Irakurketa Archives - Euskal Herrian Euskaraz https://ehe.eus/category/irakurketa/ Herri mugimenduko eragile euskaltzalea Wed, 03 Dec 2025 14:37:47 +0000 eu hourly 1 https://wordpress.org/?v=6.8.5 https://ehe.eus/wp-content/uploads/2020/05/cropped-favicons-1-32x32.png Irakurketa Archives - Euskal Herrian Euskaraz https://ehe.eus/category/irakurketa/ 32 32 242873344 Linguae Vasconum Primitiae Euskal Herrian geldi eta euskara mundura jalgi! https://ehe.eus/linguae-vasconum-primitiae-euskal-herrian-geldi-eta-euskara-mundura-jalgi/ Wed, 03 Dec 2025 14:37:47 +0000 https://ehe.eus/?p=4190 Iaz aldarrikatu modura, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna, borroka eguna da euskaldunontzat. Euskaltzaleen ekin ikaragarriari ...

Irakurri osorikLinguae Vasconum Primitiae Euskal Herrian geldi eta euskara mundura jalgi!

The post Linguae Vasconum Primitiae Euskal Herrian geldi eta euskara mundura jalgi! appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
Iaz aldarrikatu modura, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna, borroka eguna da euskaldunontzat. Euskaltzaleen ekin ikaragarriari esker, euskarak gaur arte biziraun du eta hori, bere horretan, izugarrizko lorpena da. Baina, euskaldunon aurkako egiturazko zapalkuntza gainditzerik ez dugu lortu eta ondorioz, hizkuntza larrialdi egoeran gaude; osasun beteko egoeratik baino heriotzatik hurbilago. 

Horregatik, gaur, Baionako Euskal Museoko gela honetan eserialdia egin dugu. Bertan, hiru hilabetez, 1545. urtean inprimatutako Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua dago erakusgai, euskaraz inprimatutako lehen liburua. Ekintza honen bitartez, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak orain egun batzuk egin modura, lan honek Euskal Herrian egon behar duela exijitzen dugu; Etxepareren jaioterrian, Garazin. Euskal Herriaren ondare kulturala delako eta gure historiaren parte delako.  

Euskaldunontzat erreferentziazkoa den lan hau Frantziako Liburutegi Nazionalak du hartua jabetzan. Paradoxikoa, ezta? Espainiako Estatuarekin batera, euskaldunon zapalkuntzaren arduradun nagusi den frantziar Estatuaren esku dago euskal herritar batek, euskaldun batek, euskaraz inprimatutako lehen liburua. Euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzen eta euskara heriotzara daramatenen eskuetan halako ohorerik izatea ez da bidezkoa. 481 urtetan, ezin uka ondo gorde dutenik eta, zentzu horretan, gure eskertza hain ondo zaindu izanagatik. Baina, hain justu, liburuarekin egin duten horixe da euskararentzat nahi dutena: museoan ondo gordetako altxorra izaten jarraitzea. Ez dute, ordea, euskara hortik haratago zabaltzerik nahi. Etxeparek ez bezala, ez dute euskara plazara, mundura, jalgitzerik nahi.

Kontseiluak eta Konfederazioak adierazi modura, “liburuarekin gertatzen ari denak ederki azaltzen du zein den 2025 honetan euskarak Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan bizi duen egoera. Frantziako Estatuak ‘baimendu’ egiten ditu euskararen aldeko politika eta baliabide murritz batzuk, baina oso-oso urrun daude euskarari etorkizuna bermatzeko indarrean jarri behar diren politika publiko eta baliabideetatik”. Horregatik, EHEtik argi diogu frantziar zein espainiar estatuetatik independentzia lortzea ezinbestekoa dela euskararen etorkizuna bermatzeko. Horien menpeko bai baitakigu apurrak jasotzen jarraituko dugula.

Era berean, museo honetan euskarari lehentasunezko lekua ematea eskatzen dugu. Euskal Museoa izanik, ezin liteke beste modu batera izan; egun gertatzen dena lotsagarria ez ezik, euskaldunontzat umiliagarria baita.

Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, euskaraz inprimatutako lehen liburu hau Euskal Herrian gera dadila eta Euskal Museoan euskarari lehentasunezko trataera eman diezaiotela eskatzeaz gain, aktibaziotako deia egin nahi diegu euskaltzale guztiei. Euskararen Errepublika ipar hartuta, euskararen alde antolatzeko deia, euskararen borrokara batzeko deia. Bestalde, arduradun politikoei exijitzen diegu gizarte justu eta berdinzalea eraikitzeko duten ardura bete dezatela. Bide horretan, bizi dugun hizkuntza zapalkuntzari bizkar emateak ez du balio; alderantziz, lehentasunetara ekarri behar da. 

Euskaldun orok altxa beza burua! Euskaltzaleon garaia da! Larunbatean, 13:00etan, Landako Gunetik hasita, euskaltzaleok Durangon ikusiko dugu elkar. Euskal Herri euskaldunaren alde, independentziaren alde, Euskararen Errepublikaren alde, bete ditzagun kaleak!

 

The post Linguae Vasconum Primitiae Euskal Herrian geldi eta euskara mundura jalgi! appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
4190
Abenduaren 6an, denok Durangora https://ehe.eus/abenduaren-6an-denok-durangora/ Thu, 27 Nov 2025 20:43:45 +0000 https://ehe.eus/?p=4183   Euskal Herriko 30 eragilek baino gehiagok eman diote euren atxikimendua “Euskaraz Bizitzeko, Euskararen Errepublika” ...

Irakurri osorikAbenduaren 6an, denok Durangora

The post Abenduaren 6an, denok Durangora appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
 

Euskal Herriko 30 eragilek baino gehiagok eman diote euren atxikimendua “Euskaraz Bizitzeko, Euskararen Errepublika” lelopean, abenduaren 6an egingo den manifestazio nazionalari. Hala, gaur, hemen, eragile horietako hainbat ordezkari bildu gara euskara erdigunean jartzearen eta euskararen alde mobilizatzearen beharra azpimarratzeko. Euskalgintzako nahiz bestelako herri mugimendutako eragileak eta sindikatuak, bat hartuta, Euskal Herri aske eta euskaldunaren aldarripean.

 

Zentzu askotan, garai ilunak bizi ditugu. Krisi anizkoitzen aroan gaude eta larrialdi ugaritako alarmak piztu dira azken urteotan; horien artean, gurean, hizkuntza-larrialdiarena. Estu gabiltza eta aurkako indarrak bizkor. Tartean, euskaldunon egiturazko zapalkuntzaren arduradun nagusi diren frantziar eta espainiar estatuak uneoro dabiltza euskaraz bizitzeko gure nahia eta eskubidea ukatzen. Horregatik, orain, hizkuntzaren aldeko mugimendu indartsua abian jartzeak berebiziko garrantzia du.

 

Testuinguru horretan, gainera, jarrera erreakzionario eta atzerakoiak ugaritzen ari dira eta horiek, modu batera edo bestera, ondorio zuzena dute gure egunerokoan. Eskubide sozial oro jarri dituzte jo puntuan eta ez, zehazki, aurrera egiteko, atzera eragiteko baizik.

 

Borroka ardatz desberdinak lehentasun gisa hartuta, Euskal Herri aske eta justu baten aldeko lanean dihardugu hemen gauden eragile guztiok. Eta bide horretan, jasaten dugun hizkuntza zapalkuntza gainditzea ezinbestekoa ez ezik, zentrala izango da. 

Egoera kezka handiz bizi dugu, baina kezka horrek ez garamatza, inondik inora, jarrera immobilizatzaile batera. Kontrara, eta etsipenetik urrun, eragiteko eta egoera aldatzeko konpromisoa hartua dugu. Aurreko belaunaldiek erakutsi digute euskara putzu sakon eta ilunenetik atera daitekeela eta gu, sinetsita gaude, oraingoan ere aurrera egingo dugula; euskararen aldeko pizkunde berria harrotuko dugula.

 

Parez pare dugun erronka handia da eta horri aurre egiteko, euskaltzale guztion ekarpena eta inplikazioa ezinbestekoak izango dira: bai maila pertsonalean, bai maila kolektiboan. Norbanako eta eragile sozialetatik haratago baina, berebiziko erantzunkizuna dute erabakiguneetan dauden arduradun politiko eta instituzionalek. Konfiantza osoa dugu euskararen aldeko olatu berria indartzeko kolektiboki dugun indarrean. Horregatik, batu euskararen aldeko borrokara, batu Euskal Herri euskalduna eraikitzeko olatura.

 

Abenduaren 6an, bete ditzagun Durangoko kaleak euskararen alde; Euskararen Errepublikaren alde.

The post Abenduaren 6an, denok Durangora appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
4183
Euskaldunon kontrako zapalkuntzaren aurrean, euskaraz bizi nahi dugu https://ehe.eus/euskaldunon-kontrako-zapalkuntzaren-aurrean-euskaraz-bizi-nahi-dugu/ Mon, 29 Sep 2025 14:49:05 +0000 https://ehe.eus/?p=4147 Joan den larunbatean, irailaren 27an, EHEko lau ekintzailek “Euskaraz bizi nahi dugu” aldarria idatzi zuten, ...

Irakurri osorikEuskaldunon kontrako zapalkuntzaren aurrean, euskaraz bizi nahi dugu

The post Euskaldunon kontrako zapalkuntzaren aurrean, euskaraz bizi nahi dugu appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
Joan den larunbatean, irailaren 27an, EHEko lau ekintzailek “Euskaraz bizi nahi dugu” aldarria idatzi zuten, tinduz, Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionan duen eraikinean. Ekintza egin bezain pronto, Frantziako poliziak atxilo hartu zituen lau kideak eta, gaur arte, 48 orduz, izan dituzte komisaldegian atxilotuta. 

Gaur jakin dugunez, larunbateko ekintzagatik, lau ekintzaileak otsailaren 5ean epaituko dituzte, Baionako epaitegian. Kideetako bati, gainera, aurrez ere horrelako ekintzatan parte hartu izanagatik, epai eguna bitarte, kontrol judiziala ezarri diote. Egoera honen aurrean, EHEtik argi adierazi nahi dugu euskararen alde egiteagatik, ez gaudela errepresiorik onartzeko prest eta euskaldunok jasaten dugun zapalkuntzari aurre egiten jarraituko dugula. 

Euskarak eta euskaldunok azkenaldian jasan ditugun erasoek argi erakusten dute Frantziako zein Espaniako estatuek euskararen normalizazioaren kontrako bide aktiboa hartua dutela. Hainbat adibide ditugu horren erakusgarri: EAEko hezkuntza legea, Nafarroa Garaiko merezimenduen dekretua edota Ipar Euskal Herriko EPP eta EKEren aurrekontuetan izandako beherakadak, besteak beste. Horiek guztiek euskaldunon hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzea dakarte, eta euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi politiko, mediatiko eta sindikalaren baitan kokatzen ditugu. Gertaerok frantziar nahiz espainiar estatuen urte luzeetako jokamoldea berretsi besterik ez dute egiten, euskaldunon kontrako zapalkuntza eta bazterkeria ez baitira gauza berria. 

Euskararen aldeko borroka, borroka politikoa da eta etsai politikoak ditu. Hala, horiei aurre egiteko, desobedientzia zibilaren bidea beharrezkoa dugu eta horretan jarraitzeko konpromisoa hartua dugu. Hizkuntza-eskubideak ukatzen dizkiguten legeak eta erabaki politikoak gainditu behar ditugu eta kolektiboki salatu euskararen aurkako politika zapaltzaileak ez direla onargarriak eta ez ditugula zilegiztatzen.

Zentzu horretan, EHEtik argi dugu bi estatu zapaltzaile horien baitan ez dugula euskarak behar dituen politikak garatzea lortuko eta horregatik diogu independentzia, Euskararen Errepublika, ezinbesteko dugula. Bide horretan, hitzordu garrantzitsua izango dugu urte amaieran, abenduaren 6an. Euskaraz Bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, manifestazio nazionala egingo baitugu Durangon, 13:00etan, Landako Gunetik hasita. Beraz, euskaltzale oro gonbidatzen dugu euskararen alde mobilizatzera eta egunerokoan, gure eskubideen aldeko borroka erdigunean jartzera.

The post Euskaldunon kontrako zapalkuntzaren aurrean, euskaraz bizi nahi dugu appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
4147
Hizkuntza eta osasuna txirikordan https://ehe.eus/hizkuntza-eta-osasuna-txirikordan/ Sun, 29 Jun 2025 17:29:06 +0000 https://ehe.eus/?p=3480 Hizkuntza eta osasuna txirikordan Segurtasun linguistiko eta kulturala osasun arretaren irisgarritasunerako eta kalitaterako   Euskal ...

Irakurri osorikHizkuntza eta osasuna txirikordan

The post Hizkuntza eta osasuna txirikordan appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>

Hizkuntza eta osasuna txirikordan

Segurtasun linguistiko eta kulturala osasun arretaren irisgarritasunerako eta kalitaterako

 

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU)

EHEko kideez gain, gaian aditua den Aitor Montes Lasarte Osakidetzako familia medikuak,

EHUko Jon Zarate Sesma eta Izaskun Elegarai ikertzaile doktoreak

eta EHUko “Euskaraz Sendatu” taldeko Miren Herrero ikasleak koordinatu dute proiektua,

eta “Aintzat” taldearen kolaborazioa izan dute.

The post Hizkuntza eta osasuna txirikordan appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
3480
Baiona 2025/04/06 | Justizia euskararentzat! https://ehe.eus/justizia-euskararentzat/ Mon, 07 Apr 2025 15:53:14 +0000 https://ehe.eus/?p=3327 Apirilaren 6an, Baionako kaleak bete genituen euskararentzat justizia eskatzeko. ARGAZKI GALERIA: (Manifestazioko irakurketa· 2025/04/06· Baiona)“Esna ...

Irakurri osorikBaiona 2025/04/06 | Justizia euskararentzat!

The post Baiona 2025/04/06 | Justizia euskararentzat! appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>

Apirilaren 6an, Baionako kaleak bete genituen euskararentzat justizia eskatzeko.

ARGAZKI GALERIA:
(Manifestazioko irakurketa· 2025/04/06· Baiona)

“Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da eta guk badakigu sua
egiten”. Hementxe, Baionako Herriko Etxearen aitzinean, milaka eta milaka
euskaltzale geunden bilduta orain urtebete pasatxo, 2024ko martxoaren 24ean,
Korrikaren amaiera eta euskararen aldeko festa erraldoia ospatzen. Gogoan al
duzue? Garazi Arrulak idatzitako pasarte horretxekin bukatu zen amaierako
ekitaldia, piztia esnatzeko deiarekin; eta piztia, inoiz lozorroan egon ez bada ere,
aspaldiko ozenen dabil orroka. Agian, ke asko usaintzen dabilenaren seinale?

Denbora tarte honetan, ez diogu sua elikatzeari utzi. Hain justu, datorren ostiralean,
Baionako auzitegian epaituko gaituzte, sua indartzeagatik. Epaituko gaituzte, joan
den abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, “Justizia Euskararentzat”
idazteagatik Baionako epaitegiko horman.

Euskararen Nazioarteko Egunean ekintza hori burutu genuen, besteak beste, bi
konstituzio arrotzen pean bizi dugun zapalkuntza eta injustizia salatzeko;
epaitegietatik datorkigun oldarraldiari ekintza zuzenez erantzuteko; eta euskararen
biziraupenerako ezinbesteko dugun Euskararen Errepublika aldarrikatzeko. Horrez
gain, nazioarteari hizkuntzen aniztasunak munduaren edertasuna egiten duela
adierazteko, eta, batez ere, euskara egoera kezkagarrian dagoela ohartarazteko.

Euskalgintzaren Kontseiluak, joan den maiatzean, Baionako plaza honetan, euskara
larrialdi egoeran dela eta euskararen aldeko hizkuntz politikan jauzi bat ematea
ezinbestekoa dela ohartarazi zuen. Hain zuzen, abenduaren 27an, Bilbon,
Kontseiluak deiturik, milaka euskaltzale mobilizatuko gira eta jauzi hori irudikatuko
dugu.

Larrialdi linguistikoan gira beraz, eta ondoko hiru adibideak, beste ainitzen artean, horren adierazle dira: Lehena: euskaraz ikasten duten ikasleei, azterketak euskaraz
pasatzea debekatzen diete. Alegia, euskaraz idaztea debekatzen diete; Bigarren adibidea: Behin baino gehiagotan, auzitegian, euskaraz deklaratzea debekatu digute. Alegia, euskaraz mintzatzea debekatzen digute; Hirugarrena: euskarak ez du lege egokirik euskararen herri osoan.

Euskararen zapalkuntza horiek eta gainerateko guziak salatzeko egin genuen
abenduaren 3ko ekintza; abenduaren 3a borroka eguna baita guretzat. Hori
egiteagatik, Baionako komisaldegian atxiloturik gintuzten bitartean, Imanol
Pradales lehendakariak Bilboko Euskalduna Jauregian hau adierazi zuen: “Euskara
arnas berritu ahal izateko, jauzi kualitatibo bat eman behar dugu herri honetan”.
Euskararen aldeko adierazpen ederrak egitea ongi da, baina bereziki ekintza
ausartak eta eraginkorrak behar ditugu.

Eta lehen ekintza, euskarak pairatzen duen zapalkuntza ozen salatzea da: salatzea
indarrean diren legeek euskara ukatzen dutela, edo kasurik onenetan euskarari
bigarren mailako estatusa emaiten diotela; salatzea frantziar eta espainiar
estatuetan indarrean diren legediak euskararen aurkakoak direla, zapaltzaileak
direla, euskara heriotzara daramatela; salatzea, frantziar eta espainiar konstituzioak
linguizidak direla.

Euskararen borroka epaitegi barnera berriz ekarriko dugu, euskararen zapalkuntza
legala inon baino hobekiago hor ageri delako. Auzitegian euskaraz hitz egitea
debekatzeak, agintariek euskara heriotzara kondenatzen dutela erran nahi du, nahiz eta euskararen aldeko itxurazko ekintza batzuk egiten dituzten.


Azken hamarkadetan, behin eta berriz eskatu dugu bi konstituzio arrotz horiek
aldatzea; baina, alferrik. Estatu horietako agintariek ez dituzte legedi bidegabe
horiek aldatu nahi. Horien baitan, ordea, ikus dezakegunez, ez dago justiziarik ez
euskararentzat, ez euskaldunontzat. Horregatik, guk argi dugu: Euskal Herriak
independentzia behar du, Euskararen Errepublika.

Euskararen Errepublika hori eraikitze bidean, ezinbestekoa da euskararen
zapalkuntzaren aurrean ez makurtzea. Horregatik, zuzena ez den legeari, jarrera
intsumisoz eta desobedienteaz erantzuteko deia egiten dugu, kolektiboki antolatuz.

Aurkako indarrak gainean ditugu, indartsu gainera, eta faxismoaren nahiz eskuin
muturraren gorakada orokorraren testuinguruan, borrokaren bitartez lortutako
eskubide sozial orotan eragin nahi dizkigute atzerapausoak, besteak beste,
hizkuntzaren arloan.


Indar horien aitzinean, elgarrekin antolatu behar gira euskararen gaineko egiturazko
zapalkuntza gainditzeko, eta hori, beste borroka batzuekin batera egitea
beharrezkoa da. Bat eginez, indarrak biderkatu eta sistema zapaltzaile hau
arrailduko dugu, desio dugun Euskal Herri aske eta zapalkuntzarik gabea eraikitzeko.


Hala, euskararen alde borrokatzea, justizia orokorraren alde borrokatzea da, munduko herritar guzien arteko injustiziak desagerraraztearen alde borrokatzea da.
Euskara justiziaren aldeko hizkuntza izan dadila.


Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugulako eta justizia nahi dugulako: justizia
euskararentzat eta euskara justiziarentzat!


Gora Euskal Herri euskalduna!

Gora Euskal Herria askatuta!

The post Baiona 2025/04/06 | Justizia euskararentzat! appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
3327
Tolosako eraso euskarafoboaren aurkako kontzentrazioa https://ehe.eus/tolosako-eraso-euskarafoboaren-aurkako-kontzentrazioa/ Sun, 16 Mar 2025 20:45:04 +0000 https://ehe.eus/?p=3306 2025/03/13 // Elkarretaratzeko irakurketa Martxoaren 2an, Euskal Herrian Euskarazeko bi kide mehatxatu eta erasotu zituen ...

Irakurri osorikTolosako eraso euskarafoboaren aurkako kontzentrazioa

The post Tolosako eraso euskarafoboaren aurkako kontzentrazioa appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
2025/03/13 // Elkarretaratzeko irakurketa
Martxoaren 2an, Euskal Herrian Euskarazeko bi kide
mehatxatu eta erasotu zituen Tolosako Renfe enpresako segurtasun-agente
batek. "Espainian zaude, espainieraz hitz egingo dizut eta zuk espainieraz
erantzungo didazu", bezalako mehatxuak egiteaz gain, kideetako bat lepotik
heldu, lurrera bota eta pare bat minutuz lurrean geldiarazita eduki zuen.


Euskaldunon aurkako eraso hau ez da gertaera isolatu bat, ondorio
sistematiko bat baizik. Gure egunerokoaren parte dira, izan dira eta, tamalez,
izaten jarraituko dute. Faxismoaren eta ultra-eskuinaren gorakadaren
testuinguruan, gainera, ugaritzen doaz. Euskal Herrian Euskerazetik, garbi
dugu, egiturazko zapalkuntza honi aurre egiteko independentzia ezinbesteko
dugula. Euskararen Errepublika.


Hala, Euskararen Errepublika ipar hartuta, euskaldunon aurkako eraso
bakoitza salatzen eta desobedientzia jarrerak indartzen jarraituko dugu;
betiere, modu arduratsuan jokatuz eta, ahal bada, kolektiboki antolatuz.
Zapaltzaileek garbi izan dezatela: aurrean izango gaituzue!


Gaur hemen elkartu garenok, argi dugu. Erabat salatzen ditugu horrelako
jarrerak nahiz erasoak eta horien aurrean, beharrezko ikusten dugu
euskaltzaleok saretzea eta indarrak bateratzea.


Apirilaren 6an, 11.30ean Baionako Justizia Jauregitik hasita egingo dugun
manifestazio nazionalean, eraso euskarafobo oro salatzeko eta
euskararentzat nahiz euskaldunontzat egiazko justizia aldarrikatzeko aukera
izango dugu. Bertan ikusiko dugu elkar.


Gora Euskal Herrian Euskaraz!
Gora Euskararen Errepublika!


The post Tolosako eraso euskarafoboaren aurkako kontzentrazioa appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
3306
Abian da euskaldunon harroaldia! https://ehe.eus/abian-da-euskaldunon-harroaldiaabian-da-euskaldunon-harroaldia/ Tue, 30 Apr 2024 09:00:47 +0000 https://ehe.eus/?p=2505 Lehenengo aldiak beti izan ohi dira bereziak eta Euskal Herrian Euskarazko kideontzat, halaxe izan da ...

Irakurri osorikAbian da euskaldunon harroaldia!

The post Abian da euskaldunon harroaldia! appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
Lehenengo aldiak beti izan ohi dira bereziak eta Euskal Herrian Euskarazko kideontzat, halaxe izan da estreinakoz egin dugun Euskaldunon Harrotze Astea. Zazpi egunetan zehar, bizipen nahiz esperientzia ederrak partekatzeko aukera izan dugu Euskal Herri luze zabaleko euskaltzaleok elkarrekin harrotuz, saretuta ahaldunduz eta eraginez, alegia. Haien oldarraldiaren aurrean, gure harroaldia abian da.

Apirilaren 22tik 28ra, eragile zein norbanako euskaltzaleei, kolektiboki harrotzeko eta tokian tokiko borrokak berpizteko deia egin genizuen eta jasotako erantzunarekin oso gustura gaude. Lortu dugu euskararen aldeko aldarriak eta borrokak kalera (zein sarera) ateratzea. Lortu dugu euskarari kalea ematea eta kaleari euskara!

Asko izan zarete Harrotze Astearekin, modu batera edo bestera, bat egin duzuen euskaltzaleak. Handik eta hemendik iritsi zaizkigun atxikimendu mezuak, ekintzen irudiak, material eskaerak… espero baino gehiago izan dira eta horregatik, eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. 

Aipatu modura, kolektiboki harrotzeko eta euskararen aldeko tokian tokiko borrokak pizteko helburuarekin deitu genuen Harrotze Astea, Euskal Herri euskalduna lortzeko ezinbesteko izango baitugu hori. Jakin badakigu, zenbait kasutan, helburuok ez direla gauetik goizera lortzeko modukoak baina, uste dugu, Harrotze Astea bultzada polita izan dela bide horretan. Abiapuntu garrantzitsu batzuk markatu eta harreman sare interesgarriak osatzen hasi baikara. Ari gara bidea egiten eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko, giltzarri izango da konstantzia eta talde-zaintza; hau da, eragiten ari garen eremuetan lanean jarraitzea eta hori ongi zaindutako sareen bidez egitea. 

Horregatik, Euskaldunon Harrotze Astean piztu den sua hauspotzen jarraitzeko deia egin nahi genizueke. Euskal Herri Euskalduna lortzeko bidean, abian jarritako borrokei bide ematea eta euskaldunon komunitatea indartzen jarraitzea ezinbesteko izango dugu. Euskara izango dugu askapenerako bide eta desio dugun Euskararen Errepublika, nola ez, euskalduna eta zapalkuntzarik gabekoa, eraikitzeko tresna. Elkarrekin, jarrai dezagun borrokan, harro!

 

The post Abian da euskaldunon harroaldia! appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
2505
Euskaltzale uholdea batu da Durangon https://ehe.eus/euskaltzale-uholdea-batu-da-durangon/ Tue, 06 Dec 2022 15:33:16 +0000 https://ehe.eus/?p=2439 Eguraldi petrala eta pandemiaren egoera ez dira oztopo izan euskaltzaleek euskararen errepublika aldarrikatzeko. Hona hemen ...

Irakurri osorikEuskaltzale uholdea batu da Durangon

The post Euskaltzale uholdea batu da Durangon appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>

Eguraldi petrala eta pandemiaren egoera ez dira oztopo izan euskaltzaleek euskararen errepublika aldarrikatzeko.

Hona hemen manifestazioaren bukaeran EHEk irakurritako mezua:

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiegu hitz egin duten kurduei. Guretzat ohorea da beraien herriaren askatasunaren eta hizkuntzaren biziraupenaren alde borrokan dagoen herri Kurduaren ordezkariak gaur hemen gurekin egotea. Horregatik EHEko kideok ere ozen diogu Biji Kurdistan!

Zuek Euskal Herrira etorriak zinetela jakin genuenean, Turkiar estatu inperialista eta linguizidak erail zuen Musa Anter idazle kurduaren esaldi hau gure oroimenera etorri zen:

“ Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure estatua nire lurrean eraiki duzula”.

Esaldi horrek oso ondo islatzen du euskaldunok, kurduek eta munduko hizkuntza gutxitu guztietako hiztunek pairatzen dugun errealitatea. Estatu arrotzek gure lurretan eraiki dituztela euren egiturak. Estatu arrotzek euren hizkuntzak gure berezko hizkuntzak ordezkatuz inposatu nahi dizkigutela.

Manifestazio honetarako deialdia egin dugunean, euskaldunak arnasarik gabe nahi gaituztela salatu dugu. Eta horrela da. Espainiar eta Frantziar estatuek eta beraien aldeko indarrek itota nahi gaituzte. Gure hizkuntza gure gorputzetatik ostu nahi digute. Herri izatea ematen digun osagaia, euskara, zokoratu nahi dute. Euskararen herriari bizigaia kendu nahi diote.

Hamaika bide eta forma erabili dute horretarako historian zehar. Erdarak derrigortzea, debekuak, zigorrak, irainak… Lehen “casero” eta “aldeano” ginen, orain “supremazista inposatzaileak”. Lehen “gorri separatistak”, orain “burges pribilejiodunak”. Hitz ezberdinak baina helburu bakarra: gu desager araztea.

Helburu horrekin, estatuen botere eta ahalmen guztiak euskara gutxiagotu eta gure eskubideak urratzeko baliatu dituzte. Batzuetan zuzenean eta bortizki; besteetan zeharka eta maltzurrago. Frantziar eta Espainiar estatuak ez daude prest euskararen berreskurapen eta normalizazio osoa gerta dadin uztera. Ez daude prest euskaldunok normaltasunez euskaraz bizi ahal izatera irits gaitezen. Zapalkuntza hau da euskaldunok pairatzen dugun hizkuntza-gatazkaren muina eta euskararen egoeraren jatorria. Ez besterik.

Baina bizirik gaude. Zorigaiztoko patu beltz guztiei aurre eginez Euskal Herria bizirik dago XXI. mendean. Mendeetan asko izan dira eta egun badira euskararen heriotza iragarri dutenak. Baina bata bestearen atzetik okertu dira. Ustezko azti iragarle horiek ez dira konturatzen funtsezko gauza batez: hemen herri bizi bat dagoena. Bere hizkuntza maite eta bere hizkuntzan bizi nahi duen herri bat dagoena. Ez dira konturatzen gu euskaldun izateaz harro gaudela eta gure hizkuntzari eta nortasunari eutsiko diogula etorkizuneko enbatak direnak izanda ere.

Kasu hala ere. Euskalgintzak adierazi duen bezala, egungo hizkuntza-politikek eta marko juridikoek eman behar zutena eman dute eta bestelako marko juridiko batera jauzi egiteko unea dugu. Baina horrekin batera, zerumugan azaltzen ari diren erronka eta mehatxuei gutxieneko bermeekin aurre egin ahal izateko eta estatuen etengabeko inposizio linguistikotik euskaldunak babesteko, burujabetza osoa eskuratu behar dugu ezinbestean. Hau da, inolako kanpo-eskuhartzerik gabe soilik Euskal Herrian erabaki behar dugu zein nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun berton. Horretarako, Euskararen Errepublika independentea eskuratu behar dugu ezinbestean. Soilik horrela lortuko dugu Euskal Herri euskalduna berreraikitzea.

Hori dela eta, gaurkoan, Euskal Herrian Euskaraz-ek 3 dei luzatu nahi ditu:

• Lehenengoa: Euskalgintzari.

Euskalgintzari dei egiten diogu euskararen borroka biderkatzera; euskalduntzearen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aldeko jarduna berrindartu eta Euskal Herri luze-zabalean hedatzera. Inertziak eta bertan goxo egotea astindu behar ditugu, euskararen aurka datorren oldarraldiaz jabetu eta horri aurre egiteko euskaltzaleon harresia altxatzeko erantzukizuna du euskalgintzak. Ezin dugu beste alde batera begiratu eta ihes egin erantzukizun horretatik. Ortzi-mugan laino beltzak azaltzen hasiak dira eta ekaitz horri aurre egiteko babes bakarra euskaldunon aterperako etxea eraikitzea da; soilik euskaldunok gobernatuko dugun etxea. Eta etxe horren zutabe nagusienetakoa hizkuntza-politika burujabea izango da. Aktiba ditzagun beraz euskalgintzak dituen indarrak norabide horretan instituzio eta eragileak presionatzeko.

• Bigarren deia: Eragile independentistei.

Gero eta eragile gehiago gara Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzen dugun eragileak. Bakoitza bere lehentasunezko kezketatik abiatuta, inolako mendekotasunik izango ez duen herri burujabea aldarrikatzerako bidea egiten ari gara. Erabaki ahalmena berton bizi garenok soilik izango dugun herria amesten dugu. Mundu anker eta bidegabe honetan bestelako jendarte eredua eraikitzeko. Inolako zapalkuntzarik izango ez den euskal jendartea eraikitzeko.

Horregatik, eragile independentistei adierazi nahi dizuegu argi izan behar duzuela prozesu subiranista zintzoa izateko nagusiki euskaraz izan behar dela. Euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk. Euskara ere prozesu subiranistaren erdigunean kokatu behar duzuela gainontzeko aldarrikapenekin batera, benetan urrats erabakigarriak emateko prozesu horretan. Bizitzak erdigunean jarri behar ditugu eta herri honen bizigaia euskara da. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza.

Premisa horretatik abiatuta, bizi dugun egoerak eragile politiko, sindikal eta sozial independentistok elkarrekin esertzea eskatzen du Euskal Herrian Euskaraz-en ustez; adostasunak bilatu eta guztion artean Euskararen Errepublikara, Euskal Errepublikara, eramango gaituen gehiengo sozial independentista egituratzeko. Gure herrikideak ilusionatu eta aktibatu behar ditugu askatasunera eramango gaituen ipar baten bueltan. Gure herriak eskatzen du.

Datozkigun astinaldiak bizirik gauden euskaldun gehienok inoiz ezagutu ez ditugun dimentsio eta intentsitatekoak izango dira eta horiei soilik herri gisa baturik aurre egin ahalko diegu. Hori epe erdian egin ezean, neoliberalismo homogeneizatzailearen eta estatuen zentralismo linguiziden olatuak gainetik igaroko zaizkigu; herri gisa desager arazia izateko arrisku nabarmenarekin. Euskal Herriak behar du beraz. Soilik horrela lortuko dugu gure hizkuntza, kultura eta nortasunari eustea eta ondorengoei transmititzea.

• Hirugarren eta azken deia: Euskaltzaleei, zuei.

Grin euskaltzalea berpiztu eta euskararen eta gure hizkuntza-eskubideen aldeko borroka biderkatzeko unea dugu, beste hainbatetan egin bezala. Herritar euskaltzaleak izan gara euskararen berreskurapenaren motorea eta horrela izango da etorkizunean ere. Euskaltzaleak gara Euskal Herriaren berreuskalduntzearen berme bakarra.

Ahal dugun guztietan euskaraz bizitzetik hasita. Jakitun izan behar baikara euskaraz bizitzea euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena dela. Euskaraz hitz egiten dugun bakoitzean Espainiatik eta Frantziatik deskonektatzen gara. Euskaraz bizitzea korronte hegemonikoen kontra egitea da.

Baina horrekin batera, XX. mendearen bigarren erdi aldean egin bezala, euskaltasunaren berpizkunde berria sustatu behar dugu. Euskararen normalizazioa irabazpidean jarriko duen herri bultzada berria sustatu behar dugu.

Beraz, gutako bakoitza norbere herrian, lantokian, hezigunean, elkartean euskalduntzearen aldeko borroka biderkatu eta berrindartzera dei egiten dizue EHEk. Jarrai dezagun Euskararen Errepublikaren oinarria egunero eraikitzen eta bere aldeko indarrak metatzen. Berandu baino lehen Euskal Herri euskaldunera jauzi egiteko.

Gure gaurko mintzaldia beste intelektual handi bat oroituz amaitu nahi dugu. Kasu honetan euskalduna. Behinola esaldi hau esan zuen Txillardegi handiak: “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz”. Hori da euskaltzaleok gaur gogoan izan beharrekoa eta horren arabera jokatu behar dugu ezinbestean.

Gora euskararen borroka!

Gora Euskal Herri aske eta euskalduna!

Gora euskararen errepublika!

The post Euskaltzale uholdea batu da Durangon appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
2439
Ostiralerako mobilizazioa deitu dute EHE eta Ernaik https://ehe.eus/ostiralerako-mobilizazioa-deitu-dute-ehe-eta-ernaik/ Wed, 06 Feb 2019 14:22:00 +0000 https://ehe.eus/?p=1731 “Háblame en cristiano” hura, Mozal Legearekin ezarritako isunean bilakatu da Isuna jaso duen Eneka Alvarezen ...

Irakurri osorikOstiralerako mobilizazioa deitu dute EHE eta Ernaik

The post Ostiralerako mobilizazioa deitu dute EHE eta Ernaik appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>

“Háblame en cristiano” hura, Mozal Legearekin ezarritako isunean bilakatu da

Isuna jaso duen Eneka Alvarezen herritarraren hitzak:

Pasa den urteko maiatzean, Donostiako Gipuzkoa plazan Bizitza da Handiena ekimenaren protesta bat egiten ari ginela ertzain baten aldetik euskararekiko gutxiespen eta mespretxuzko hitzak entzun nituen. Orduan zera adierazi nion: gauza bera errespetuz eta gutxietsi gabe ere esan zezakeela. Horren aurrean identifikazioa eskatu zidan eta nik arrazoia galdetu nion. Ez zidan erantzun eta berriz ere identifikatzeko eskatu zidan. Nik identifikatzeko inolako arazorik ez nuela adierazi nion, baina mesedez, euskaraz eskatzeko. Horren aurrean, beste agente bat etorri zen eta bertan edota komisaldegian egin beharko nuela jakinarazi zidan. Nire hizkuntz eskubideak urratuak izaten ari zirela ikusita, ahotsa altxa eta ia inork euskeraz ba ote zekien galdetu behar izan nuen ozen. Horren ostean, euskaraz galdegin zidan ertzain batek eta berehala eman nion dokumentazioa inolako arazorik gabe.

Gertatutakoa ikusita, Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo nuen. Haiek bideratu zidaten kexa eta hilabete batzuen buruan, haien erantzuna jaso genuen. Donostiako ertzain etxeko burutzak onartu zuen ez zela errespetatu agente jarduleekin harremanak euskaraz izateko eskubideak eta jardueran parte hartu zuten ertzainei jardunbide egokia zein den jakinarazi zitzaiela. Horrez gain, honela dio agiriak: “berariaz eskatu digute beraien partez barkamena eskatzeko”.

Horren ostean, isuna iritsi da. Mozal legea aplikatu didate. Horrez gain, ajolagabekeria osoz, berriz ere nire eskubideak urratuak izan dira, izan ere, isuna gaztelania hutsez idatzita bidali baitidate. Haien lana ez niela egiten utzi diote, ez niela arduradunak identifikatzen utzi. Bideoan argi ikusten den bezala, gertaera gertatu zenerako arduradun gisa identifikatuta zegoen iada pertsona bat. Beraz, salaketan egotzi didatena ez dela zuzena esan dezaket. Hau ikusita, lehenik eta behin, isuna ez ordaintzea erabaki dut, nire eskubideak urratuak izateaz gain, orain zigor bikoitza jaso dudala iruditzen zaidalako. Horrekin batera, errekurtsoa jarriko dugu eta zer gertatzen den gertutik jarraituko dugu.


Euskal Herrian Euskarazen irakurketa:

Aipatu gertaera hauek oso larriak dira. Ustez herritarren eskubideak babesteko eskumena duten ertzainek beraiek dira herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen dituztenak. Larriak direla diogu baina zoritxarrez ezin esan salbuespena direnik. Euskaldunok, euskaraz bizi nahi dugun herritarrok, egunero pairatzen ditugu horrelako gertaerak. Bai eremu pribatuan bai publikoan. Administrazio publikoarekin harremana euskaraz izan nahi eta askotan ezin. Ez hori bakarrik, kasu honetan ikusi ahal izan dugun bideoan, funtzionario publiko horrek adierazten duen jarrera agintzaile berdinarekin egiten dugu topo euskaldunok tarteka. Jarrera agintzaile betikoa, baina formetan aldatuta ere: garai bateko “Háblame en cristiano” hura, orain Mozal Legearekin ezarritako isunean bilakatu da. Jarrera euskarofoboa, beste modura ezin kalifikatu.

Horren aurrean Eusko Jaurlaritzari eta Ertzaintzari egindako kaltea onartu, barkamen zintzoak eskatu, eta, isuna kentzea exijitzen diegu. Onartezina da horrelakorik gertatzea egun. Ez hori bakarrik, horrelakoak berriz ere ez gertatzeko neurriak har ditzaten exijitzen diegu. Horretarako behingoz administrazioko langile guztiak euskaldundu behar dira, ez soilik herritarrekin harreman publikoa dutenak, baita gainontzeko langile publiko guztiak ere. Administrazio publikoa osoki euskalduntzen ez den bitartean, etengabeak izango dira hizkuntza-eskubideen urraketak. Euskaraldiaren hamaika egunetan soinean txapa bat jartzea eta propaganda kanpainak egitea ez da nahiko, ezta gutxiago ere, gainontzeko urte osoan zehar herritarren eskubideak urratzen badira.

Era berean, herritarrei dei egiten diegu beraien hizkuntza-eskubideei tinko eutsi diezaioten. Euskaltzale honi bideoan ikusi ahal izan dugu jarrera euskaltzale burujabea egunerokoan izan dezatela. Soilik horrela lortuko dugu euskararen normalizazio osoa, eta beraz, euskaraz bizitzera iritsi ahal izatea. Eta urraketarik jasanez gero salatu dezatela dei egiten diegu. Bai Euskal Herrian Euskarazera joz, bai Hizkuntza Eskubideen Behatokian.

Azkenik, aukera hau baliatu nahi dugu ere Lander Arbelaitz eta ARGIAri gure elkartasuna adierazteko. Egun horretan bideo hori grabatu izan ez balitz, ziur gaude gertaera horrek ez lukeela izango lortu duen oihartzun guztia. Esan bezala, horrelakoak egunero gertatzen baitira baina oharkabean igarotzen dira grabatuak ez direlako. Horregatik eta kazetari lana libreki egin ahal izatea exijitzen dugulako, beraien aurkako salaketa kentzea exijitzen dugu ere.

Gertatutakoa salatu eta aipatu eskaerak aldarrikatzeko, datorren ostiralean, otsailak 8, arratsaldeko 19:00etan elkarretaratzea egingo dugu Ertzaintzak Antigua auzoan duen ertzain-etxearen aurrean. Dei egiten diegu eragileei bat egitera mobilizazio honekin.

The post Ostiralerako mobilizazioa deitu dute EHE eta Ernaik appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
1731
Mugarik gabeko euskara: ofizialtasuna [PRENTSA OHARRA] https://ehe.eus/mugarik-gabeko-euskara-ofizialtasuna-prentsa-oharra/ Sat, 24 Mar 2018 16:47:00 +0000 https://ehe.eus/?p=1778 Beste behin, kalera atera beharra izan dugu, 2018 urtean, Euskara, euskaldunak, hizkuntza komunitatea eta Euskal ...

Irakurri osorikMugarik gabeko euskara: ofizialtasuna [PRENTSA OHARRA]

The post Mugarik gabeko euskara: ofizialtasuna [PRENTSA OHARRA] appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
Beste behin, kalera atera beharra izan dugu, 2018 urtean, Euskara, euskaldunak, hizkuntza komunitatea eta Euskal Herri euskaldunak mugatuta jarraitzen dugulako. Euskaldunok, egunero pairatzen ditugu bigarren mailako hiztun, eta herritar izatearen mugak.

Euskal herritarren belaunaldi berriok ez dugu ziurtaturik gure arbasoen hizkuntzaren ondarea jasotzea. Gaur da eguna, ondare horren transmisioa jaso ez dugun helduok, eskubide hori praktikara eramateko ordaintzen jarraitu behar izaten duguna. Atzerrian jaiotako euskal herritarroi ez zaigu inolako erraztasunik ematen berezko hizkuntza dugun euskara ikasi ahal izateko eta euskal jendartea gure ekarpenarekin aberasteko. Euskaraz funtzionatu nahi dugun administrazio publikoi behin eta berriz oroitarazten zaizkigu mugak non dauden. Nahi izanez gero, euskara aukera gisa erabili ahal izango dugu, baina lehentasunezko eta derrigorrezko hizkuntza bakarrak frantsesa eta espainiera dira. Euskara ezin da lehentasunezko hizkuntza izan. Eremu funtzional guzti-guztietan, euskara mendeko hizkuntza da, bigarren mailakoa.

Hiztun-komunitate gisa ere desegituratu egin gaituzte. Euskaraz sortu eta birsortu daitekeen komunitate osoa izan ordez, hiztun-irletan sakabanatuta aurkitzen gara. Hatsa hartu eta biziraun ahal izateko arnas-guneen bila irla batetik bestera.

Euskararen herria, Euskal Herria. Hizkuntza ukatua duen herria. Herri zatitua, ukatua. Euskaraz bizitzea ukatzen zaion herria. Erabaki ahal izatea ukatzen zaion herria, eta ez soilik bere etorkizun politikoa, baita zein hizkuntza antolaketa izan nahi duen ere.

Frantziar eta Espainiar estatuetako botereak ez daude prest euskararen berreskurapen eta normalizazio osoa gerta dadin. Ez daude prest euskaldunok normaltasunez euskaraz bizi ahal izatera irits gaitezen. Kanpo esku hartze hauek dira, muga guztion iturburua.

Frantziako estatuan, hizkuntza nagusi eta osoki funtzional bakarra frantsesa da. Bestelako hizkuntzak, euskara barne, folklore eta lagun arteko hizkuntzak bilakatuz. Eta jarrera hau da etorkizunean izango duena ere, ez baitago bere hizkuntza hegemonia bakarra aldatzeko prest.

Espainiar estatuak nahikoa dela erabaki du. Azken 40 urteetan hizkuntza erregionalekin izan duen eskuzabaltasuna eskuetatik doakiola ikusita, edonolako normalizazio prozesurekin bukatzea erabaki du. Eta ez bakarrik orain arteko mugak ezarriaz, baizik eta konstituzioaren 155. artikulua arma nagusitzat hartua.

Egoera hau, ondo ezagutzen dute herri katalanetako lagunek, jarraian katalan hizkuntzaren normalizazioa bilatzen duen Plataforma per la Llenguako presidente Oscar Escuderren hitzak entzungo ditugu.

Bada kanpo esku hartze horiek gainetik kentzeko garaia. Jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa emateko beharra dugu. Eta horretarako baldintzak badaude. Euskal Herrian bizi dugun testuinguruak jauzi hori emateko aukerak eskaintzen dizkigu.

Gure eta herri honen etorkizuna nolakoa izango den eztabaidagai ditugu administrazio ezberdinetan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, estatus politiko berriaren eztabaidan buru-belarri daude sartuak. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan lurralde elkargo egitura berriaren lehen urratsetan gaude. Bertan, datozen hilabeteetan, hiru lurraldeok izan beharreko hizkuntza politika zehaztuko dute. Eta Nafarroan, aldaketaren gobernutzat izendatu zaion legegintzaldiari oraindik urtebeteko jarduna geratzen zaio. Hiru urte igaro dira euskarak, ia aldaketarik izan ez dituenak. Izen aldaketa soilak, edo alderdien arteko eztabaidak ez dira euskarak eta nafarrok behar ditugunak. Euskarak Nafarroa osoan, benetako eta sakoneko aldaketak dira behar dituenak. Horregatik, gaurkoan, Gaztelu plazan gaudela baliatuz, 4koa osatzen duten alderdiei exigentzia bat luzatu nahiko genieke. Herritarrak mailakatzeari utzi, herritar guztien eskubideak bermatu, eta Aldaketa, euskaratik eta euskaraz egin dezatela. Euskara guztion hizkuntza delako, eta borondaterik baldin badago, urtebetean Nafarroak behar duen lege babes egokia egiteko denbora dago.

Jauzi hau emateak, euskarari, eta euskararen herriari etorkizuna eskaintzea esan nahi du. Etorkizunak ekarriko dizkigun erronkei aurre egiteko tresna eta baldintzak sortu behar ditugu. Horretarako, gure ohiturak aldatu eta euskaraz bizitzera goaz aldarria praktikan gauzatu behar dugu.

Euskal Herria berreuskalduntzea da euskaltzaleon lanaren iparra. Herri gisa eskubidea dugu hori lortzeko. Horretarako, euskararen berreskurapen eta normalizazioa azkartu beharra dugu.

  • Euskararen ezagutza unibertsalizatu behar dugu
  • Eremu funtzional guztietan euskararen erabilera orokortzeko planak indarrean jarri behar ditugu. Horiek guztiak plan estrategiko nazionalaren logikaren pean izango direlarik.
  • Prozesu honi guztiari babes juridikoa emateko, lege onarpen egokia indarrean jarri. Euskara berezko hizkuntza, ofiziala, lehentasunezko eta ezagutu beharrekoa izendatzetik hasita.

Baina hau guztia garatu ahal izateko ezinbesteko faktore bat dago. Muga guztiak gainditzen lagunduko diguna. Burujabetza. Burujabetza, zein nolako hizkuntza politika garatu nahi dugun erabakitzeko. Burujabetza, hizkuntza eskubideak bermatzeko. Burujabetza, Euskal Herriaren berreuskalduntzea azkartu eta bururaino eramateko.

Beraz, eta hau guztia garatu ahal izateko, euskaltzaleok ez dugu beste irtenbiderik. Ahalduntzea eta desobedientzia. Desobedientzia ariketa erraldoia egiteko unea dugu. Hasteko, euskaraz bizitzea da euskaldunok egin dezakegun lehen desobedientzia ekintza.

Gaindi ditzagun behingoz inposatzen dizkiguten mugak. Ozen aldarrika dezagun:

Etorkizuna euskararentzat.

Euskaraz bizi ahal izatea euskaldunok.

Euskaraz normaltasunez biziko den eta osoki egituratutako hiztun-komunitatea.

Euskal Herri euskaldun burujabea.

GORA EUSKAL HERRIA EUSKALDUNA!

GORA EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ!

The post Mugarik gabeko euskara: ofizialtasuna [PRENTSA OHARRA] appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
1778