• 02
    EKA

     

    Euskaraz Bizi Eguna ospatu dute larunbat honetan Bilboko Uribarri auzoan. Horrekin batera, Uribarriko Gau-eskolaren 5. urtemuga ere ospatu dute. Bestalde, ekainaren 12an Imarkoainen dute hitzordu berria euskaltzaleek, X. Elortzibarko Euskararen Egunaren karietara. Hurrengo lerroetan dituzue, hurrenez hurren Uribarriko Euskaraz Bizi Egunaren kronika eta Elortzibarko Euskararen Egunerako gonbitea.

     

     

     

     

     

    URIBARRIKO EUSKARAZ BIZI EGUNA 2010: KRONIKA

     

    Aurreko larunbatean Euskaraz Bizi Eguna eta gau eskolaren 5.urteurrena ospatu genuen Uribarrin.  Eguraldiaren mehatxuak gaindituz, giro epelean igaro genuen eguna Uribarriko eskolako plazan.

    Goizeko 12etan eman genion hasiera egunari gaztetxoentzako larru tailer batekin eta umetxoen aurpegi margoketekin. Zelako artistak diren gure auzoko umeak!!! Bitartean, Tanttaka euskara taldeari buruzko erakusketa bat ikusgai geneukan, urtean zehar antolatu dituen ekimen ezberdinekin, gau eskola barne.

    Apurka apurka hasi zen jendea plazara hurbiltzen eta bertan esaera zaharrak errepasatzen, auzoko koadrila ezberdinak ikusi genituen. Taldeak osatu ondoren , 13,30ak aldera eman genion hasiera “esaera zaharren txapleketari” Barakaldo, Artzentales eta Trapagatik etorritako bertsolariekin. Aurtengo lehiaketan, 3 taldek soilik parte hartu duten arren, inoiz baino borrokatuago egon da 1.go postua. Eta esaerak esaten duen moduan… EZ JAN, EZ LAN. Ta hain zuzen ere, lanean jarraitu ahal izateko (finalerako), tripa entsalada eta indaba goxoz bete genuen eguzkipean  70 pertsona inguruk. Eskerrik Asko Txo!!! Bapo bazkalduta, Kafea eta koparekin batera finalari eman genion bidea eta urtero bezala Uribarritarrakekoek irabazi zuten, atzetik Hau pittu hau eta tanttakakoak gelditu zitzaizkielarik.

    Baina Uribarritarrakekoez gain, gau eskolakoek ere bazuten zer ospatu, 5 URTE ez baitira egunero betetzen. Golokako igelak egin zituen aurkezle lanak eta jarraian goi mailako ikasleak igo ziren eszenatokira, haiek prestatutako antzerkia interpretatzera. Txalo zaparradaren ostean, IPES-eko Txemak hartu zuen hitza eta denoi gogorarazi zigun, aurten izandako oztopoak gaindituz ere, gau eskolak oraindik auzoan dirauela ikastolari esker, baina hala ere ezin dugula alde batera utzi eskola berreskuratzearen aukera, toki publikoa delako hori, hots auzokideena. Lehengo mailako ikasleek berriz “Guantanamera” doinuan bertso batzuk abestu zizkiguten, zuena bai meritua!!!!!ikasle ohi batek ere bere esperientzia kontatu zigun eta azkenik bertatik pasatu diren irakasle ezberdinak igo ziren eszenatokira eta Unai eta Matxalen aritu ziren ordezkari gisa. Ekitaldiari bukaera emateko denon artean “Guk euskaraz” abestu genuen. ANIMO GUZTIOI!!! ZORIONAK ETA BESTE URTE ASKOTARAKO!!!

    Arratsalde partean, Uribarrin ohitura bihurtu den “KARRAOKEAREKIN” poteoan ibili giƱen koadrila ezberdinak eta egunari bukaera ezinhobea emateko Santurtziko “ALDATS” taldekoek erromeria eskeini ziguten.

     

    ESKERRIK ASKO PARTEHARTZAILE GUZTIEI ETA TANTTAKA KONPARTSARI GUZTIA POSIBLE EGITEAGAITIK. TANTAZ TANTA URIBARRI EUSKALDUNDUKO DUGU!!!!

    ---------

    Kaixo lagun!
    Ohi den bezala, ikasturte bukaeran eta udako oporrak hartu baino lehen, Elortzibarko biztanle guztioi euskararekin urtero dugun hitzordua iritsi zaigu: Elortzibarko Euskararen Eguna berriz ere ailegatu da eta, berarekin batera, gure bailaran euskararen alde azaltzeko aukera.

    Aurten, hamargarren edizioa ospatuko dugu. Hamar urte hauetan asko izan dira jai egun honen antolakuntzan parte hartu izan duten pertsonak. Era berean, festaren giroan murgildu eta gozatu dutenak ere asko izan dira. Lerro hauen bidez gure txalo eta besarkada beroena bidali nahi diegu horiei guztiei.
    Ikasturte honetan, Elortzibarren euskararen aldeko mugimendua poliki-poliki sendotzen doala berriro ere erakutsi dugu. Euskaltegian inoiz baino ikasle gehiago izan ditugu Torresen eta Noainen; D ereduko matrikulak berriz ere gora egin du; euskararen aldeko gune berriak sortu dira eta Vascuenceren Legearen inguruko eztabaida eman zenean gure ondorioak atera eta gure asmoa finkatu genuen. Gure hizkuntzaren zonifikazioarekin ez dugu bat egiten eta ez ditugu marra bat zeharkatzeko borroka hutsera gure ahaleginak mugatuko. Gure asmoa haratago doa: Elortzibarren euskaraz bizi nahi dugu. Halaxe aldarrikatu dugu Noainen eta Nafarroa osoan. Eta halaxe jarraituko dugu gure hizkuntza Euskal Herri osoan ofiziala izan arte.

    Aipatutako guztiarengatik, eta festa giroan egun ederra pasatzeko asmoarekin, Ekainaren 12an Imarkoainen ospatuko den Elortzibarko X. Euskararen Egunean parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Adin guztietako jendeak goza dezan egitarau anitza prestatu dugu. Beraz, ez egin kale euskarari! Euskararen Egunean ikusiko dugu elkar!

     

     

    Ekainak 12an, Imarkoainen, Elortzibarko Euskararen eguneko 10. edizioa ospatuko da. Data berezia izanda, ekimen bereziak egingo dira. Horien artean, Euskararen Eguna iragarriko duen bideo bat sarean jarriko dugu. Momentuz, jakin ezazue Euskararen Egunean egingo den herri bazkariaren txartelak dagoeneko salgai direla. Helduentzako 15 euro eta umeentzako 4 eurotan. Txartelak eskuratu daitezke Kultur Etxean, Txarrantxulo Elkartean edo 610 882 086 zenbakira deituz.

     

    Eranskinak:

    Noaingo gau eskolaren bloga

    Elortzibarko euskararen egunera deitzen duen bideoa