• 10
    MAR
    Euskaraz Bizi Egunaren atarian bertan parte hartzeko deia luzatu du EHEk
    Donostian egindako agerraldia

    Euskaraz Bizi Egunean eta Nazio Manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaleak gaur goizean Donostian egindako agerraldian. Harekin batera Euskaraz Bizi Eguna prestatzen ibili diren 60 lagun baino gehiago bildu dira Donostiako Alde Zaharreko Trinitate plazan.

    Jaia eta aldarrikapena uztartuz euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko mugarri izanen da Euskaraz Bizi Eguna. Horrela azaldu du EHEk Donostian egindako agerraldian. Horregatik, euskaraz bizi nahi duten guziei luzatu die martxoaren 17ko besta egunean parte hartzeko deia. "Datorren larunbatean euskaldunok sasi artetik jauzia egin eta euskaldun izateaz harro gaudela erakusteko eguna izango da", esan du EHEk.

    Bestalde, atxikimendu kanpainaren bidez 2.000 sinaduratik goiti lortu dituela azaldu du eragile euskaltzaleak. Oraindik ere aukera dago manifestuari babesa emateko, webgune honen bitartez. Donostiako agerraldiaz gain, Oiartzungo EHEk (Gipuzkoa) ere prentsa aurreko agerraldia egin zuen atzo. Euskaraz Bizi Egunean parte hartzeko deia luzatu zuten 36 elkarte eta taldek. Besteak beste, AEK, kultura eta euskara taldeak, mugimendu feminista eta gaztea, eta baita alderdi politiko batzuek ere.

    Euskaraz Bizi Egunerako deialdia:

    Heldu den martxoaren 17an izango da hementxe bertan, Donostiako Alde Zaharrean, Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaletik hirugarrenez deitu dugun Euskaraz Bizi Eguna. Agerraldi honen bitartez, jaia eta aldarrikapena uztartuz euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko mugarri berri bat izan nahi duen egunean parte hartzeko deia luzatu nahi diegu berriz ere euskaraz bizi nahi duten guztiei.

    Euskaraz Bizi Egunaren bidez, jaia eta aldarrikapena uztartuz zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak, euskara eta euskaldunak menpeko bihurtzen gaituzten asimilazio estrategien aurrean euskaraz biziko den herrirantz bidea egiten joateko, inoren eta ezeren zain gelditu barik.

    Bide luzea dugu egiteko. Izan ere, geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egitea; auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin ditzakegu. 7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtu eta determinazioz eguneroko hizkuntza praktikan burujabe jokatzea ezinbestekoa da horretarako. Euskaraz bizitzeko hautua egin eta lehentasuna eman behar diogu euskarari norbanakotik hasita, baina guk emateaz gain, lehentasunezko estatusa behar du euskarak bere lurralde osoan. Horretarako behar dugu kanpo esku hartzerik gabe, bertatik eta bertara erabakitako Hizkuntza Politika burujabea.

    Aurten hirugarrenez ospatuko dugun Euskaraz Bizi Eguna, euskaraz bizitzearen aldeko hautua zabaldu eta indartzeko eguna izango da; baina ez hori bakarrik. Datorren larunbatean euskaldunok sasi artetik jauzia egin eta euskaldun izateaz harro gaudela erakusteko eguna izango da; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela erakusteko eguna, alegia. Egitarau zabala izango da, bai, eta horren baitan azpimarratzekoa izango da ‘Euskalduna naiz eta harro nago!’ lelopean egingo dugun jai giroko Nazio Manifestazio koloretsu eta alaia. Gure webgunearen bidez honekiko atxikimenduak jasotzeko kanpainatxoa abiatu genuen iragan otsailaren 28an, eta jada 2.000tik gora dira aste eta erdi eskasean lortu ditugun atxikimenduak. Zenbaki hori biderkatu egin nahi dugu kalean, eta manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu hemendik euskaldun izateaz harro sentitzen diren eta hori aldarrikatu nahi duten Euskal Herriko norbanako eta eragile guztiei.

    Horretarako bildu gara gaurkoan hemen, Euskaraz Bizi Eguneko egitarauaren zati handiena aurrera eramango den Trinitate Plazan, eguneko deitzaileak zein aipatu egitasmoa hezurtzen eta haragitzen ezinbestekoak diren eragile eta norbanakoak. Eta ez gara gutxi, denok ez gauden arren. Bide batez, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu hemen diren Bagera, Batzen, AEK, Altzako Bizarrain Elkartea, Arrano Elkartea, Alde Zaharreko auzo elkartea, Kantu Jira, Herri Dantzen taldea, Egiako Euskara Batzordea, Kantu Jira, Trikizikloa, Intxaurrondoko hanka-paloak, Donostiako Piratak zein Alde Zaharra, Intxaurrondo, Gros, Amara, Antigua, Añorga, Amara Berri, Egia eta Altzako Gazte Asanbladei; Donostiako Udaleko Nerea Txapartegi, Unai Gaztelumendi edota Euskaraz Bizi Egunean estreinatuko dugun bakarrizketa saioaren sortzaile eta aurrekoaren anaia Beñat Gaztelumendi bertsolariari. Eta noski, gaur etorri ezin izan duten arren egun honetako parte diren Porrotx pailazoa, Bonberenea Txaranga, Skakeitan, 3gabe2, Patxaranga, Betagarri, Hamaika Telebista, Gaztezulo Aldizkaria, Irutxuloko Hitza, dantzari, trikitilari, txalaparta jotzaile, kantari, teknikari eta abar guztiei.

    Euskaraz biziko den herriaren erakusleiho izango da Donostia heldu den martxoaren 17an, guzti hauei esker. Euskaraz bizitzeko hautuari hauspoa eman eta euskaldun izateaz harro gaudela erakusteko aukera izango dugu Euskaraz Bizi Egunean. Zatoz!

    Euskal Herrian Euskaraz
    Donostian, 2012ko martxoaren 10ean

    Iruzkinak

    • Luma gabilondo (2012-03-13 11:20:28)

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.