• 12
    OTS

     

    Manifestazioa egin du EHEk Donostian "Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!" lelopean. Eguraldi kaskarrari aurre eginez, milaka izan dira EHEren deialdiari gogo betez erantzun dioten herritarrak. Manifestazioaren burua Artzai Onaren atarira iritsi denean, oraindik udaletxe paretik ari ziren ateratzen mobilizazioaren azken ilarak. Bukaerako ekitaldian merezitako omenaldia egin zaio Txillardegiri, eta ondoren heldu den martxoaren 19an Gernika-Lumon egingo den Euskaraz Bizi Eguna iragarri dute EHEko kideek.

    Aurreikusitako ordua baino hamar minutu beranduago atera da manifestazioa Bulebarreko kioskoaren paretik. Bizkor egin du ibilbidea berriz Bulebarrera iritsi den arte. Lehen manifestariak iritsi eta hamar minutu beranduago, Bulebarra oraindik jendez lepo zegoen. Txalapartaren doinuek egin diete harrera Txillardegiren figuraren inguruan jarduteko. Ondoren, txistulari eta dantzariek agurra egin diote, eta dantzan aritu den Txillardegiren bilobak gaurko egunaren data eta Euskal Herrian Euskaraz-en logoa josita zeramatzan txapela oparitu dio. Ondoren, EHEren izenean, Lamarain eta Arrietak Txillardegirentzat Aitor Amorrek landutako euskal makila eta Arantza Arratibelek eginiko Txillardegiren erretratua oparitu diote. Azkenik, Txillardegik berak hartu du hitza.
     
     
    Xiberutik etorri Amaren Alabak taldeko neskek bi abesti kantatu dituzte, eta Larreategik heldu den martxoaren 19an Gernika-Lumon izango den Euskaraz Bizi Egunera deitu ditu bertaratu direnak.
     
    Datorren astean zehar helaraziko du EHEk ekimenaren inguruko lehen balorazioa.

    Hurrengo egunetan joango gara mobilizazioaren eta omenaldiaren argazki eta informazio berriak gehitzen.