• 15
    URR
    Murrizketen atzean, estrategia espaņolizatzailea
    Aitziber Mtz. de Lagos

    AITZIBER MARTINEZ DE LAGOS. Sortzen-Ikasbatuazeko koordinatzaile orokorra

    "Murrizketen zurrunbiloan sartuak eta saturatuak gaudelarik, oharkabean pasatzen zaigu espainiar gobernuak esku artean duen hezkuntza dekretu berria, zeinak helburu argiak dituen: estatuaren  hezkuntzaren zentralizazioa eta ikasleriaren homogeneizazioa"

    Murrizketen zurrunbiloan sarturik gauden garai hauetan, hezkuntzak eztabaida publikoan lehentasunezko lekua hartu du. Baina askotan murrizketa eta neurri ezberdinen inguruko zurrunbiloan sartzen gara, eta ahaztu egiten zaigu hezkuntzak duen benetako arazoaren sustraiei so egitea, eztabaida guztiz desbideratzen delarik. Boterean daudenek, zein egungo hezkuntza eredua mantentzea helburu dutenek, eguneroko jardunean oztopoak eta trabak jartzen dituzte, zalantzarik gabe asmo horrekin, eztabaida guztiz desbideratzea eta benetako arazoaren muinera gu ez heltzea.  Gainera, tantaka-tantaka, krisiaren aitzakian murrizketen ezarpena “saihestezina” bailitzan barneratzera bultzatua izan da euskal jendartea: eskola orduen igoera, ratioen igoera, derrigorrezko hezkuntzan emandako urte aldaketak, unibertsitate tasen igoera, euskararen irakaskuntzaren murrizketa, jantokien afera...

    Baina are okerrago, ugariak diren neurriak ez ditugu hezkuntza erreforma integral baten barruan kokatzen. Zurrunbilo horretan sartuak eta saturatuak gaudelarik, oharkabean pasatzen zaigu espainiar gobernuak esku artean duen hezkuntza dekretu berria, zeinak helburu argiak dituen: estatuaren  hezkuntzaren zentralizazioa eta ikasleriaren homogeneizazioa. Neurri, lege eta dekretu ezberdinen bidez gure herriko berezko izaera suntsitu eta espainolizazio prozesua burura eramateko apustu sendoa egin dute. Adibide garbiena espainiar gobernuak onartu berri duen Hezkuntza Dekretua. “Zelako hezkuntza, halako herria” esaldiak, beraz, oso ongi islatzen du estatuek hezkuntza arloan egiten dituzten mugimenduak.

    Langabezi tasa itogarriak zein famili askok bizi duten egoera larriek agerian uzten dute sistema kapitalistak aurkitu dituen topeak eta honek ekarritako krisiaren zama ez dutela honen erantzuleak izan direnek jasateko asmorik. Krisiaren aitzakiaz baliatuz aberatsak aberatsagoak izatea lortu nahi dute, baliabide gutxien dituztenen bizi baldintzak okertzen diren bitartean. Horrela jendeak egunerokoari aurre egin beharrean murgilduta, ez du burua bestelako egitasmoetan izango. Hezkuntza komunitateko ze kide  jarriko da  Euskal  Hezkuntza Sistema Propioa eta honek barnebiltzen dituen eskubideen aldeko proiektuak aplikatzera ezarritako neurrien zurrunbiloan itota badabil?  Zeinek ikusiko du TIL edo eredu hirueledunak atzetik duen helburua eskolan euskara 3. mailako hizkuntza bihurtzea dela? Eta irakasle postuak kenduz doazela ingelesekoak bultzatzen dituzten bitartean? Boterean daudenek oso argi dute sortutako jendarte indibidualista honen joera orokorra norbere-kaxa aurrera egitea dela.  Indibidualismoa indartuz, jarrera kolektibo eraikitzaileak ekidinez.

    Tantaka-tantaka ezartzen ari diren neurri hauen aurrean erantzukizunez jokatu behar dugu. Egoera honi elkartasunez eta denon elkarlan eta parte hartzearekin egin beharko diogu aurre; apurrekin ezin garelako konformatu, gure eskubideak bermatuko dituen Euskal  Hezkuntza Sistema Propio bat baita behar duguna. Euskal Herritik Euskal Herriarentzat sortua.

    Premia larria dugu. Murrizketa eta sasi-proiektu adoktrinatzaileen aurrean (Bizikidetza Demokratikorako Plana, euskarari kalte egiten dion eredu hiru-eleduna,  curriculum dekretua...), eta egoera berrietara egokitzeko, herri honen Hezkuntza Sistemaren birdefinizio oso bat abian jarri beharra dago. Hezkuntza herritarren beharretara egokitzea xede izango duen herri gisako hausnarketa. Horretarako, oinarrizko ideia batetik abiatu beharko ginateke: hezkuntza eskubide unibertsala da, eta nazioarteko itun ezberdinetan jasotzen den bezala, herri bakoitzak bere hezkuntza eredua izateko eskubidea du.

    Eta erronka honi erantzuteko, hezkuntza mugimendua Hezkuntza Sistema Propio baten alde artikulatu behar da. Eragile eta herritarrez osatutako uholdeak proiektu ezberdinak sortu eta aplikaziora eraman behar ditu.

    Ondorioz, murrizketei erantzuteko mobilizazioetan edota iraileko greba orokorrean bezalakoetan parte hartu behar dugu. Baina, murrizketen erantzunetik abiatuz, atzean dakartena azalaraziz eta gure herriak behar duen proiektua eraikitzera jauzi eginez. Hori baita erasoentzako erantzunik eraginkorrena. Gaurdanik, herriz herri, Hezkuntza Sistema Propioan oinarrituko den Euskal Eskola Publiko Berria eraikiz. 

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.