• 02
    AZA

    EHEk elkarretaratzea egin zuen Nafar Parlamentuaren aurrean, bertan Vascuencearen Legearen eztabaida ematen ari zen bitartean. Foru Parlamentuan euskarari Nafarroan jarri beharreko mugez eztabaidatu zen, baina legea bera arbuiatu zuen EHEk, euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osorako aldarrikatuz



     

    Irailaren 24an Nafarroa Garaiko Foru Parlamentuan eman zen Euskararen Legeari buruzko eztabaidaren ondorioz Iruņerriako lau herri eremu mistoan sartzeko aukera zabalik geratu zen. Batek baino gehiagok esango du urrats txiki bat izan zela euskararen normalizazioaren bidean, baina halakorik uste orduko, nondik gatozen eta non gauden ikustea beharrezkoa da, nora goazen jakiteko.

     

    Behin baino gehiagotan azpimarratu dugu EHEtik euskaldunak bigarren mailako hiritarrak garela legearen aurrean. Nafarroa Garaiari so egiten badiogu, bistan da aipatu afera. Azken mende laurdenean, Nafarroako Gobernuak euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako hainbat eta hainbat eraso eraman ditu aurrera Vascuencearen Legearen itzalpean. Lege honek ezartzen dituen neurriak bidegabeak dira eta euskal hiztunen eskubideak eremuka (euskaldun, misto, erdaldun) sailkatzen ditu. Hala, Iruņetik Noainera 2 km eskas badira ere, ez zaizkigu eskubide berdinak eskaintzen euskaldunoi: batean euskaraz ikasteko eskubidea izan badugu, eta bestean legearen arabera, ez. Hala ere, legea bera nahi duten moduan kudeatu izan dute, eta eremu misto eta euskaldunean Nafar Gobernuaren borondatearen arabera erabaki izan dute eredu euskaldunak ezartzearen afera. Areago, eremu erdaldunean D ereduko eskolak irekiz, Euskararen Legeak euskaldunon hizkuntza eskubideak nafar lurralde osoan errespetatzen direla irudikatu nahi izan dute. Mugimendu horien zergatia bakarra da: euskalgintzak urteetan euskaraz ikasteko, euskara ezagutzeko dugun eskubidea aldarrikatu izan du eta nafar gobernuak ezin izan dio horri muzin egin. Horrek, 23 urte luzez defendatu eta aurrera eraman izan duten legea ez betetzera eraman die, soilik euskalgintzako hainbat erakunde zein herritarren eskaerak isilarazteagatik.

     

    Irailaren 24ko eztabaida parlamentarioan, euskarari jarri beharreko muga horien gora-beheretan kokatu zuten eztabaida, eta 1986tik hona bazterketaren eta zapalkuntzaren iturri izan den lege horren moldaketaz mintzatu ziren. Eta hor kokatzen da arazo guzti honen gakoa, oinarrian: alderdi eta sentsibilitate ezberdinek legea bera zalantzan jarri eta euskararen normalizazioari eutsiko dioten bideak jorratu baino, euskararen marra gorrien mugetan kokatu zuten ika-mika. Legea izan zuten abiapuntu, euskarari jarri beharreko muga eta trabak adosteko.

    EHEren deialdia babestu zuten 50 lagunek ozen esan zieten parlamentura bertaratu dzren ordezkari politikoei euskarak Euskal Herri osorako behar duela ofizialtasuna, eta hemen ere halaxe diogu: Vascuencearen Legea da, indarrean dauden bestelako hizkuntza politika erasokorrekin batera, euskaldunon hizkuntza eskubideen urratzaile dena eta beraz, errotik aldatu beharrekoa. Euskaldunon hizkuntza eskubideak aitortuko dituen eskenatoki posible bakarra, egungo markoen gaindipena eman, euskararen estatusa aldatu eta Euskal Herri osoan bere ofizialtasuna aldarrikatuko duena da. Bestela, egungo egoera aldatzetik urrun izan eta euskaldunok bigarren mailako herritar izaten jarraituko dugu, ez dugu euskaraz bizitzeko eskubiderik izango eta gure herriko berezko hizkuntza bakarra galbidera eramango dugu.

     

    Ley del Vascuence pikutara! Euskara ofiziala Euskal Herri osoan!