• 29
    URR
    Euskaldunon hauteskundeen zain
    Roberto Manjon Lozoya

    ROBERTO MANJON LOZOYA. Hizkuntza normalizatzeko teknikaria

    "Euskaldunok ez dugu eskubiderik, hain zuzen gizartean bizi garelako, ez herrian. Gure eskubide apurrak, gizartean dauden besteek mugaturik daude, eta haien boterearen mendean"

    Hauteskundeak egin berri dira, eta oso garrantzitsuak izan omen dira Euskal Herriarentzat. “Euskal Herri” hori letra xehez idatziz gero, ez nago hain ziur zinez hain munta handikoak izan ote diren. Izan ere, hauteskundeetan ez du parte hartzen euskal alderdi batek ere, zeren euskal herriak ez baitu oraindik lortu bere adierazpen politikorik, flandriarrek eta quebectarrek ez bezala. Jakina, hauteskundeetan parte hartzen dutenen artean sentikortasun desberdinak daude euskaldunenganako, anaikorragoak edo lakarragoak, eta orobat, euskaldunek proportzio desberdinetan hartzen dute parte alderdi horietan, eragin handiagoa edo txikiagoa dutela. Esan nahi baitut alderdi guztiak ez direla berdinak, baina, era berean, zentzu estuan, ez direla euskal alderdiak.

    Honekin ez dut berririk esaten. Hala, hauteskundeen kanpainan J.M.Odriozolak argiro heldu dio gaiari, esanez ezen alderdiek gehiengo eskuratu nahirik gehiengoari begiratzen diotenez, gehiengo zaletasun horrek alboraturik uzten duela gutxiengoa, hots, euskaldunak. Ildo bertsutik egin ditu adierazpenak EHEk: alderdi guztien objektua (euzko) herritarra da, hots, liberalismoak sortutako abstrakzio haragi gabe hori, ez euskalduna. Beraz, alderdi guztien eskaintzak eta asmoak herritarrari begira dira sortuak. Horrela, alderdi abertzaleek, EH Bilduk kasu, aldarrikatzen duten aldaketaren subjektua (euzko) herritarra da, ez euskalduna. Beraz, ez da harritzeko modukoa abertzaleek inoiz ez argitzea subjektua ez den batek, alegia, euskaldunak, zein estrategiaren arabera lortuko duen Euskal Herria berreuskalduntzea. Noski, estrategiarik badute, lausoa da oso, baina, argiro adierazi gabe, estrategia ustezko horren aztarna bat behin eta berriz ari dira plazaratzen ezker abertzalearen eledun zaharrek nahiz berriek: xedea, herritar guztiok geure tokia, toki atsegina, izango dugun Euskal Herria lortzea da, eta, taktika, adostasun zabala bilatzea. Programa demokratiko homologagarri bat.

    Korapilo, nahaspila eta tapiz lausogarri horren ondorioak begi-bistan daude: euskaldunak —euskalduntasuna— ez dira inoiz izan hauteskunde batzuetan alderdi bakar baten ere ardatza, are gehiago, ez gara inoiz egon gai nagusien artean. Eta gaien hierarkia hori bat dator euskaldunok gizartean, botere-lehian dugun toki apalarekin.  Begira bestela Laura Mintegiren kasuan. Eskatu ahal zaio EH Bilduko zerrendaburuari, irakasle funtzionario den bati, hizkuntza-gatazkari buruz ezagutza zoliagorik? Bai esan nuke, baina ez dirudi ezagutza hori duenik. Adibidez, Laurari Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako hizkuntza-neurriez galdetu ziotenean hauxe erantzun zuen: Espainian funtzio publikoan jarduteko gaztelania ezagutzea nahitaezkoa den hein berean eska daiteke euskararen ezagutza Gipuzkoan. Erantzun polita dirudi, baina ez da hainbesterako. Zergatik? Badirudielako Laurak ez dakiela ordenamendu juridikoak EAEn ere eskatzen duela funtzionario orok gaztelania derrigorrez jakitea. Osakidetzako enplegu eskaintzetan argiro jasotzen da eskakizun hori, halako moduan non munduko mendikorik onena bazara ere, eta demagun, Behe Nafarroakoa, ezin baituzu Osakidetzan lan egin gaztelania jakin gabe (azterketa bereziak aurreikusten dira ezagutza hori frogatzeko). Hortaz, eskas samar dabiltza zerrendaburuak euskararen egoera juridikoari dagokionez.

    Horiek guztiak hizpide, ideia batzuk azpimarratu nahi ditut: euskaldunon konponbidea ez dago demokrazian, are gutxiago sistema horren aparatu ideologikoan, non abstrakzio unibertsalistak agintzen duen; gehiengo etnikoak  —unibertsal bihurtzen ari denak— agintzen duen sistema bat ez da samurra gutxiengo etniko batentzat, nahiz eta gutxiengoa halako moduan errespetatu. Soberaniaren kontzeptua, herritar abstraktuari baitagokio, beti izango da herri txikiaren etsaia. Izan ere, anglosaxoiek, oro har, desberdintasun etnikoa frantses kulturazko eremuetan baino gehiago errespetatzen badute, arrazoia da haien artean Erdi Aroko organizismoak pixka bat gehiago iraun duela, eta iraupen horrek herritarren soberania-kontzeptuaren inpaktua biguntzen duela: Gure eskubideak ez datoz subirano batengandik, hala nola errege absolutu edo estatuaren boteretik (erregearen ordezko historikoa), baizik eta gure  izaeratik bertatik, alegia, herria zarelako dituzu eskubideak, eta zureak dira, berezkoak, ez inork emanak edo aitortuak. Ideia horiek ezin dira modernitateko ideiekin bateratu, ez dira demokratikoak (mediebalak bai apika).

    Demokrazia, subiranotasuna, herritartasuna, gizabanakoa, eskubideak, gizartea, gehiagoaren gobernua… horiek guztiek, bizkor edo astiro, herrien hondamendira daroate, funtsean herriaren berezko existentziaren aurkakoak baitira, herriaren kontzeptuaren arerio. Horretan UPyD da koherenteena (horregatik du, azpitik, bere indar politiko zuzena baino eragin handiagoa). Euskaldunok ez dugu eskubiderik, hain zuzen gizartean bizi garelako, ez herrian. Gure eskubide apurrak, gizartean dauden besteek mugaturik daude, eta haien boterearen mendean. Legea premiaren umea da, botere-erlazio baten umea, eta beraz, gehiago makurtzen da agintzen duenaren interesetara. Gure arazoa da gizartea (demokrazia, subiranotasuna, gizabanako herritarra, kapitalismoa…) eratuz joan den hein berean boterea galtzen, eta beraz, gure indar zentripetoak (kohesioa) ahultzen joan garela, barrutik, herri gisa desegiten (ekonomian, kulturan, erakundeetan, kulturan, hizkuntzan, eta armadan), eta kanpotik lurraldea galtzen. Estatu modernoak azpiratu gaitu, eta sistema sozio-ekonomiko modernoak, hasiera-hasieratik globalizazio-prozesu baterantz bideratu den kapitalismo horrek hain zuzen. Lehenengo eta behin estatu (nazional) etniko baten mendean erori gara: globalizazioak ez du estatu hori ahulduko, aitzitik, kapitalismo globalaren krisiak, bai eta gure eskualdekoak ere (Europako eskualde globalizatzaileak), espainiar estatu nazionala indartuko dute. Espainian krisiagatik indartzen ari den erantzun soziala ez da gure adiskidea izango.

    Euskaldunon konponbidea ez dago sistema horretan, ez eta horren garapenean, adibidez, sozialismoan, zein baita ideal modernoen oinordeko zuzena. Konponbidea sistema eta kontzeptu horien amaieran has liteke, ez haien garapen unibertsalistan. Hona hemen ipar-orratz bat, zeruertza: tokiko boterea tokikoen eskuetan, tokiko sareak beti ardatz, tokiari loturiko identitate etniko indartsua, tokiko gobernua, eta armada, eta gerlak, eta heroiak… eta ez eskubiderik ez gizakirik ez gizarterik. Geure boterearen emaitza da gure legea, ez gehiago ez gutxiago, eta geure artean ezarriko ditugu erakundeak eta arauak. Begira historiari: Iliadan behin ere ez da “greziar” adjektiboa aipatzen, “akeoak” dira; geroago, heleniar filosofoek “gizakia” aipatzen dutenean heleniar gizakiaz ari dira, ez gizaki unibertsal batez. Hori guztia sofistekin eta, bereziki, estoikoekin hasten da aldatzen (eta kristauak dira estoikoen oinordekoak). Zergatik? Heleniar herriak (polisak) inperioaren mendean erori  zirelako, boterea galdu, azpiratuak izan, polis gisa desagertu. Heleniarrak aienatu ziren eta helenismoa hasi zen: euskaldunak desagertu eta baskismoa hasten da, demokratikoa, unibertsalista, noski. Demokraziaren kontzeptu unibertsalistak inperioek sortuak dira, berak ere unibertsalista direlako, bere boterearen oinarri kontzeptual bat behar dutelako: gizakia, gizartea…

    Euskaldunon konponbidea ez dago erakunde demokratikoetan, tolerantzian, elkarbizitza goxoan, guztiok tokia daukagun euskal gizarte balizko batean. Denok pozik eta zoriontsu. Eldarnioak. Izan nahi baduzu, borrokatu beharko duzu, eutsi, eta amaierarik gabe. Naturak horrela funtzionatzen du, ahula bazara akabo, edo oso zorte handia izan. Gure konponbidea ez da gobernu batetik etorriko, ez eta euzko estatutik ere. Gure konponbideak zibilizazio honen gainbeheran, pitzaduretan ernaldu eta haziko da, harik eta arrakalek harria zartarazi arte. Orduan, super nova baten antzera, botere globalak, inperioak… eztanda egindakoan, hamaika zipriztinetan txikituta, orduan egongo gara zipriztin horiek berreskuratzeko moduan, gure herria, gure bizitza eratzeko aukeran. Eta hori ez dago urrunegi, baina hamarkada batzuk igaro daitezke, agian 100 urte. Gehiegi guretzat? Baliteke, edo agian ez. Bien bitartean, gure lana botere bideak bilatzea da, boterea eskuratzen joatea, ekonomikoa, kulturala, politikoa… hori da belaunaldi berriei irakatsi behar zaiena, eta ez modan dauden kristau jatorriko mezu, xede eta proposamenak, ez irudizko gizarte, mundu, unibertso goxo eta onkote batez liluratu. Geuk hausturak behar ditugu, ez garapenak, ez gauzak hobeto kudeatzea, ez murrizketa apalagoak egitea, sozialagoak. Ez dugu mundu guztiaren botoa behar, ezta gehiengo batena ere.

    Aukerak egongo dira nonbait, eta baliatu beharko ditugu, baina ezinbestekoa izango da norabidea argi edukitzea. Bitartean, alderdi abertzaleekin bat egin daiteke (eta egiten dut), onurak bilatu… baina tolesgabe izan barik. Euskaldunok boterea eduki gabe, ez da Euskal Herri euskaldunik egongo, independentea bada ere. Neuk EH-Bilduri eman diot botoa, zeren eta haustura heltzen den bitartean, ezin baitaiteke egon ezer egin gabe (ezer ez egitea egiteko modu bat da). Eta gainera, EH-Bildu, momentuz, haustura-eragile bat da, gogotik edo gogoz kontra, une honetan ez baitaukat argi EH-Bilduk hausturarik nahi duen ala ez. Izan ere, haustura nahi gabe ere eragin dezakezu, adibidez, erromatar inperioaren hondamendia orduko aberatsek eta jeneralek eragin zuten bezala. Eta, noski,  une honetan, EH-Bilduk biltzen ditu euskaldunik kontzienteenak. Hala, EH Bilduk gai bi ditu bere alde: bata, euskaldunen pisua bere baitan, bestea, sistema astindu eta urduri jartzeko ahalmena. Beldurrez nabil bigarrenetik gero eta gehiago galtzen ez ote dabilen, eta, halaber, euskaldun zintzo askok ez duen alderdi abertzaleetatik gehiegi itxaroten: euskal herriaren askatasuna (boterea berreskuratzea), euskal herriaren zeregina da, aliatu koiunturalak eta estrategikoak egon arren.

    Iruzkinak

    • mendikoi (2012-11-09 03:36:34)
      Hona hemen Euskal Herria Sozialista blogak atzo bertan Sortu alderdiaren prozesu eratzailearen eztabaiden harira, euskararekiko erakutsi duen mespretxua: http://euskalherriasozialista.blogspot.com.es/2012/11/los-ustachas-vascos-necesitan-ya-sortu.html “Euskal Herria Sozialista” ala “Vascongadas Socialistas”? (Oharra: “Ustacha” naziekin kolaboratu zuten independentista kroaziarrak izan ziren.)
    • Jon (2012-11-12 12:26:51)
      Lotsagarria da horiena, ez dute erantzunik ere merezi. "Euskara gabeko iraultza, gorringo gabeko arraultza"

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.