• 27
    API

    Anaitasuna bete du Kontseiluak. Herritarrek euskararen alde egindako lana eskertu dute.

    Herri gogoz harresiak botatzeko deia egin dute Anaitasunan
    IŅIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

    Emozioa, poza, indarra, euskararen alde egindako lana eta lan horri aitortutako esker ona izan ziren osagai nagusiak larunbatean Kontseiluak Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egindako ekitaldian. Herri gogoa irudikatu nahi izan zuen erakunde horrek Iruñean. Herritarrek, egunero, euskararen alde egiten duten lana. Haien istorioak kontatuz, txalotuz eta eskertuz. Sendotzeko asmoz ere bai, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok nabarmendu zuenez, "lana ez baita amaitu". Aurrera egiteko aldaketa behar dela berretsi zuen Bilbaok. Baina argi utzi zuen aldaketa hori ezin dela nolanahikoa izan: "Aldaketak euskara izan behar du ardatz".

    Euskararen aldeko lana eta lan horrek jasotzen dituen erasoak irudikatu zituen atzoko ekitaldiak, musika eta dantzaren eskutik. Euskararen normalizazioa lortzeko behar diren lau zutabeak, batetik; eta euskararen legeak normalizazio horri aurre egiteko eraikitzen duen harresia, bertzetik. Dantzariak izan ziren zutabeen zaindari; beltzez jantzitako pertsonaiek, berriz, harresia eraiki, eta zutabeak behera bota zituzten, behin eta berriz. Dantzariak nagusitu ziren, ordea. Harresia zen nagusi oholtzan, ekitaldiaren hasieran; bukaeran, berriz, normalizazioaren zutabeak.

    Marko juridikoa, plangintza, baliabideak eta herri gogoa dira zutabe horiek. Lehenbiziko hirurek nabarmen huts egiten dute Nafarroan. Laugarrenaren tamainaren erakusgarri izan zen atzoko ekitaldia, Bilbaok azaldu zuenez. "Hori da gure kapitala: herri gogoa. Eta, arlo horretan, aberatsak gara".

    Herritarrek euskara alde duten gogo horren hamaika adibide aipatu zituzten atzoko ekitaldian. Gurasoek seme-alabei euskara emateko egiten duten ahalegina nabarmendu zuten, batez ere. Eremu ez-euskalduneko gurasoak izan zituzten gogoan, bereziki. Haien testigantzak jaso zituzten bideo batean, eta Anaitasunan bertan izan ziren haietako hainbat. Egunero seme-alabak bertze herri batera eraman behar izaten dituzte, oraindik ere, euskaraz ikas dezaten.

    Marturet gogoan

    Eremu ez-euskalduneko haur horietako bat, Adrian Marturet, auto istripu baten ondorioz zendu zen, 1999. urtean, eskolara bidean. Haren ama Arantxa Asiain Anaitasunako oholtzara igo zen atzo. Lore sorta eta txalo zaparrada beroa jaso zituen. Hitza ere hartu zuen. «Ez dugu harresirik nahi; aurrera egin behar dugu. Lanean jarraitzeko prest naiz ni». Altsasuko dantzariek aurreskua dantzatu zioten Asiaini.

    Bertze hainbat gurasok ere jaso zuten esker ona. Bai eta euskara ikasi duten helduek, helduei irakasten dieten euskaltegiek eta euskaldunentzat komunikabideak martxan jartzen dituztenek ere.

    Euskalerria irratia da hedabide horietako bat, eta bertako bi kide aritu ziren atzo aurkezle lanetan: Juan Kruz Lakasta eta Maialen Huarte. 27 urte egin dituzte jada lizentziarik gabe, gogoratu zutenez. Urko Aristi kazetariak, Oier Zuñigak, Anabel Arraizak, Julio Soto eta Alaia Martin bertsolariek, DemodeQuartet taldeak, Oberena taldeko dantzariek eta Ezpelur gaiteroek ere parte hartu zuten ekitaldian, bertzeak bertze.

    Ikusleak ere izan ziren; zutabeak defendatu zituzten, adibidez, behera bota nahi zituzten beltzez jantzitako pertsonaien aurrean. Euskaraz bizi nahi dut leloa idatzia zuten kartelak erakutsi zituzten, halaber, behin eta berriz. Festa giroa izan zen nagusi. Euskararen aldeko lana ospatu zuten larunbateko ekitaldian. Argi erran zien Bilbaok: "Jarrai dezagun lanean, indartsu eta zoriontsu".

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.