• 06
    URR

    Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia egin zen atzo Orion, herri ikastola bultzatzeko asmoz. Antolatzaileek nabarmendu zutenez, "aurreikuspen guztiak bete dira".

    Milaka lagun batu ziren atzo eskola euskaldunaren aldeko jaialdira
    Andoni Canellada / Argazki Press

    Gainezka egon zen atzo Orio, Kilometroetan. Egun osoko egitaraua zuten prest, eta euria geratu ahala, jende gehiago biltzen joan zen. Oriotik Usurbilera joan da Kilometroen lekukoa.

    Zinta moztuta eta txikota askatuta ekin zioten jaiari. Antonio Campos Orioko Herri Ikastolako lehen lehendakariak eta Josu Erguin Kilometroak jaiaren sortzaileak moztu zuten zinta. Antolatzaileek nabarmendu zuten Kilometroak ez direla euskararen jaia, "gehiago" baizik: "Hau euskaraz bizitzeko modu baten, hezkuntza eredu baten, ikastolaren jaia da".

    Egun osoan zehar hainbat ekimen egin zituzten. Zinez ederra izan zen Ikastolen arteko erronka. Anoetako herri ikastola izan zen garaile, eta 2.000 euroko saria irabazi zuen. Hogei ikastola lehiatu ziren, 200 bat ikasle.

    Orioko ikastolako eraikinetako bat ordaintzeko erabiliko dute zati bat, baina ez guztia, diru dena ez baitute "adreiluan" jarri nahi. "Hezkuntzan inbertitzeko" ere bildu nahi izan zuten dirua atzoko jaiaren bidez, Gemma Etxabe Orioko Herri Ikastolako lehendakariak azaldu zuenez.

    Erria txikota leloa hautatu zuten festarako. Arrantzarekin lotutako esamoldea da, ontzia lotzen duen txikota askatzekoa. Keinu egin diote Orioren arrantzale izaerari. Metafora gisa ere baliatu dute: batetik, txikota askatzeko gai diren ikasleak hezi nahi dituztela eta ikastolek izan dutela arrantzaleek txikota askatua izan behar duten ausardia; bestetik, elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute, ontziaren txikota lehorrean dagoen norbaitek askatu behar baitu, ontzian daudenek ezin eta.

    Horrat, bada, eskola eta herri euskalduna eraikitzeko osagaiak: ausardia eta elkarlana.

    EHEk ekimena

    Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak ekimen parte hartzailea egin zuen. Argazkiz argazki, gometsez gomets, eskola euskalduna irudikatu eta aldarrikatu zuten parte hartzaileek.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.