• 09
    MAI
    Senpere herriaren izen ofiziala izan dadin izenpetze bilketa abiatu dute herritarrek
    Izenpetze kanpainaren aurkezpena

    Herriko elkarte eta norbanako talde baten ekimena da, eta Kontseilua eta Euskal Herrian Euskaraz eragileen babesa jaso du. Blog bat paratu dute martxan sinadura bilketa errazteko.

    Eskaria zehatza da: Senpere izan dadila herriaren izen ofiziala. "Gure herrian euskaraz bizi nahi dugu, gure herria Senpere deitzen da, beraz galdegiten diogu Herriko Etxeari euskarazko izena bilaka dadin herriaren izen ofiziala", azaldu du Jean Bruno Etxeberri senpertarrak gaur goizean egindako agerraldian. Helburu hori lortzeko, izenpetze bilketa paratu dute abian herriko elkarte eta norbanakoek. Lana errazteko, Internet bidez ere sinatzeko parada izanen da, horretarako propio prestaturiko blogean: senpere.wordpress.com

    Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez, herritar askoren nahia da izen ofiziala euskaraz izatea. "Nahiz eta frantsesez mintzatu, Senpere erabiltzen dute herritar anitzek, beraz, gauza naturala litzateke izen ofiziala bilakatzea", esan Etxeberrik. Senperen Bai Euskarari Akordioa eta Ziurtagiria garatu ziren duela urte batzuk, eta anitz dira euskara egunerokotasunean gehiago ikusi eta aditzeko neurriak hartu dituzten dendari, elkarte eta medikuak. Kontseiluko ordezkari Laida Mugikak esan du orain herritarren dinamika bat "ezinbestekoa" dela Senperen euskaraz bizi ahal izateko.

    Beraz, herriari dagokion izena ofizial izendatzea izanen da herritar hauen lehenbiziko erronka, baina lanean jarraituko dute Senperen euskaraz bizitzeko aukera guziak bermaturik egon arte. Senpertarrei eskaria izenpetzeko deia luzatu diete, baita inguruko herrietako biztanleei ere. Herri Urrats bestan sinadurak biltzen ibiliko dira.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.