• 05
    OTS
    Seme-alabak euskalduntzeko eta euskaraz bizitzeko nahia bermatuko duen hezkuntza sistema behar dugu
    Garbiņe Petriati

    GARBIÑE PETRIATI. Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria

    "Gurasoek euren seme-alaben hezkuntza, kultura eta aberastasuna bermatzeko ahalegina egiten duten bitartean, administrazio ezberdinek ez dute eskubide hori bermatuko duen hezkuntza-ereduarekin asmatu"

    Txikiak hezteko ilusioa, maitasuna eta ardura dira guraso guztiek konpartitzen duten abiapuntua umea jaiotzen den unetik. Horrela, gurasoentzako oso garrantzitsua da haurra eskolan lehen aldiz matrikulatzeko erabakia. Etorkizunari begira, euren seme-alabei eragingo dien erabaki inportantea baita aita-amek hartu behar dutena.

    “Guraso guztiek bezala, nik ere hoberena nahi dut nire seme-alabentzat”. “Nire semeak euskaraz ikastea nahi nuen, hori garbi neukan, baina ezin izan dut nire herrian euskaraz eskolatu. Eta hiru urterekin nire semea beste herri batera joateko taxi batean sartu nuenean sentitu nuen bihotzondokoa…”, “Umeak fardo baten moduan kotxean atzera eta aurrera, gastuak, kezka… Nafarroan bertan 14 kilometrotara dagoen herriko umeei legeak aitortu egiten die eskubide hori…”

    Horrelaxe adierazten dute euren amorrua  Argik eta Lurdesek, Mendigorria eta Artaxoako gurasoak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak pasa den urteko abenduan aurkeztutako Maite ditugulako dokumentalean. Nafarroan seme-alabak euskaraz ikasteko eskubidea ez die  legeak bermatzen eta,  ondorioz, diskriminaturik eta umiliaturik sentitzen dira etxean arrotz tratatzen dituztelako. 

    “Iparraldean ere badago arazo hori eta gure autobus bidaiez oroitu naiz. Agian Vascuencearen legea ez baina zailtasunak badira eta.  Horien artean Bernat Etxepare lizeoan ikasteko (iparraldean batxilergoa euskaraz egiteko toki bakarra) batzuek aste osoa pasa beharra etxetik kanpo…”

    Hala mintzatzen zen dokumentala ikusi eta gero Argi eta Lurdesi animoak eman eta elkartasuna helarazteko idatzi zion Ipar Euskal Herriko guraso batek.

    Mugaren alde bateko zein besteko guraso hauek euren seme-alaben etorkizuna euskaraz izatea nahi dute eta euskaraz bizi ahal izateko ezinbestekoa den urratsa ahalbidetuko dien pausua eman dute: hizkuntza ezagutzea.
    Baina, seme-alabekiko maitasunez, haien hobe beharrean eta eskubide osoz hartutako erabakiak oztopo larri bat aurkituko du: euskaraz ikasteko eskubidea  bermatu beharko lukeen administrazioa da euskara ikasteko eskubidea ukatu eta urratzen diena.

    Euskal Autonomia Erkidegoan, herritarrei hizkuntza ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea aitortu egiten bazaie ere, Derrigorrezko Hezkuntza amaitutakoan bi hizkuntza ofizialak ezagutuko dituztela ezarrita badago ere, gazteek ez dute behar adinako euskara mailarik lortzen. Ez da berma segurua izan eta eskolan lortzen duten euskara maila ez da aski. 
    Gurasoek euren seme-alaben hezkuntza, kultura eta aberastasuna bermatzeko ahalegina egiten duten bitartean, administrazio ezberdinek ez dute eskubide hori bermatuko duen hezkuntza-ereduarekin asmatu.  Ondorioz, gazte horiek duten euskara jakin eta erabiltzeko eskubidea ez da bermatzen  eta, hedapenez, euskaraz bizi nahi dugun euskaldunona ere ez.

    Oinarri-oinarrizko giza-eskubideak dira hizkuntza-eskubideak. Hizkuntza-eskubideak bermatzen ez dituen administrazioak herritarren giza-eskubideak urratzen ditu. Haurrak, gazteak, etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko politikak ez badu emaitzarik ematen,  ezinbestean beste politika berri bat egin  behar da. 
     

    Iruzkinak

    • JJ (2013-02-05 15:27:37)
      Azken pasartearekin oinarrian ados egonda ere, uste dut ezin direla nahastu Iparraldeko, Nafarroako eta EAEko egoerak. Bestalde, gurasoek ahalegin "bat" egiten dute, ez "ahalegina", edo ez denek behintzat. Batzuek erosotasunagatik, beste batzuek badaezpada, eta beste batzuek ikastetxeak euskaldun ditzan eramaten dituzte haurrak ikastolara edo D eredura. Zenbat dira haurrak euskalduntzeko ahaleginean benetan inplikatzen direnak? Administrazio publikoei exijitu behar zaie egiten dutena baino askoz gehiago egin dezaten, baina ez administrazioek ez eskolak ere, ezin dute ordezkatu gurasoen rola. Haurrak euskaldunak iazngo dira gurasoek eurek egiten ahalegina eta apustua. Bestela, nekez.

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.