Manifestazio nazionala Archives - Euskal Herrian Euskaraz https://ehe.eus/tag/manifestazio-nazionala/ Herri mugimenduko eragile euskaltzalea Fri, 14 Feb 2025 10:13:11 +0000 eu hourly 1 https://wordpress.org/?v=6.8.5 https://ehe.eus/wp-content/uploads/2020/05/cropped-favicons-1-32x32.png Manifestazio nazionala Archives - Euskal Herrian Euskaraz https://ehe.eus/tag/manifestazio-nazionala/ 32 32 242873344 Apirilaren 6an euskararentzat justizia aldarrikatuko dugu Baionan https://ehe.eus/apirilaren-6an-euskararentzat-justizia-aldarrikatuko-dugu-baionan/ Thu, 06 Feb 2025 11:51:42 +0000 https://ehe.eus/?p=3209 Forma eta itxura desberdinez jantzita etorri arren, euskaldunon aurkako oldarraldiak, finean, helburu nagusi bat du: ...

Irakurri osorikApirilaren 6an euskararentzat justizia aldarrikatuko dugu Baionan

The post Apirilaren 6an euskararentzat justizia aldarrikatuko dugu Baionan appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
Forma eta itxura desberdinez jantzita etorri arren, euskaldunon aurkako oldarraldiak, finean, helburu nagusi bat du: euskararen biziberritze prozesua oztopatzea eta euskaldunon hizkuntza eskubideetan atzerakada eragitea. Espazio nahiz eremu guztiak daude jopuntuan eta, bestelakorik sinetsarazi nahi badigute ere, erasoaldiak euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen digu. Oldarraldia judiziala izatetik haratago, politikoa, mediatikoa zein sindikala ere bada eta erasoaldi horren erantzuleek lotsarik eta ahobizarrik gabe dihardute diskurtso euskarafoboak sortzen eta haizatzen.

Hain justu, joan den abenduaren 7an, Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, jendetza batu ginen Durangon eta zenbait alderdi, sindikatu, hedabide nahiz eragile sustatzen ari diren olatu erreakzionario eta atzerakoiaren aurrean planto egin genuen. Ohartaraziz jokabideok ez ditugula modu isolatuan ulertzen, oro har, mundu mailan ugaritzen ari diren jarrera faxisten eta eskuin muturren testuinguruan baizik. Hala, indar horiei aurre egiteko, euskararan aldeko olatu berri bat harrotzeko beharra azpimarratu genuen, faxismoaren aurkako eta askatasunaren aldeko fronte euskaltzalea, Euskararen Errepublika ipar izango duena.

Olatu hori harrotze bidean, manifestaldiaren bezperatan, eta Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, abenduaren 3an, Euskal Herrian Euskarazeko bi ekintzailek “Justizia euskararentzat” aldarria idatzi genuen, tinduz, Baionako Justizia Jauregiaren sarrerako horman. Desobedientzia ekintzagatik, bi kideak atxilotu eta apirilaren 11n epaituko dituzte ekintza egin zuten epaitegian bertan. Nolabait, euskaldunon eskubideak aldarrikatzeagatik eta horren erantzuleak seinalatzeagatik, hain zuzen, euskararentzat justizia eskatzeagatik, zigortuko dituzte. Kontrapuntuan, euskararen aurkakotasunaren aurrean, isiltasuna eta sistema judizialaren konplizitatea nagusitzen dira. 

Justizia euskararentzat diogunean, justizia euskaldunontzat ere badiogu. Izan ere, euskaldunok gorpuzten dugu euskara eta, ondorioz, euskaldunak gara erasoaldi hori pairatzen dugun subjetuak, subjektu zapalduak. Zapalkuntzak euskaldunon eskubideen eta askatasunaren murrizketa eragiten ditu eta horrek gizarte bidegabeago baterako oinarriak elikatzen ditu. Justizia ezaren adibideak egunerokoan bizi ditugu eta asko dira:

1) Xiberoan, Nafarroa Beherean, Lapurdin eta Nafarroa Garaiko hegoaldean, euskarak ez du ofizialtasunik eta erakunde publikoetan ukatua edo oso gutxi erabilia da.
2) Euskara ofiziala den Araban, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroa Garaiko zentro-iparraldean, ofizialtasunaren ondorioz, erakunde publikoetan euskararen erabilpena eskasa da.
3) Aurre-eskoletatik Baxoraino, euskaraz ikasteko zein azterketak euskaraz egiteko ezintasunak eta oztopoak diraute.
4) Baionako epaitegian eta, oro har, sistema judizialaren aurrean euskaraz aritzeko eskubidea ukatua da.
5) Erakunde publikoetatik euskalgintzara bideratzen den dirulaguntza oso eskasa eta murritza da.
6) Hizkuntza paisaia, kasurik onean, elebiduna da eta Euskal Herriko herrien izenekin ariketa paradoxikoa egin da, horiek erdaldunduz.
7) Euskararen alde, gure eskubideen alde, egiteagatik, jazarpen politikoa nahiz ekonomikoa jasan behar izaten ditugu. 

Eskubide urraketa horien eta, horrenbestez, justizia ezaren aurrean, kikildu ordez, harrotasunez, desobedientzia ekintzak indartu, kaleak hartu eta Euskararen Errepublika eraikitzen jarraituko dugu. Hala, apirilaren 6an, 11:30ean, Baionako Justizia Jauregitik hasita, egingo den manifestazio nazionalera dei egiten ditugu euskaltzaleak. Euskararentzat nahiz euskaldunontzat justizia exijitzeaz gain, apirilaren 11n epaituko dituzten Euskal Herrian Euskarazeko bi ekintzaileekiko elkartasun ekimena izango da.

Euskal Herrian Euskaraz bizi nahi dugulako eta justizia nahi dugulako, justizia euskararentzat! justizia euskaldunontzat!

Frantses eta espainiar konstituzioekin, ez da justiziarik euskararentzat, ez da justiziarik euskaldunontzat. Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika! 

The post Apirilaren 6an euskararentzat justizia aldarrikatuko dugu Baionan appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
3209
Jendetza batu gara Euskararen Errepublikaren alde Durangon eginiko manifestazioan https://ehe.eus/jendetza-batu-gara-euskararen-errepublikaren-alde-durangon-eginiko-manifestazioan/ Tue, 10 Dec 2024 16:31:50 +0000 https://ehe.eus/?p=3160 Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” lelopean, manifestazio nazionala egin dugu, abenduaren 7an, Durangon. 18:00etan, Landako Gunetik ...

Irakurri osorikJendetza batu gara Euskararen Errepublikaren alde Durangon eginiko manifestazioan

The post Jendetza batu gara Euskararen Errepublikaren alde Durangon eginiko manifestazioan appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” lelopean, manifestazio nazionala egin dugu, abenduaren 7an, Durangon. 18:00etan, Landako Gunetik abiatu da manifestaldia eta eguraldia lagun izan ez arren, ehundaka lagun batu gara. Durangoko kaleak, hala nola, euskararen eta independentziaren aldeko oihuz zeharkatu ostean, Santa Ana plazan egin dugu amaierako ekitaldia.

Unai Iturriaga bertsolariak kantatutako bertso batekin hasi da ekitaldia. Jarraian, Maddi Arando eta Irene Larrañaga bergararrek “Euskal Herrian Euskaraz” abesti ezaguna abestu dute. Ondoren, EHEko bozeramaileek, Sugoi Etxarrik eta Intza Gurrutxagak, manifestazioko irakurketa egin dute. Amaitzeko, Spartak Dementziala taldeko kideek “Folklore Basque”a kantua abestu dute.

Jarraian, EHEko bozeramaileek egindako irakurketa osorik irakur dezakezue:

“Larrialdi linguistikoa”. “Larrialdi-linguistikoa”, ez da lelo bat, ez da kontzeptu katastrofista bat. Gure hizkuntzaren, eta ondorioz, gure herriaren egoera sakon aztertuz ateratako ondorioa da. Euskararen biziberritze-prozesua, azken urtetan geldialdian egon ondoren, atzerakada-arriskuak eta mehatxuak handituz doaz, oldarraldi edo erasoaldi judizial, politiko eta mediatikoaren eskutik.

Ez da gure hizkuntza larrialdi-egoeran dugun lehen aldia, are gehiago, egoera askoz ere okerragoan egonak gara. 50eko hamarkadaren bueltan, egoera latzean zegoen gure hizkuntza, eta ondorioz, baita gure herria ere. Hil ala biziko egoera hartan, zenbait euskaldunek sinetsi zuten egoera irauli zitekeela, inposatzen zen normaltasuna, debekuz, autogorrotoz eta konplexuz betetakoa, puskatu eta utopia propioak, burujabeak, irudikatzen eta errealitate bilakatzen hasi ziren: gau eskolak, ikastolak, kultur sorkuntza euskalduna… Ezkutuan, era klandestinoan, haien buruak arriskuan jarriz, lortu zuten: basamortuaren erdian, historiaren joanak espero gabeko loraldi bat izango zenaren haziak erein zituzten. Inflexio-puntu horretatik, beste borroka batzuei lorturik, euskara biziberritze bidean jarri zen, eta gaur egun dagoen egoerara ekarri zuten hilzorian zen hizkuntza. Txingurri lanean aritu diren euskaltzale ezagun zein ezezagun guzti horiei, gure esker eta aitortzarik beroenak hemendik.

Beraz, larrialdian gaude, baina egindako borroka guztiari esker, beste puntu batetik abiatzen gara. Iñaki Iurrebasok, bere ikerketa sakonaren bidez, diagnostiko on bat egiteko oinarria jarri digu euskaldunoi eta hortik abiatu behar dugu, gure ustez. Bertan azpimarratzen den bezala, euskaldunok, gure egunerokoan aurkako norabidean doan korronte indartsu bati egin behar diogu aurre euskaraz bizitzeko saiakera horretan. Eta argi esan behar dugu: ez da ez dugula nahi, ez da euskaraz badakigula baina ez dugula erabiltzen. Horiek, instituzioek haien ardurak eta egiturazko arazoak ezkutatzeko sortzen dituzten aitzakiak dira, indibidualismo- eta despolitizazio-garaietan erraz sinetsi izan direnak. Ez ditzagun geuk ere argudio horiek erreproduzitu! Arazoa da gure egungo bizimoduaren erdigunea hartzen duten pantailek, kultura globalizatuaren merkatu kapitalistan sortzen diren edukiak hizkuntza hegemonikoetan jasotzen ditugula eta bertako instituzioek ez dutela horri aurre egiteko neurriko erantzunik ematen. Arazoa da Euskal Herrian hezkuntza sistemek, oraindik ere, ikasleen gehiengoa ez dutela euskalduntzen eta horren aurrean, iazko abenduan onartu zen Hezkuntza Lege lotsagarria bezalakoak onartzen dituztela, hezkuntzako eta euskalgintzako eragileen arteko adostasun sozial zabalei bizkar emanda. Arazoa da, gainera, eskolan euskalduntzea ukatu zaien horiek edota beste lurralde batzuetatik etorri direnek, oraindik ere, bertako hizkuntza ikasteko ordaindu behar izatea. Eta arazoa da Nafarroa Garaiko zatirik handienean eta Ipar Euskal Herrian oraindik ere euskarak ofizialtasuna ukatua izatea. Horregatik, garbi izan behar dugu larrialdi-egoera hau, ez dela norbanakoon ardura, baizik eta egiturazko arazoen ondorio.

Eta ez da bizi dugun larrialdi bakarra, krisi-testuinguru betean bizi baikara: krisi klimatikoa, zaintzena, etxebizitzarena, migrazioena… Eta krisi-testuinguruan, “kasualitatez”, joera erreakzionarioak indartzen dituzte eliteek, erroko arazoak ikusi eta horiei aurre egin beharrean, kolektibo zapalduen artean zatiketa eta gorrotoa sortuz. Horregatik, euskaldunok argi izan behar dugu, euskaldun gisa bizi dugun arazo hau, guztiz lotuta dagoela beste arazo horiekin, erroan kausa berdina dutela. Izan ere, sistema kapitalista basati honek ekosistemak, herriak, kulturak, komunitateak, bizitzak… suntsitzen ditu errentagarritasun- eta homogeneizazio-logiken bidez, gutxi batzuen etekinaren mesedetan. Horregatik argi eta garbi diogu, ez euskaldun bezala bizi dugun zapalkuntza, ez euskaldunon aurkako oldarraldi hau, ez direla fenomeno isolatuak, baizik eta sistemaren oinarrietan eta joera erreakzionarioen gorakadaren testuinguruan ulertu behar ditugula.

Bi irakaspen, gutxienez, ateratzen ditugu aurreko euskalduntze-arotik: bata, euskararen biziberritze-prozesua bultzatu duen borroka oso lotua egon dela bestelako borrokekin, elkar elikatu direla borroka guztiak; eta bestea, euskalduntze-prozesu horren galga nagusia euskarari ezarritako bigarren mailako estatusa izan dela, hau da, ofizialtasun-eza lurralde batzuetan eta hizkuntza hegemonikoekiko koofizialtasun desorekatua eta etengabe mehatxatua besteetan. Bi irakaspen, eta beraz, bi ondorio aurrera begira: lehenengoa, hurrengo euskalduntze-olatuak, bizi dugun bigarren mailako estatus hori gainditzeko aspirazioa izan behar duela, eta horrek, ezinbestean, independentzia lortzea eta Euskararen Errepublika eraikitzeko zeregina erdigunera ekartzea esan nahi du; eta bigarrena, bide hori, bestelako borroketan dabiltzan mugimenduen eskutik, eta behetik gora eginen dugula: langile borrokaz, borroka feministaz, antiarrazistaz, sexu-askapen borrokaz eta bestelako borroka askatzaile guztien eskutik.

Bizi duguna, egiturazko arazoa dela esan dugun bezala, ezin dugu errealitate honen aurrean dugun ardura ukatu, gainetik kendu. Euskararen auzia despolitizatzetik urrun, pertsonala politiko gisa ulertuz, bizi dugun egoeraren eta haren kausen kontzientzia hartu, saretu, antolatu, borrokak piztu eta kaleak hartzeko garaia da! Euskal Herrian Euskarazetik konpromisoa hartzen dugu, egoerak eskatzen duen neurrian, gure jardunean orain arte egiten duguna baino gehiago eta hobeto egiteko, edo behintzat, ahalegin horretan dena emateko; Euskalgintzaren Kontseiluaren baitan, euskalduntze-olatu berriak eskatzen duen estrategia amankomunaren garapenean, zorroztasunez baina arduraz, gure ekarpena egiteko; eta tokian tokiko zein nazio mailako beste eragileekin aliantzak indartu eta sinergiak sortzen laguntzeko.

Izan ere, egoerak, euskalgintzatik haratagoko inplikazioa eskatzen du. Horregatik, dei egiten diegu, batetik, alderdi euskaltzaleei, haien ardura hartu dezaten eta euskara bazterretik lehentasunetara ekar dezaten, behingoz! Aitzakietatik ekintzetara pasa daitezen! Eta bestetik, Euskal Herritik, maila eta eremu desberdinetan, mundua aldatzeko borrokan ari diren guzti horiei, euskalduntze olatu berri honetara batzeko: gazte mugimenduei, espazio autogestionatuei, sare komunitarioei, musikariei, artistei, kulturgileei, eduki sortzaileei… borroka desberdinetan dabiltzan norbanako eta talde guzti horiei! Zuen hizkuntza-praktikak berrikusi, hausnartu eta pauso bat harago ematera dei egiten dizuegu. Beharrezko dugun olatu berri honi zuenekarpena nondik egin dezakezuen pentsatu eta ekin! Gu hemen egongo gara eraldaketa horietan laguntzeko, eta zuengandik ikasteko prest!

Euskararentzako espazioak irabazte bidean jarri behar gara, guztion konpromisoz eta txingurri-lanaren bidez, oldarralditik harroaldira! Geldialditik indarraldira! Goazen! Gora Euskal Herri euskalduna! Gora EuskararenErrepublika!

The post Jendetza batu gara Euskararen Errepublikaren alde Durangon eginiko manifestazioan appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
3160
Hasi gara abenduaren 7ko manifestazio nazionalaren aurkezpen birarekin https://ehe.eus/hasi-gara-abenduaren-7ko-manifestazio-nazionalaren-aurkezpen-birarekin/ Tue, 12 Nov 2024 10:58:33 +0000 https://ehe.eus/?p=3136 Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, Euskal Herrian Euskarazetik manifestazio nazionala deitu dugu abenduaren 7rako, Durangon. ...

Irakurri osorikHasi gara abenduaren 7ko manifestazio nazionalaren aurkezpen birarekin

The post Hasi gara abenduaren 7ko manifestazio nazionalaren aurkezpen birarekin appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, Euskal Herrian Euskarazetik manifestazio nazionala deitu dugu abenduaren 7rako, Durangon. Mobilizazioaren harira, Euskal Herriko txoko ugaritan, hainbat aurkezpen saio antolatu ditugu: batzuk hitzaldi edo solasaldi soilak dira; beste batzuk, ordea, musika kontzertuekin edota emanaldi kulturalekin osatutako hitzorduak izango dira.

Horietan, hainbat gai izango ditugu hizpide baina, batez ere, Euskararen Errepublikaren alde Durangoko kaleetara ateratzeko beharraren eta arrazoien inguruan arituko gara hizketan. Zenbait hitzordutan, Gorka Torre EHEko kidea ere bertan izango da, desobedientziaren bideak eta jarrera intsumisioak Euskal Herri euskaldun eta independientearen eraikuntzan egin dezaketen ekarpena nabarmentzeko asmotan.

Ondokoak dira aipatutako aurkezpen saioak:

Hitzordu bakoitzaren inguruko zehaztapen gehiago jakin nahi izanez gero, jarrai gaitzazu X (@EHEbizi) edo Instagram (@ehe.bizii) sare sozialetan edota batu Euskal Herrian Euskarazen Telegram kanalera (@EHEbizi).

 

The post Hasi gara abenduaren 7ko manifestazio nazionalaren aurkezpen birarekin appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
3136
Hizkuntza-larrialdiaren aurrean, abenduaren 7an euskaltzaleok Durangon mobilizatzeko deia egiten dugu https://ehe.eus/hizkuntza-larrialdiaren-aurrean-abenduaren-7an-euskaltzaleok-durangon-mobilizatzeko-deia-egiten-dugu/ Thu, 07 Nov 2024 12:37:40 +0000 https://ehe.eus/?p=2635 Euskararen Errepublika eraikitzeko premia inoiz baino agerikoagoa dela ulertuta, manifestazio nazionala deitu dugu. 18:00etan abiatuko ...

Irakurri osorikHizkuntza-larrialdiaren aurrean, abenduaren 7an euskaltzaleok Durangon mobilizatzeko deia egiten dugu

The post Hizkuntza-larrialdiaren aurrean, abenduaren 7an euskaltzaleok Durangon mobilizatzeko deia egiten dugu appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
Euskararen Errepublika eraikitzeko premia inoiz baino agerikoagoa dela ulertuta, manifestazio nazionala deitu dugu. 18:00etan abiatuko da Landako Gunetik.

Aurrera edo atzera? Hor dago koxka.

Euskarak, euskaldunok, urteak daramatzagu ez atzera, ez aurrera. Euskal Herri euskalduna dugu helmuga, gure hizkuntzarentzako, eta, beraz, gure komunitatearentzako osasun beteko egoera. Baina, handik urrun gaude, oso urrun oraindik. Jada, ez da ikuspegi kontua, sendo frogatuta dago eta kontzientzia hartu behar dugu: gure hizkuntza larrialdi egoeran dago.

Bidean aurrera egin genuen, nahiz eta aurkako indarrak, beti hor egon, gure hizkuntza, eta ondorioz, “gu” hori desagerrarazi nahiean. Zoritxarrez, azkenaldian, aurkako indar horiek bizkortu egin dira eta euskararen aurkako erasoaldi bat, oldarraldi bat, bizi dugu; epaitegietatik, komunikabide nagusien lerroetatik, zein hainbat sindikatu eta alderdiren diskurtsoetatik datorkiguna. Aurrera egindako guzti hori atzerarazi nahi dute. Bitartean, sistema basati honek gero eta mundu globalizatuago eta atomizatuago bateruntz eramaten gaitu, herriak eta komunitateak deseginez.

Bizi dugun oldarraldi hau ez da fenomeno isolatu bat. Munduan zehar indartzen ari den olatu erreakzionarioaren eta faxismoaren gorakadaren baitan kokatu beharra dago. Logika berberaren baitan altxatzen dituzte olatu atzerakoiak: langileon bizi baldintzak kaxkartu, emakumeon eskubideak murriztu, sexu disidentziak zigortu, etorkinekiko gorrotoa hauspotu, interes elitisten mesedetarako herriak zatitu eta suntsitu…

Ez dugu mundu hori nahi. Ez dugu atzera pausorik onartzen. Faxismoari aurre egin behar diogu, euskaratik eta euskalgintzatik ere!

Baina, ezin dugu jasotako erasoei erantzute hutsarekin konformatu. Eta ez da nahikoa horiei aurre egiteko adostasun zabalak eraikitzea ere. Gure helburuetan berretsi eta horietara iristeko indar handiagoa egitea dagokigu, bide horretan gatazka egokiak piztuz, pedagogia eginez, bestelako borrokekin saretuz, eta espazioak irabaziz. Baina, guk argi dugu, Euskal Herri euskalduna lortuko badugu, beharrezkoa izanen da euskara ardatz izanen duen independentzia lortzea, hau da, Euskararen Errepublika eraikitzea.

Ez dugu dagoenarekin konformatu nahi, ez dugu anestesia edo lasaigarririk behar, herri euskaldun eta burujabe bat nahi dugu. Aske zentzu guztietan. Eta horregatik, bide hori egin nahi duten mugimendu eta borroka guzti horiekin batera eraikiko dugu burujabetza. Ez gara zerotik hasten, asko da jada egin dena, beraz, gauden tokitik abiatuta eta aurrekoek egindako bidetik ikasiz, egin dezagun burujabetzarako bide hori, egunerokoan, intsumisiotik eta antolatuta. Euskal Herria izan dadin mundu ilun honetan itxaropen-argi, askapenerako bidean, inspirazio-iturri.

Abenduaren 7an, euskaltzaleok hitzordu garrantzitsua dugu Durangon. Manifestazio nazionala eginen dugu, arratsaldeko seietan Landako Gunetik hasita; faxismoaren aurkako eta askatasunaren aldeko fronte euskaltzalea ikustarazteko, hizkuntza-larrialdiaren aurrean, Euskararen Errepublika eraikitzea beharrezkoa dela aldarrikatzeko eta helburu hori, beste askorekin batera, borrokatuz, lortuko dugula baieztatzeko.

Horregatik, abenduaren 7an euskaltzaleok Durangora!

The post Hizkuntza-larrialdiaren aurrean, abenduaren 7an euskaltzaleok Durangon mobilizatzeko deia egiten dugu appeared first on Euskal Herrian Euskaraz.

]]>
2635