• 15
    ABE

    Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua biziki kezkatuta dago euskararen normalizazioak Nafarroan daraman bidearekin. Hori azaltzeko, agerraldia egin dute Kontseilua osatzen duten hainbat eragileetako ordezkariek. “Euskara normalizatzeko beharrezkoa den hizkuntza-politika eragingarria baztertu eta euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak sistematikoki zapaltzea ahalbidetzen duen politika du indarrean UPNren Gobernuak”, azaldu du Iñaki Lasak, Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunak 

     

     

    Kontseiluaren oharra:

     

    “Euskarabidearen sorreran, Pegenauteren garai iluna iraganean geldituko zela pentsatu zuen hainbatek. Ez zen, egia esan, aurrerapauso ikusgarririk espero baina, aurrera egiteko zirrikituak irekiko zirela zirudien. Hala ere, ez da horrela gertatu. Izan ere, Azanza jaunak zuzentzen duen Euskarabideak, forma atseginagoen azpian, politika berbera ezkutatzen du: mespretxua, bitarteko falta, hitza betetzeko gaitasun falta, hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoarekin bukatzeko ezintasuna eta euskara normalizatzeko hizkuntza-politika eragingarria abiatzeko ezintasuna. Euskarabideak, beraz, ez ditu bete nafar euskaltzale askoren espektatibak, Euskarabidea ez baita UPNren politika gauzatzeko tresna bat besterik”, azaldu du Lasak. 

    2010eko aurrekontu proposamena da horren adibide. Murrizketak han eta hemen gertatzen diren bitartean, diru kenketek proiektuak erabat baldintzatzen dituzten bitartean, Euskarabidearen pertsonal gastuak handitu egin dira. Pertsonal gastuak 2009.ean 1.634.123 eurokoak izan ziren eta 2010.ean 1.895.298 eurokoak. “Esan liteke Euskarabideak berak jaten duela euskararentzako aurrekontua, izan ere, pertsonala eta ohiko gastuak batzen baditugu 2.271.852 euroko gastua dugu, transferentziak eta inbertsioak ordea, ez dira 919.150 euro, besterik. Hau da, sistemak Euskarabidearen aurrekontu osoaren erdia baino gehiago jaten du. Gainera transferentziak, hau da, Euskalgintzako eragileek jasotzen dutena, nabarmen txikitu dira 287.686 euro gutxiago dira aurten. Azanzak eta bere ekipoak 2 milioi euro xahutzen duten bitartean, Euskalgintzak murrizketa latzak pairatu behar ditu”, esan du Lasak. 

    Edozein kasutan, Lasak gogoratu nahi izan du, hizkuntza-politika egiten dena eta egiten ez dena dela. Horrela, Nafar Gobernuak ez du Osasunbidea euskalduntzeko planik, ez Foruzaingoa ezta Justizia alorra ere. Hori ere, hizkuntza-politika da, euskaldunon eskubideak sistematikoki urratze bidean jartzen dituena. Alor Sozioekonomikoa, aisialdia, kirola… hizkuntza-plangintzarik gabeko alorrak dira. 

    “Bestaldetik, hain garrantzitsua den Hezkuntza alorrari dagokionez, oso desegokia iruditzen zaigu British ereduarekin hasieran eta TIL ereduarekin orain, sortu nahi duten ingelesa versus euskara gatazka. Ozen eta argi adierazi nahi dugu esperimentu horiek euskararen ahultzea dutela helburu, gaur egun, D ereduak, 30 urteko esperientzia duen ereduak, jada lortzen dituelako pertsona eleaniztunak, euskara eta gaztelania ongi ezagutzeaz aparte atzerriko hizkuntza baten ezagutza zabala ere badutenak”, gaineratu Kontseiluko ordezkariak.  

    Garrantzitsuak dira ere, helduen mundua eta erabilera sustatzea helburu duten egitasmoak. Horietan bereziki desegokia da Nafar Gobernuaren hizkuntza-politika, desegokiak ere 2010erako aurrekontuetan, helduen euskalduntze alfabetatzea, euskara elkarteak, kultur jarduerak eta hedabideak baztertzen eta zigortzen direlako. Argi esan behar da ez dagoela euskara normalizatzerik helduen euskalduntzearen izaera estrategikoa onartu gabe eta euskararen erabilera areagotzea helburu duten egitasmo eragingarriak abiatu gabe. 

    Hizkuntza-politika, gainerako politika guztiak bezalaxe, bi zutabe nagusitan oinarritzen dira: corpus juridikoa eta diru inbertsioak. Nafarroan, biak dira desegokiak. “Euskararen normalizaziora epe onargarri batean eramango gaituen hizkuntza-politika egokia behar eta nahi dugu. Euskara ofiziala kontsideratuko duen lege egokia behar dugu baliabide egokiz hornitua” Iñaki Lasak azaldu duenez. 

    “Alderdi politikoei gogorarazi nahi diegu haien ardura ere badela euskararen normalizazioak behar duen hizkuntza-politika eraginkor bat abian jartzea”, gaineratu du. 

    Bukatzeko azpimarratu nahi dugu, Nafarroan, euskararen normalizazioaren bidean egin eta egiten diren ahalegin eta lorpen gehien-gehienak herritarren borondate eta eskuzabaltasunari esker etorri direla. Beraz, euskaltzaleei zorionak emateaz gain dei egin nahi diegu, orain arte bezala, eraikitzen segitzeko, euskararen alde aurrerapauso pertsonal eta kolektiboak emateko eta errealitate desegoki hau aldatzeko biderik eragingarriena delakoan.