• 09
    ABU

    Aurten ere euskararen ofizialtasuna aldarrikatu du EHEk Baionako festen baitan. San Andres plazatik abiatuta kalejira egin dute hainbat euskaltzalek Baionako karriketan zehar, "Euskara Baionakoa, Euskal Herrikoa! Ofizialtasuna!" lelopean

    Gaurko egunez, EHEk aldarrikapen ekimena burutu du Baionako karriketan zehar bertako
    hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. Iaz bezala, aurten ere herritarrek bat egin
    dute EHEren deialdiarekin eta euskaltzale andanak hartu du parte San Andres plazatik
    atera den mobilizazioan. Baionako besten giroari jarraiki, umore ukitua protagonista izan
    da Baionako Herriko Etxea jomugan izan duen parodiaren baitan, baina ezin ahaztekoak dira
    bertan botatako aldarrikapenak.

    Izan ere, Baionako Herriko Etxeak eta Jean Grenet bertako auzapezak aurrera daramaten
    hizkuntza politikak euskararen aurka doaz, ezbairik gabe, eta bertako hizkuntzaren
    normalizazioa baino euskararen galbidea dute helburu.

    Alta, karriketako izendegietan euskarazko lau hitz agertzeaz gain, Baionako Herriko
    Etxean nekeza da euskaraz bizitzeko aukera urrienarekin topo egitea ere; zerbitzu guztiak
    frantsesez eskaintzen dira, bestetako egitarauan ere euskararen presentzia anekdotikoa
    da, herriko etxearen eta herritarren arteko harremanak, erdaraz soilik egin daitezke.
    Baina Euskal Herrian egon arren, ez da harritzekoa funtzionamendu osoa erdarazkoa duen
    herriko etxe batean euskara hain baztertua ikustea; eta are gutxiago bertako agintari
    gehienak eta batez ere horien buru Jean Grenet analfabeto hutsak direla ikusita. Hala,
    eta euskararen normalizazioa burutu dadin interesik ez dutenen aldetik, nekez hartuko
    dira hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen neurri eraginkorrak.

    Baionako herriko etxea, beste askorekin batera, euskararen normalizazioaren eta
    ofizialtasunaren aurkako eragile aktiboa da. Hala ere, Baionako herriko etxeak,
    Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) izenpetutako akordioaren bitartez euskararen alde
    dagoela erakutsi nahi izan du, euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa etengabearen
    aurrean duen arduragabekeria ezkutatu eta beren aurpegi instituzionala garbitu asmoz.

    EEPk hartu duen jokabide berbera da hori. Finean, Estatu frantsesaren tresna da eta
    guztiok ezaguna da estatu frantsesak hizkuntza gutxiagotuekiko duen jarrera jakobinoa.
    Aurten, eta kostata gainera, Frantziako Estatuak euskara frantsesen ondare gisa onartu du
    konstituzioaren baitan, baina euskarak ez du behar inora ez daraman keinu antzurik.
    Euskarak lege babesa behar du beren lurraldean, euskararen ezagutza eta beren transmisioa
    bermatuko duten hizkuntza politika euskaltzale eta eraginkorrak, Euskal Herria
    berreuskalduntzeko bidean euskaraz bizitzeko espazioak sortu eta garatuko dituen
    politikak eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten ordenantza eta arauak.

    Baionako Herriko Etxean irudikatzen den egoera iraultzeko, euskaraz biziko den herria
    gauzatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu eta indarrean jarri behar dira, Baionan
    bezala, gainontzeko herriko etxeetan zein administrazio guztietan ere. Euskarak funtzio
    guztiak bete behar ditu. Lan hizkuntza izatea ezinbestekoa da, baina horretarako langile
    guztiak euskaldunak behar ditugu. Administrazioetako arduradunak, politikariak, eta
    beste, euskaldunak izan behar dira. Herri osoa euskaldundu behar dugu eta hori gauzatu
    ahal izateko administrazio ezberdinek neurriak hartu behar dituzte. Euskarak lege babesa
    behar du. Lege berri bat, zeinak Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartuko duen,
    lege bakarra, beraz, Euskal Herrirako. Euskaldun guztien hizkuntza eskubideen bermea
    izango dena.

    Ofizialtasuna eta lege babesa behar ditu euskarak euskaldunon hizkuntza eskubideak
    errespetatuak izan daitezen. Baina ofizialtasunarekin soilik euskarak ez du egingo
    aurrera. Administrazioen aldetik esparru guztietan euskarari lehentasuna ematea
    ezinbestekoa da Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean. Hizkuntza sumisioarekin apurtuz,
    menpeko status eta hizkuntza politiken aurrean euskaraz bizitzeko hautuari eutsiko diogu
    eta hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidea aldarrikatuko dugu; euskara, geurea
    delako, Baionakoa, Euskal Herrikoa.


    Udako kanpaina

    Gaurko ekimenarekin, EHEk Euskal Herriko herri, auzo, txoko eta bazterretara hedatzen ari
    den dinamikan beste urrats bat eman du. Izan ere, udari begirako kanpaina abiatu du EHEk
    aurtengoan ere, "Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki!" lelopean. Euskal
    Herriko hiri, herri, auzo, kale, plaza, errepide eta zubiak euskaraz bizitzeko eta Euskal
    Herri euskalduna eraikitzeko hautuaren aldeko mezuez josten ari dira hainbat eta hainbat
    euskaltzale, uztailean iragarri genizuen bezala.

     

    {mosimage}