubelarri dihardu. Gaur, euskaraz ikasi nahi duten guztien nahia helarazi diote Udalari. Iruñeko auzo guztietan euskarazko eskaintza egon dadin nahi dute.

    Iruņeko haur eskoletan euskarazko plaza nahiko luketen 466 haurretatik 306k ez dute aukerarik izango

    Hona hemen Iruñeko euskalgintzaren irakurketa:

    Asier S.S., Iraia O.V., Unai T.C., Dafne R.G., Aretx I.O., Noa G.L., Amets M.C., Amaiur T.J., Mireia J.S., Eunate B.Z., Eider S.M., Xabat E.A., Oier L.Z., Suan A.B., Mikel J.G., Hegoi A.J., Hugo C. … horrela 466 arte. Horiek dira, izen abizenekin, heldu den ikasturtean beraien auzoan euskaraz matrikulatuak izatea nahiko luketen haurrak. Horrela adierazi ziguten beren gurasoek martxoko matrikulazio kanpainan: auzoan euskarazko eskaintza balute euskaraz matrikulatuko lituzkete beren seme-alabak.

    Baina behin eta berriro salatu dugun bezala, Iruñeko Udalak euskaraz 160 plaza baino ez ditu eskaintzen eta guztiak Txantrean dauden bi haur eskoletan, gainerako auzoetako haur eskoletan plaza bakar bat ere ez. Hori da Iruñeko udalak euskarazko eskaria ezkutatzeko, ikustezin bilakatzeko, darabilen trikimailua. Izan ere, jakin badaki, auzo guztietan euskarazko aukera eskainiko balu eskaria hiru halako edo gehiago izango litzatekeela. Hori Udalak jakin badaki, euskalgintzak aurten egin duen gauza bakarra eskari hori agerian uztea da, Udalaren aitzakia merkeak inoiz baino ageriagoan utziz. Bada, aurtengoan ere, Udalak bere estrategia lotsagarriarekin aurrera darrai, euskarazko plaza gutxi eta guztiak auzo bakarrean eskainiz, euskarazko benetako eskaria ezkutuan mantendu nahi du.

    Gero eta gehiago dira beren seme-alabak euskaraz hezteko erabakia hartzen duten Iruñeko eta Iruñerriko gurasoak baina Udalaren trikimailu edota azpikeria honen ondorioz, urtero ehunka guraso nahi hori gauzatu ezinik gelditzen dira. Izan ere, Udalak badaki plaza gutxi eta guztiak auzo berean eskainiz, gauzak asko zailtzen dizkiela gurasoei; asko direla beren seme-alabak egunero-egunero Donibane, Iturrama, Arrosadia edota Etxabakoizetik Txantreara eraman eta ekarriz ibili ezin daitezkeen gurasoak; asko direla lanera joan aurretik bidaia horietan denbora galtzen ibili ezin daitezkeenak, asko direla haur bat auzoko ikastetxean hasia izanik bestea Txantreara eraman eta ekarriz ibili ezin daitezkeenak… Hori guztia Iruñeko udalak badaki, izan ere, tristea eta sinesgaitza izan arren, horrexegatik egiten du. Hori guztia dakielako egiten du hain eskaintza urria euskaraz eta guztia Iruñeko mutur batean, euskarazko benetako eskaria ezkutatzeko, euskarazko benetako eskaria zapuzteko.

    Hori izan da azken urteotako Udalaren mantra, euskarazko eskaria mugatua dela eta horregatik ez duela zabaltzen euskarazko eskaintza. Bada, aurten herri mugimenduak egin duen datu bilketak Udalaren aitzakia hori baino ez dela frogatu du, aitzakia hutsa, funtsik ez duen aitzakia merkea. Izan ere, emaitza argia izan da: guraso guztiengana iristeko aukerarik ez izan arren (datu bilketa soilik Erraldoien Txokora hurbildu ziren gurasoen artean egin zen) auzoan euskarazko aukera izan balute beren seme-alabak euskaraz matrikulatuko zituztela adierazi digute 466 haurren gurasoek. Horien guztien nahi argia jaso dugu, izen abizenekin, eta horien guztien nahia helarazi diogu gaur Iruñeko Udalari, guztien eskariak Udaleko erregistroan aurkeztuz.

    Bestalde, badakigu Udalak berriki haur eskolen matrikulazioari buruzko datuak iragarri dituela. Udalak dio 1.087 plazetatik 514 plaza aurreko urteko umeekin bete direla eta aurten 573 plaza berri atera dituela, hala nola plaza berri horietarako izena eman dutenak 827 izan direla. Bada, datu horiek kontuan hartuz eta herri mugimenduak egindako datu bilketako emaitzak eskuan, esan dezakegu izena eman dutenen %56ak euskarazko haur eskola nahi duela, alegia, erdiak baino gehiagok beren auzoan euskarazko aukera izan balute beren seme-alabak euskaraz matrikulatuko lituzkeela.

    Herri mugimenduak argi eta garbi frogatu du Udalak esaten dituen horiek (euskarazko eskaria mugatua dela, euskarazko eskariaren %82 asetzen dela..) milongak besterik ez direla, aitzakia merkeak, egia ezkutatzeko trikimailuak.

    Beste behin, Udalak ez du benetako eskaria zenbatekoa eta nolakoa den jakiteko bitartekorik jarri. Herri mugimenduak frogatu bezala, informazio hori biltzea benetan erraza den arren, ez du egin nahi izan. Aurreinskripzio orrietan bi galdera egitea bezain erraza: “Zein auzotako haur eskolan matrikulatu nahi duzu zure seme-alaba?” eta “Zein hizkuntzatan?”. Udal batzak birritan agindu dio Udal gobernuari aurreinskripzio orrietan informazio hori bil dezala baina Udal gobernuak berearekin darrai, jakin badakielako, hori eginez gero, urtez urte ezkutatu duen errealitatea agerian geldituko dela, alegia, eskariaren erdia baino gehiago euskarazko eskaria dela.

    Bada, gaurkoan Iruñeko Euskalgintzak errealitate hau mahai gainean jarriko dio Udal gobernuari: izen abizenekin, 466 haurren eskariak banan bana aurkeztu ditugu Udal erregistroan. Era berean, jada arloko arduraduna den Fermin Alonso zinegotziarekin bilera eskatu dugu eta Udalean gaiari buruzko lan-saioa egiteko eskaria egin dugu. Gure helburua argia da: 2015-2016 ikasturtean euskarazko eskaintza Iruñeko auzo guztietan.

    Iruñean 2014ko apirilaren 28an.

     

    (http://haureskolakeuskaraz.wordpress.com/-tik hartua)

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.