• 17
    MAR

    Jendetza bildu da "euskalduna naiz eta harro nago" lelopean EHEk egindako Nazio Manifestazioan. Eguraldiari aurre eginez, euskaraz bizi nahi duen herria bizirik dagoela argi geratu da.

    Euskaldun eta harro, jendetzak bete ditu Donostiako kaleak

    Arratsaldeko 18:30ean, "Euskalduna naiz eta harro nago!" nazio manifestazio koloretsu eta alaia hasi da Bulebarretik. Eguraldi bikainak lagundu du Euskaraz Bizi Eguna goiz eta eguerdi osoan zehar. Hala ere, manifestazioaren ordua hurbiltzen joan ahala hodeiek zerua estali dute, eta lehen tantak nabaritzen hasi dira.

    Eguraldiak mobilizazioari begira aurreikusita zeuden hainbat elementu bazterrean utzi behar izatea eragin duen arren, jendetza handia batu da eguraldi kaskarrari aurre eginez. Gaur goizean ia 3.000 ziren honi atxikimendua eman diotenak.

    Mobiliziazioaren ostean ekitaldia izan da Bulebarreko kioskoan. EHEko kide Unai Larreategik bete du aurkezle lana, eta mobilizazioan parte hartu duten guztiei ongi etorria eta eskerrak eman ostean Izarne Zelaia eta Ametz de Miguelek Donostiako EHEren izenean hitz egin dute. Ondoren, Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteko lehendakari Dani Goñik hartu du hitza. Bukatzeko, elektrotxalaparta emanaldiaren ostean EHEko Igone Lamarainek plazaratu du eragile euskaltzalearen mezua.

    Euskaraz bizitzeko nahia grina bihurtu behar dela nabarmendu du Igone Lamarainek. Hautu horretan urratsak ematera deitu ditu han ziren euskaltzaleak. Egun bizi dugun konponbide garaiaz ere mintzatu da. " Euskarari herri honen eraikuntza eta askatze prozesuan dagokion lekua izan dezan eragiteko konpromisoa hartu behar dugu eta euskara, euskalduntasuna, gutxienez abertzaletasunaren pare kokatzeko eragitea dagokigu euskaldunoi". Euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho bihurtu da, beraz, Donostia.

    Iluntzeko 21:00etan Trinitate plaza eta inguruko kaleak jendez lepo ziren. Skakeitan 3gabe2 eta Betagarriren kontzertuek jarriko diote egunari txapela.

    Iruzkinak

    • En (2012-03-18 15:47:57)
      Manifaren bideo bat: http://www.youtube.com/watch?v=w_y--AM5lXI

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.