• 02
    EKA

     

    Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Eusko Jaurlaritzak asteon eman dituzte ezagutzera euskara "sustatzeko" diru laguntzen esleipenak. Bertan, miliotik gorako aurrekontua egon arren, hainbat proiektu geratu dira babesik gabe, hala nola, egunotan bere orrialde konpurua erdira murriztu behar izan duen Behe Bidasoako Hitzak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Berria hedatzeko proiektuak. Laster erantzun du Kontseiluak, eta Ione Josie Kontseiluko Ipar Euskal Herrirako arduradunak esan duenez, "ez da hizkuntza politika orokor eta homogeneo baten isla ikusten". Areago, irizpide eta oreka falta egotzi dizkio esleipenari

     

     

    Berria.info gunetik hartutako albistea:

    Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko diru laguntzak adjudikatu zituzten astelehenean Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak. Kontseiluaren iritziz, diru banaketan ez da koherentziarik edo orekarik atxikitzen. «Ez da hizkuntza politika orokor eta homogeneo baten isla ikusten aurrekontuetan», adierazi du Ione Josie Kontseiluko Ipar Euskal Herriko arduradunak. 

    Josiek azaldu du EEPk ez duela atalez ataleko diru sailik finkatu, eta, ondorioz, aldez aurretik irizpideak falta zaizkiola osoko plangintzari. Atal handietarako diru sailak ez ditu zehaztu inoiz EEPk, eta, gisa berean, erronka bakoitzerako aurreikusten duen diru sailak ere ez dira zehaztu. Irizpideak ez dira finkatu, eta horrek desoreka eragiten du laguntzen banaketan. «EEPren adjudikazioari begira, ez dago jakiterik lagundu dutena elkartea den, egitasmo zehatz bat den, urteko jarduera edo ildo bat baino gehiago den». Gainera, eraginkortasuna ebaluatzeko irizpiderik ez dagoela azpimarratu du Josiek. 

    «Diru laguntzen kopurua emendatu arren, ez dira aski euskarak dituen beharrak asetzeko», azaldu du Josiek. Euskararen normalizazioan estrategikoak diren gaiak bultzatu behar direla nabarmendu du. 

    Bertze arrisku bat ere ekarri du gogora Kontseiluak: euskara trikimailu gisa erabiltzea. Diru eskera egiterakoan, helburu bakarra dirua lortzea izan daiteke, ez euskara suspertzea edo egitasmo eraginkor bati ekitea. 

    Desoreka banaketan 

    «Diruztatu proiektuak eta zenbatekoak begiratzen baditugu, desoreka badela ohartzen gara, bai atalen artean, bai proiektuen artean». Ez da deialdi berezirik egin euskararen normalizazioa bultzatzeko. Horren haritik, Euskara bizi sozialean deritzon atala ez dela egoki garatu ondorioztatu du Kontseiluak. Ez dago tokiko administrazioa eta orokorra euskalduntzeko egitasmorik, ez justizia euskalduntzeko xederik. Eskas dira, halaber, osasun sistema, herrizaingoa eta enpresak euskalduntzeko xedeak. 

    Hizkuntza politika ez da soilik diruz egiten, baina EEPren kasuan, baliatzen duen bide bakarra hori dela dio Kontseiluak. «Euskararen normalizazioa ezin da bakarrik gauzatu kanpo eragileek egin ditzaketen egitasmoen bidez; arau juridikoak bere eginkizuna bete behar du, baina ez da horrelako aipamenik agertzen EEPren egitasmoetan».

     

    Eranskinak:

    Diru-banaketa (berria.info)