• 13
    API

    "Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!" leloak jende ugari bildu du gaur Agoitzen. Goizetik hasita eta gauera arteko egitarau zabalarekin gozatu dute bertaratu direnek. Honat gaurkoan jazotakoaren kronikatxoa eta lehen balorazioa. Datozen egunotan izango dituzue irudi guztiak ikusgai. Bitartean, Facebook eta Twitter bidez konpartitutakoak ikusi ditzakezue.

    Euskaltzale andana batu da Euskaraz Bizi Egunean

    Heldu da apirilaren 13a, eta berekin batera, Euskaraz Bizi Eguna. Eguraldi hobezina lagun, euskaltzaleak apurka joan dira Agoitzera iristen. Goizeko 10:00etan hasi dira dianak herritarrei egitaraua hastera zihoala jakinarazteko. Ondoren, 10:30ean, txupinazoa bota da merkatu plazan.

    Goizean zehar buruhandiak, gaiteroak, dantzari txikiak, trikitilariak, burrunba eta erraldoiak izan dira protagonista, Agoitzera hurbildu den euskaltzale andanarekin batera. Herri mugimenduaren eta artisauen azokan ere jende ugari ibili da batera eta bestera. Haurren txokoak ere arrakasta izan du eta ehunka umek hartu dute parte eskulan tailerretan zein eurentzako jarri diren puzgarri eta jolasetan. Zezen mekanikoa, ohe elastikoak… izan dute gozamenerako tarterik txikienek. Bazkalostean, Txan Magoaren emanaldia hastear zela, kultur etxeko antzokia goraino bete dute txikiek. Guraso dezentek kanpora atera behar izan dute kabitzen ez ziren haurrei lekua uzteko.

    Bestalde, herri kirolek eta Agoizko abesbatzak ere jendearen arreta erakarri dute goizean zehar. Bazkalordua hurbiltzean jendeak merkatu plazan prest zeuden aulkiak okupatu ditu. 450  lagun inguru bildu dira kantaldi herrikoiarekin bukatu den herri bazkarian.

    Horren ostean, Txan Magoak Agoizko Kultur Etxea ilusioz betetzen zuen bitartean,  Tximeleta taldearen txanda izan da. Dantzan jarri dituzte euskaltzaleak. Eta nola gainera!

    Egitarauaren oparotasuna medio, arratsaldeko kalejira aldarrikatzailea 18:00etatik 18:30etara pasatzea erabaki dugu guztiok eguna patxadaz pasa ahal izateko. 2.000 lagun inguru bildu dira bertan eta Euskal Herri euskaldunaren aldeko aldarriz bete dituzte Agoizko kaleak. Horiekin batera euskalgintza osatzen duten eragile ezberdinetako ordezkariak izan dira: Kontseiluko Paul Bilbao eta Maite Inda, Behatokiko Garbiñe Petriati, AEK-ko Helios del Santo eta Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko Aitziber Martinez de Lagos, besteren artean.

    Ekitaldiak jarraitu dio kalejirari. Agoizko EHEko kideek hartu dute hitza lehenik eta amesten duten Agoitz euskaldunaz mintzatu dira, bertakoei euskararen aldeko lanera biltzera deitzearekin batera. Eva Capel Karrika euskara elkarteko kidea izan da mikrofonoaren aurrean jartzen hurrena. Aurtengo Euskaraz Bizi Eguna hartu duen herrian euskarak eta euskaldunek izan duen ibilbidea hartu du ahotan.

    EHEko kide Nestor Estebanek itxi du ekitaldia. Euskaraz bizitzeko bidea guztiok eta gaurdanik egin dezakegula azpimarratu du, eta euskara eta politika ez direla nahastu behar diotenen aurrean euskarak politikak behar dituela aldarrikatu du: “Ezin dugu sasi ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak aldarrikatzen  jarraitu. Euskarari lehentasuna emango dioten legedi eta politikak aldarrikatzeko garaia da!”.

    Une honetan Merkatu plaza jendez lepo dago Kezkak taldearen doinuak lagun. Lehiotikan taldeak hartuko du laster honen lekukoa oholtzan. Gauari bukaera hobezina emateko DJ Jotatxok ordu txikitan amaituko du beren emankizuna.

    Finean, Euskaraz Bizi Egunak orain arte emandakoaren balorazio oso ona egiten dugu. Gaurko deituta zegoen ekimen andana ikusita antolakuntzatik egunari kezka apur batekin heldu zaion arren, jaia eta aldarrikapena uztartzen ari den egitasmo honek aurrera egin ahala kezka oro aldendu da. Apustu sendoa egin dugu EHEtik Euskaraz Bizi Eguna Nafarroa Garaiko ekialdera ekartzearekin, eta asmatu dugu. Egun handia izan da gaurkoa.


    Zentzu horretan, gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu Euskal Herrian Euskarazekin auzolanean Euskaraz Bizi Eguna aurrera atera duten eta atera duzuen norbanako, musika talde, artisau, langile, elkarte, eragile, hedabide eta abarrei; oso bereziki Agoizko herritar eta euskaltzale guztiei zein bertako udalari, emandako laguntza handi eta agertutako prestutasun paregabearengatik.

    Euskaraz biziko den herriaren erakusleiho izan dugu gaurkoan Agoitz, eta deiadar ozena helarazi da bertatik Euskal Herri osora. Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!


    Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
    Agoitzen, 2013ko apirilaren 13an

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.