• 17
    EKA

    Apirilaren 5ean Bilboko udaletxe parean aurkeztu kanpainari segida emanez Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak mobilizazioak deitu ditu gaurko, hezkuntza arloko lanpostu berriak sortzeko oposaketak izan baitira.

     

     

    Jaurlaritzako Hezkuntza sailak deitutakoak BECen egin dira, eta Nafarroakoak deiturikoak aldiz, Iruņeko La Granja ikastetxean, besteren artean. Oraingoan ere, Lan Deialdi Publikoetan esleitutako lanpostuetan ez dituzte euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren gutxiengoak eskatu, eta hortaz, irakasle erdaldun berriak sortzen jarraituko dute aurrerantzean ere. Horren aurrean EEHEa osatzen duten eragileetako kideek oposaketak egiten ari ziren tokietan pankartak jarri eta eskuorriak banatu dituzte. Hedabideei igorritako ohar bidez, herri ekimenak 26ko manifestazioarekin bat egiten duela iragarri du.

    Eranskinak:

                          - EEHEren oharra:

     

    INPOSAKETARIK  EZ!

    Hezkuntzako langile guztiak euskaldunak orain!

    eredu euskalduna guztiontzat

     

    Gaur, Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak deituta BECen eta Iruņeko La Granja ikastetxean elkartu gara, hezkuntzan euskararen aurka hartzen ari diren neurri berrien aurrean erantzun beharra dagoelako. Gaurkoan, erasoaldi orokorra salatzeaz gain, bereziki, irakasleen gaiak ekarri gaitu hona, oraindik orain irakasle erdaldun andana dagoelako eskolak ematen eta Lan Eskaintza Publiko berrietan euskaraz ez dakiten irakasleentzat lan postuak gordetzen direlako.

    Euskararen aurkako erasoak oso larriak dira

    Baiezta dezakegu, hamarkadatan euskara bere aurka egin den erasorik bortitzena pairatzen ari dela, gure hizkuntzaren berreskurapena oztopatu eta ezinezko egin nahi dute Espainia eta Frantziako Gobernuek indarrean diren eta aplikatu nahi dituzten politika berriekin. Euskara kaltetzeko asmatu zituzten hizkuntza ereduak, baina gero eta guraso gehiagok D eredua aukeratzen duela ikusita, ereduak bertan behera utzi eta eredu berriak asmatu dituzte, lehenbailehen hezkuntza sisteman aplikatzeko.

    Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako eredu berriek antzekotasun handia dute eta hezkuntzako erreforma oso baten baitan ( hizkuntza, curriculuma, baloreak) kokatzen dira. Hezkuntzako eragileen gehiengoak esan bezala, uniformizazio linguistiko eta kulturala du helburu erreformak eta aurrera egiten badu euskalduntzea larriki oztopatuko du. Argitasun osoz esan nahi dugu, D eredua desagertu eta berau TILarekin zein hiru eleko ereduarekin ordezkatzeko operazioa dagoela martxan.

    Zer ari da gertatzen irakasleekin?

    Ikasleen eskubidea da euskara ezagutzea eta eskolan ezagutza hori transmititzeko daude irakasleak. Nola irakatsiko die euskaraz ikasleei irakasle erdaldun elebakar batek? Hori da egun hezkuntza sisteman dugun egoera, euskaraz ez dakiten makina bat irakasle eta hezkuntzako langile daudela. Gainera, gaurkoak bezalako lan eskaintza publikoetan irakasle erdaldunentzako lan postuak eta perfil egoki gabeko plazak eskaintzen dituzte. 

    Gainera, EAEko hezkuntza sisteman irakasleen formakuntzako ikastaroetan euskara eta euskal kulturako ikastaroak murrizketa nabarmenak izaten ari dira eta formakuntzarik gabe ez dago kalitatezko euskal hezkuntza ematerik. Are eta gehiago, aste hauetan ezagutu dugunean irakasleen plantiletan murrizketak egongo direla. Beraz, formakuntza gutxiago + irakasle gutxiago = hezkuntzaren kalitate eskasagoa eta emaitza okerragoak.

     

    Gure proposamena: eredu euskalduna guztiontzat

    Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenean biltzen garen herritar eta eragileok, ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen hezkuntzaren alde egiten dugu. Horretarako badugu alternatiba: Kontseiluaren “Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko markoa”. Euskal Herriko ikasleek euskara ezagutzeko eskubidea dute eta horretarako bide bakarra  D ereduan bezala ,murgiltze ereduan ikastea da. Gainera alternatiba honek hezkuntzako eragile eta sindikatuen gehiengoaren babesa du.

    Ikasle guztiak euskalduntzeko Hezkuntza Sistema propioa eta burujabea behar dugu, era berean, eskolatik kanpo ere euskararen ofizialtasuna eta euskara lehenetsiko duen hizkuntza politika eraginkorra beharrezkoak dira. Inposaketak inposaketa, ikastetxez ikastetxe euskaldunduko duen ereduaren alde lan asko egin daiteke, euskalduntzea bermatzen duten hizkuntza proiektuak eginez adibidez, Kontseiluaren proposamena horretarako tresna paregabea da.

     
    Mobilizatzeko garaia da

    Gaurko elkarretaratzeak erabili nahi ditugu, ekainaren 11n Donostian kultura eta hezkuntzako hainbat norbanakok egindako agerraldia txalotu eta ekainaren 26rako  manifestazio deialdiari gure atxikimendua emateko.

    Euskara hezkuntzan bizitzen ari den eraso larriei erantzuteko garaia da, ekainaren 26an Denok Donostiara!

     

    Euskal Herrian 2010eko ekainaren 19an

    Eskolak Euskaldundu Herri Ekimena