• 11
    IRAI

    Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Aldak epaiketa izan dute goizean, baina ezin izan dute deklaratu, ez baitute itzultzailerik onartu. Kanpoan 35 lagun bildu dira babesa emateko asmoz, eta EHEk hizkuntza paisai arrotza iraultzeko deia berretsi egin du.

     Itzultzailea baztertu eta deklaratzeari uko egin diote EHEko kideek
    Haizea Ramirez de Alda eta Itziar Claver Iruņeko Auzitegian

    'Ezabatu eta euskaraz bizi' ekimenean parte hartzeagatik epaitu egin dituzte gaur Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Alda Altsasuko (Nafarroa) EHEko kideak. Iruñeko Auzitegian euskaraz deklaratu nahi zuten, baina ez dute lortu, auziperatuek ez baitute itzultzailerik onartu. "Euskaraz deklaratu nahi dut baina interpreterik gabe", esan du Ramirez de Aldak. Claverrek ere bide bera hartu du: "Ez dut ulertzen bertako hitzkuntzan hitz egiteko interprete bat behar izatea hemen". Orduan fiskalak galdetu die ea nahi duten hizkuntzan hitz egiteko aukera dutela uste duten.

    Defentsaren aburuz ez da froga nahikorik azaldu. Poliziak esandakoaz gain, ez dute EHEko kideek ustez ezabatu zuten seinalearen argazkirik azaldu. Gainera, 16 ezabaketa leporatzen dizkiete, eta horietatik hamarri baizik ez diete argazkia atera. Bestalde, bi lekukok azaldu dute ezabaketa horietako batzuk aspaldikoak direla, eta argazkietan ageri ziren seinaleak errepikaturik agertu dira. Foruzainak onartu du "oso arrunta" dela Altsasu eta inguruetan erdarazko seinaleak ezabatuak egotea, eta ezin izan du baieztatu ezabaketa guziak Ramirez de Aldak eta Claverrek egin zituztenik.

    Epaiketaren bukaeran, deklaratzeari uko egitea frogatzat hartu du fiskalak. Beraren aburuz ezabaketa egin izan ez balute deklaratu eginen lukete. Antza fiskalak ahantzi egin du euskaraz deklaratzeko prest zirela, beti ere itzultzailerik gabe. 941,43 euroko isuna esakatu dute fiskalak eta Nafarroako Gobernuak, hori omen baita seinaleak garbitzearen kostua. Hala ere, ez dute gastuaren ordainagiririk azaldu frogen artean. Fiskalak sei eguneko zaintza iraunkorra gehitu du.

    Ramirez de Aldak eta Claverrek azken hitza erabili dute Euskal Herrian euskaldunok bizi dugun egoera salatzeko. "Salatu nahi dugu euskaraz bizitzeko aukerarik ez dugula. Euskaraz bizitzeagatik hemen egotea lotsagarria da". Garazi Urrestarazu Altsasuko alkateak ere elkartasuna adierazi die Auzitegian bertan, testigu gisa deklaratzean: "Uste dut euskaldunon eskubideen alde lana egiten dutela akusatuek eta ez direla horregatik epaituak izan behar".

    Elkartasuna

    Epaitegiaren kanpoaldean 35 lagunek babesa azaldu diete auziperatuei Iruñeko Auzitegiaren parean. Elkarretaratzea egin dute 10:00etatik aurrera, eta bertan izan dira Kontseilua, AEK, Behatokia eta Sortzen-Ikasbatuazeko kideak. Etxarri-Aranazko eta Altsasuko zinegotzi bana ere agertu dira, baita auziperatuen bizilagunak ere. Arratsaldean elkarretaratzea eginen dute Altsasuko Udaletxearen parean 19:30ean.  Orain, epaia ezagutzeko zain dira EHEko kideak. Bien bitartean 'Ezabatu eta euskaraz bizi' ekimenaren beharra berretsi du EHEk, eta gizarteari hizkuntza paisai arrotzari erantzuteko galdegin.

      • Epaiketa_08
      • Epaiketa_07
      • Epaiketa_03
      • Epaiketa_04
      • Epaiketa_05
      • Epaiketa_06
      • Epaiketa_08
      • Epaiketa_02

      Iruzkinak

      Egin zure iruzkina

      • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
        Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.