• 26
    MAR
    Urepeletik Bilbora, euskara lokarri
    Eneko Bidegain

    "Urepeletik Bilbora, herri bat garela erakusten du Korrikak, eta hizkuntza batek elkartzen gaituela denak. Ekitaldi sinbolikoaren gainetik, kultura, politika, ekonomia eta gizarteko alor guztietan, Paue, Bordele, Paris edo Madrilera begiratu beharrean, soa aldatuko bagenu, euskaldunago izango ginateke"

    Korrika Bilbora helduko den egunean argituko da zeinek irabaziko dituen hauteskundeak Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetan. Lehiakide batzuek lekukoa hartu zuten Korrika beren herritik pasatu zenean: kontraesanaren beldurrik ez zuketen, haien hauteskunde propaganda frantses hutsez baitzen. Zorionez, hautagai horiek ez bezala, Urepelen bildu ziren milaka pertsonek eta ibilibide osoan zehar dabiltzan gehienek euskara bihotzean daramate, eta darabilte.

    Euskara zen martxoaren 19ko komunikazio hizkuntza Urepelera joan zirenen eta hango herritarren artean, naturaltasun osoz, Urepeleko eguneroko hizkuntza euskara baita. Horrek garbi islatu zuen hango Adur euskara elkarteko kideek diotena: ibarraren garapen ekonomiko eta kulturala ezin dira pentsatu euskarari buruzko gogoeta kolektiborik gabe. Gogoeta horrek balio beza Urepeletik harago ere.

    Zorigaitzez, Urepelen aldarrikatu zenaren kontrakoa ikusten da merkatuetan. «Hemen dago ama bat bere haurrek hila», zioen Xalbadorrek, eta gaur ere gauza bera erran lezake. Laborariek hainbat produktu saltzen dituzte, kalitate onekoak, maiz Idoki izendapenarekin... Euskaltzaleak dira, abertzaleak, baina beren produktuen etiketa anitzetan ez dago euskarazko hitzik, izenaz aparte. Osagaiak eta abar, frantsesez. Nola nahi dugu Frantziak euskarari ezagupena aitor diezaion, euskaldunek berek baztertzen badute?

    Horrez gain, hizkuntza gutxietsiz, daukaten herri ikuspegia bera aitortzen dute. Frantsesez etiketatzen badute, Frantzian eta Iparraldeko erdaldunetan bakarrik ikusten dute merkatua ekoizle horiek. Euskal Herri gisa pentsatzen duenak laster ulertzen du Pirinioen eta Bidasoaren bestaldean badagoela merkatu bat, eta merkatu hartara heltzekotan, ez daitezkeela frantsesez aritu. Euskarari uko egitea da Euskal Herria ez ikustea bere osotasunean, ez jokatzea herri gisa eta Frantziarekiko menpekotasunari indar gehiago ematea. Euskal Herria izango balitz erreferentzia, euskara anitzez gehiago erabiliko litzateke. Horrela indartuko lirateke bai hizkuntza, bai herria.

    Frantziak eta Espainiak, estatu izanik, mendeetan zehar egindako lanarekin lortu dute euskaldunak estatu horietara lotzea. Urepeletik ehunka lagun joan ziren azken mendean zehar eta lehenago ere, bertan ez zegoelako lanik. Milaka euskaldun joan ziren atzerrira lanera, anitz «Ameriketara», eta beste anitz «Parisera». Oso adierazgarria: leku bat izendatzeko kontinentearen izena, bestearentzat hiriarena (zergatik ez, «Frantziara»?). Eta Baztandik zetozenak «Espainiatik» heldu ziren.

    Estatua izan da norabidea markatu duena, eta norabidea markatzen segitzen duena. Errazago doa jendea estatu horretako beste hiri batera, beste estatu baten menpeko euskal hiri batera baino. Hain segur, Euskal Herria estatu izan balitz, Urepeletik Los Angelesera edo Parisera joan beharrean, ehunka lagun horiek Bilbora, Iruñera edo Donostiara joanen ziren. Euskal Herrian geldituko ziren. Eta euskara izanen zen lokarria.

    Joera ez da aldatu. Gaur egun ere, gazteak trumilka doaz Frantziara ikastera, eta asko han gelditzen dira lanean. Bordelera joatea, Donostiara joatea baino naturalago zaio jendeari. Eta Hego Euskal Herrian ikasteko borondatea duenak, traba administratibo gaitzak jasan behar ditu.

    Urepeletik Bilbora, herri bat garela erakusten du Korrikak, eta hizkuntza batek elkartzen gaituela denak. Ekitaldi sinbolikoaren gainetik, kultura, politika, ekonomia eta gizarteko alor guztietan, Paue, Bordele, Paris edo Madrilera begiratu beharrean, soa aldatuko bagenu, euskaldunago izango ginateke.

     

    Eneko Bidegain, irakaslea

    (berria.eus-etik hartutako artikulua)

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.