• 20
    MAR

    Euskaraz Bizi Egunaren balorazio positiboa egin du EHEk. Ekitaldi guziak aurrera eraman ziren, eta jende anitzek parte-hartu zuen haietan guzietan. Batzuek goizeko ekitaldiak nahiago izan zituzten, beste batzuek Nazio Manifestaziora joateko hautua egin zuten, eta Trinitate plaza bete egin zen gaueko kontzertuetan. Giro bikaina izan zen egun osoan zehar.

    Primeran joan zen Euskaraz Bizi Eguna
    Bazkarian ehundaka lagun izan ziren

    Goizean, eguraldi bikaina lagun, milaka lagun bildu ziren Donostian. Porrotxek eta Bonberenea txarangak haur eta guraso anitz erakarri zituzten. Trinitate plazako tailerretan eta Plaza Berriko puzgarrietan gogotsu jostatu ziren neska-mutilak. Bien bitartean, hainbat lagun San Telmon elkartu ziren. Lehenbizi hizkuntza jokabideen tailerrean eta bakarrizketetan gero. Bazkari herrikoian ere ehunka lagun egon ziren.


    Nazio Manifestazioa ere ederki joan zen. Eguraldi txarrak ez zituen euskaltzaleak kikildu, eta jende ugari bildu zen Donostiako kaleetan 'euskalduna naiz eta harro nago' lelopean. Donostiako eragileek ere parte-hartu zuten manifestazioan, musika eta kolorea emanez. Gainera, larunbatean 3.000 atxikimendu zituen jadanik. Arratsalde eta gauean giroa ederra izan zen Donostiako kale eta tabernetan, baita Trinitate plazako txosnetan ere.


    Euskaraz Bizi Egunaren antolaketan parte hartu duten guziei eskerrak eman nahi dizkie EHEk: Bagera, Batzen, AEK, Altzako Bizarrain Elkartea, Arrano Elkartea, Alde Zaharreko auzo elkartea, Kantu Jira, Herri Dantzen taldea, Egiako Euskara Batzordea, Kantu Jira, Intxaurrondoko hanka-paloak, Donostiako Piratak zein Alde Zaharra, Intxaurrondo, Gros, Amara, Antigua, Añorga, Amara Berri, Egia eta Altzako Gazte Asanbladei; Donostiako Udalari, bakarrizketa saioaren sortzaile Beñat Gaztelumendi bertsolariari, Porrotx pailazoari, Bonberenea Txarangari, Skakeitan, 3gabe2, Patxaranga eta Betagarri taldeei, Hamaika Telebista, Gaztezulo Aldizkaria eta Irutxuloko Hitza hedabideei, eta dantzari, trikitilari, txalaparta jotzaile, kantari, teknikari eta abar guztiei. Guziei mila esker anitz.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.