• 17
    UZT
    32 urte ondoren Ertzaintzak lehenengo Euskararen Erabilera Plana aurkeztu du

    Plana aurkezteak ez du esan nahi plana egokia denik. "Polizia zerbitzu elebiduna emateko erronka" ez dute beteko euskara ez dakiten langileak kontratatzen dituzten bitartean.

    32 urte eta gero Ertzaintzaren "historiako lehenengo Euskararen Erabilera Plana" aurkeztu zuen atzo Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. "Jauzi kualitatiboa" izango dela adierazi zuen sailburuak.

    Ertzaintza euskalduntzeko aurrekontua bikoiztu egingo da plana abiatzean. Besteak beste, euskara ikasteko liberazioak ugarituko dituzte. Egun, 25 ertzainek hartzen dute liberazio hori urtero; plana indarrean sartzean, urtero 80 eta 100 ertzain artean liberatzen hasiko dira.

    Sailburuak argitu duenez, Ertzaintzak “hurbileko polizia zerbitzua” eskaini behar duen honetan “herritarrak berak nahi duen hizkuntza ofizialean aritzeko gai izan behar du Ertzaintzak”.

    Horren bidean badute zer egina. Gaur egun, 2.653 ertzainek dituzte B2 hizkuntza mailarekin bateragarriak diren agiriak; 171k dute, berriz, C1 mailaren parekoa.

    Plan honekin nekez egingo dute aurrerapausorik. Izan ere, Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak iritzi artikulu batean adierazi bezala, ez dauka inolako logikarik langile erdaldunak kontratatu eta ondoren denbora eta dirua xahutzea langile horiek euskalduntzen. Hasieratik beharrezkoak diren neurriak hartzea askoz ere eraginkorragoa da. 1998-2008 artean, esaterako, 8.000 lanpostutik 5.816 izan dira euskaraz aritzeko gutxiengo gaitasunik egiaztatu ez dutenak. Apirilean bertan Ertzaintzaren oinarrizko eskalan 120 agente lanpostu betetzeko deialdia zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak. Erdiek, baina, ez dute euskara maila egiaztatu beharko. Beraz, partxeak jarri baino erroko arazoei heldu beharko die Ertzaintzaren Euskararen Erabilera Planak. Euskaldunok eskertuko dugu. Zinez.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.