JOXE MANUEL ODRIOZOLA. Euskara Iraksalea
Flandriak bere buruaren jabe izan nahi du. Zergatik ote? Batez ere bere nazio-hizkuntza daukalako eta hizkuntza horrek mugatzen duen nazio-kultura bat daukalako eta nazio-kultura horrek nazio politikoa edo estatu burujabea eskatzen duelako gaurko munduan. Nazio burujabez egituratutako munduan, hain zuzen.
UNAI LARREATEGI ETA IGONE LAMARAIN. EHEko kideak
Euskaltzaleen diskurtsoetan geroz eta gehiago ari da azaltzen euskara nagusi edota hegemoniko izango duten guneak zaindu eta berriak sortu beharra. Ez da kontu berria baina azken garaiotan garrantzi gehiegirik eman ez zaionez bada nobedadea. Euskal Herrian Euskaraz-en ere antzerako ondorioak atera genituen iazko kurtsoan. Euskal herritarren hizkuntza eskubideak aldarrikatzen jarraitu behar genuela dudarik gabe, baina euskaraz bizi diren guneak zaintzeari eta berriak sortzeari garrantzi berezia eman behar geniola aurrerantzean.
JEXUX ARRIZABALAGA. Batzeneko kidea
Berandu baino lehen, Donostiako Zinemaldia eta zinema, oro har, euskalduna izango da. Horren zalantzarik ez izan. Bitartean, hemen gabiltza zerbait txukuna egin nahi eta asmatu ezinik. Edo aurrera egin ezinik. Zinemaldia garai polita da zinema gustatzen zaionarentzako eta filmak ikusteko aukera duenarentzako. Zinefiloak gozatu egiten du egun horietan. Batek baino gehiagok berariaz egun horietan jai hartzen du. Askok bonoak erosten ditu horrela merkeago delako; dena den, urtean zehar ohiko sarrera baino garestiagoa ez da. Ondo dago Zinemaldia. Gauza polit asko konta genitzake Zinemaldiaren karietara. Baina, nola sentitzen da euskaraz bizi nahi duen herritarra? Bermatua al du honek bere eskubidea?
JON BOLLAR. UEMAko lehendakaria
Eusko Jaurlaritzak beste traba bat jarri digu euskaraz bizi nahi dugunontzat; zehazki, administrazioarekin harremanak euskaraz izan nahi ditugunontzat. Izan ere, Jaurlaritzak administraziorako azken lan eskaintza publikoan euskaraz jakiteko betekizuna murriztu du berriro ere, eta, horren ondorioz, lehen baino zailagoa izango da aurrez aurre izango dugun administrazioko langileak guri euskaraz egitea edo/eta agiriak euskaraz idaztea.
JOXE MANUEL ODRIOZOLA. Euskara iraksalea
Modernoa izan nahiak zoratu gaitu behin baino gehiagotan. Tradizioaren eta modernotasunaren arteko tirabirak herri eta gizaki guztiak harrapatu ditu noiz edo noiz, baina tirabira hori askoz bortitzagoa da herri menderatuetako herritarrentzat. Izan ere, gizarte modernoaren ongaitzak ez dira etorri jatorrizko herriaren burujabetasunean, mendeko egoerak sortzen dituen trauma eta gutxiagotasun sentimendu guztiekin batera baizik. Espainiarrak edo frantsesak ez du bere tradizioaren oinarrizko identitate-ezaugarri batzuekin -hizkuntzarekin, eta hizkuntzak dakarren guztiarekin, adibidez- eten beharrik izan bizimodu modernoaren trena hartzeko. Aldiz, mendeko herrian bizi den herritarrak bere tradizioarekin zerikusirik ez duen baldintza arrotzetan bereganatu ditu gizarte modernoaren tasunak eta keriak
XABI CASTRO GONZALEZ. Administrazioan Euskaraz Taldeko kidea
Nafarroako Gobernuaren langile taldean 20.000 langile baino gehiago dago. Irakasleak alde batera utzita, bakarrik 208 lanpostutan beharrezkoa da euskara jakitea. Osasunbidean, hizkuntza eskakizuna duten 59 lanpostu daude «eremu euskaldunean». Horietan mailarik baxuena eskatzen da. Hezkuntzan, 120 lanpostuk dute hizkuntza eskakizuna, Euskarabidea eta euskaltegiko irakasleak barne. Hori da, nolabait, euskara irakaskuntzarekin lotzen delako. Hortik kanpo, euskaldunok ez omen gara bizi. Ondorioa garbia da: lanpostu ia-ia guztietan sartzeko ez da beharrezkoa euskaraz jakitea. «Eremu euskaldun» deitzen dioten horretan, ikastetxeak eta osasun etxeez gain, bakarrik postu batetan eskatzen da euskara. Nola jasoko dugu euskaldunok arreta euskaraz? Nola funtzionatuko du euskaraz Nafarroako Gobernuaren Administrazioak? Datu horiek ikusita, bidea benetan luzea izango da.
IÑAKILASA. Kontseiluaren ildo politiko-instituzionaleko arduraduna
Bizi nahi dut, euskaraz bizi, ez dakit bestela bizitzen eta ezin dut, hala ere, horrela bizi. Hemen bizi nahi dut, hemen ditu sustraiak euskarak, hemen ditut nik ere. Ez naiz bakarra, nahi hori duena, baina bakarra banintz ere, bizi nahiko nuke, euskaraz bizi, nola bestela? Euskaraz bizi nahi dut, ez noizbait, aukeraren bat aurkezten denean hori baliatu, ez dut tarteka une eta leku jakinetan euskara erabili nahi, bizi nahi dut, euskaraz bizi nahi dut.
Guk eskola euskalduna!
Euskaraz bizi sarean