• 28
    OTS

     

    2004an hasi ziren Hizkuntza Eskubideen Egunak atzean utzita iaz Etxarri-Aranatzen bidea hasi zuen Euskaraz Bizi Egunaren aurtengo edizioa aurkeztu du EHEk Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean. Heldu den martxoaren 19an ospatuko da bigarren Euskaraz Bizi Eguna Gernika-Lumon, eta egitarau zabala ekarriko du berekin. Egun osoko haurrentzako txokoa, tailerrak, kale-animazioa eta abarrez gain, ehunka pertsonarentzako bertso-bazkaria, Betagarri, Sarkor eta Joxpa taldeekin kontzertua eta erromeria, eta "Sasi guztien gainetik euskaraz bizi!" leloa eramango duen manifestazioa eta ondoko ekitaldia izango dira ekimenik aipagarrienak. Azpian dituzue kartela eta egitaraua.

     

    EHEko kide Unai Larreategik agerraldian irakurritako testua:

    Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaletik heldu den martxoaren 19an Gernika-Lumon egingo dugun Euskaraz Bizi Eguna aurkeztu nahi dizuegu. Euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko eguna; euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela erakusteko eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik  harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna.

     

    Hainbat ekimen egin ditu EHEk bere sortzetik zentzu horretan, eta aurten ere ez dira gutxi izan. Hor daude iragan azaroko Ezabaketa Astea edota hile honetako 12an Donostian egindako nazio manifestazioa. Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe behar genuela izan aldarrikatu genuen egun horretan. Euskaraz Bizi Egunarekin, jaia eta aldarrikapena uztartuz zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak.

     

    Garai latzak bizi ditu herri euskaldunak. Euskararen aurkako erasoak etengabeak dira. Hizkuntza-ordezkapena oinarrian duen mendetako asimilazio prozesuaren ondorioz frantsesa eta gaztelera ditugu hizkuntza nagusi Euskal Herrian, euskara eta euskaldunok menpeko bihurtuz. Ezin gara euskaraz bizi, euskararen herrian bertan.

     

    Hala ere, ukatzen zaigunaren gainetik euskaldunok hainbatetan erakutsi dugu sasiak astindu eta euskaldun egiten gaituenari eusteko prest gaudela. Geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egitea; auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin ditzakegu. 7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtu eta determinazioz eguneroko hizkuntza praktikan burujabe jokatzea ezinbestekoa da horretarako. Euskaraz bizitzeko hautua egin eta lehentasuna eman behar diogu euskarari norbanakotik hasita, baina guk emateaz gain, lehentasunezko estatusa behar du euskarak bere lurralde osoan.

     

    Martxoak 19an denok Gernika-Lumora!

    Euskal Herri euskaldunaren bidean urrats bat gehiago eman eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izan nahi du Gernika-Lumon egingo dugun Euskaraz Bizi Egunak. Esan bezala, jaia eta aldarrikapena uztartuz, euskaltzale andana batu nahi dugu martxoaren 19an.

     

    Auzolanetik abiatutako egitarau zabala prestatu dugu horretarako. Pasileku inguruan bilduko da eguna; goizeko 11:00etatik aurrera erakusketak, kale animazioa, soka-tira saioa, “Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz” dokumentalaren emanaldia, pegaten erakusketa, euskalgintzaren azoka eta abar egongo dira. Lehen ordutik hasita, musika, dantza eta eskalada tailerrak. Haurrentzako puzgarriak, tailerrak eta olinpiadak; “Euskalduna naiz eta harro nago!” mendi-martxari harrera...

     

    Eguerdian urtero bezala ehunka pertsonarentzako herri-bazkaria antolatu dugu. Aurten baina, bertso-bazkaria izango da. Igor Elortza, Onintza Enbeita, Ander Elortegi eta BeƱat Ugartetxeak hartuko dute parte bertan.

     

    Arratsaldean “Sasi guztien gainetik euskaraz bizi!” lelopean manifestazioa egingo da, eta bukaeran, ekitaldia.

     

    Iluntzean aldiz, kontzertuek hartuko dute lekukoa. Betagarri eta Sarkor arituko dira lehenik oholtza gainean, eta ondoren erromeria egongo da Joxpa taldearekin.

     

    Agerraldi honen bitartez dei egiten diegu euskaltzale guztiei martxoaren 19an Gernika-Lumora joan eta Euskaraz Bizi egunean parte hartu dezaten.

     

     

    Euskaraz bizi!

    Euskal Herri euskalduna eraiki!

     

    Euskal Herrian Euskaraz

    Donostian, 2011ko otsailaren 28an