• 10
    API
    Estatuek euskararen normalizazioa gero eta nabarmenago zangotrabatu nahi duten honetan, Kontseiluak elkarretaratzeak deitu zituen atzorako. Hemeretzi udalerritan egin ziren eta plazak lepo bete ziren.

    Aski esan du Estatuen esku hartzeengandik aske nahi duen herri euskaldunak
    Ordizian egin zen elkarretaratzea / ordiziakoahotsa.net bidez

    Kontseiluak deituta, herritar andana karrikara atera zen atzo euskararen normalizazioaren bidean Frantzia eta Espainiako gobernuak jarritako trabak gaitzesteko asmoz. Erasoak jasandako  hemeretzi herritan deitu zituen elkarretaratzeak Kontseiluak eta "Estatuen esku hartzea gelditu" lelopean egin zituzten protestak. Mezua indartzeko, eskuak koloreetan busti, gora altxatu, eta bide beretik ez segitzeko keinua egin zuten.

    Espainiako Gobernuaren Gizpuzkoa, Bizkaia eta Arabako ordezkari Carlos Urkijok 63 erakunderen aurka egin du kontratazio publikoetako hizkuntz irizpideak tarteko. Gipuzkoako hainbat udaletan nola, Bizkaiko eta Arabako batzuetara ere iristen ari da estatuaren kexua. Gipuzkoako Foru Aldundia ere jarri berri du susmopean. Gainera, hainbat udali euskararen planak bidaltzeko eskatzen ari da. Hainbat ikastola proiektu 1.850eko Falloux legean hondoratu nahi izana, D ereduaren kontrako kanpainak, ikasleak erdaraz “elkarbizitzera” behartuko dituen nafar parlamentuko ebazpena, euskaraz ikasteko haur andanak bizi behar duen exodoa eta gisako neurriek zerrenda amaiezin bilakatzen dute. In crescendo doa joera, "gero eta nabarmenago, gero eta bortitzago".

    Estatuen esku hartzeak herriaren erantzuna merezi zuela nabarmendu zuen Kontseiluak duela bi aste. Erantzun hori eman nahian antolatu ziren atzoko elkarretaratzeak. Gustora agertu zen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia: "Beti sinetsi izan dugu hizkuntza baten normalizazio prozesua politikoa eta soziala dela. Pozik gaude jendearen erantzun zabalarekin. Lepo bete ditugu plazak".

    Pozik herri euskaldunarne erantzunarekin; kexu Estatuek jarritako traba eta debekuekin: "Euskararen normalizazio prozesua galgatzeko esku hartzeak ez dira batere berriak. Mendez mende paraitu behar izan ditugu horrelakoak euskal hiztunok". Ez dira neurri anekdotikoak beraz; Euskal Herria eta euskal herritarrak azpiratzeko eta asimilatzeko estrategia baten baitan ulertu behar ditugu. Horrexegatik, "zoritxarrez, ez dugu uste Urkijok amaiera emango dionik hasitako jazarpenari. Etor daitekeenari elkar hartuta aurre egiteko prest egon behar dugu".

    Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak ere bere sumindura adierazi zuen: «Autonomia erkidegoan euskarari, teorian, ofizialtasuna aitortzen zaio. Baina, praktikan, erakunde publikook ofizialtasuna gauzatzen hasten garenean, estatu interesekin talka egiten dugu. Ez digute aurrera egiten utzi nahi, eta ez dugu onartuko». Eusko Jaurlaritzak afera hartu beharko lukeela iritzi du Etxeburuak.

    Nafarroan martxoan egindako manifestazio jendetsuan, Euskaraz Bizi Egunean zein atzo, herri euskaldunak espaloian tinko jarraitzeko asmoa duela erakutsi du.

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.