Azken hilabeteetan Baionan izandako zonbait auzitan, epaileek 17 pertsonei euskaraz hitz egitea debekatu digute: pasa den urteko martxoan OSTIAko lau kideren aurkako epaiketan (Bouygues-en maketa lurrez estaltzeagatik epaituak), apirilaren 11n EHEko bi kideen aurkako epaiketan (auzitegiaren paretan “Justizia euskararentzat” idazteagatik epaituak); irailaren 30ean Arberoako Lurra eta Etxebizitza taldeko eta Ostiako zazpi kideen aurkako epaiketan (higiezin agentzia bat okupatzeagatik epaituak); urriaren 7an zazpi militanteen aurkako epaiketan (Korrikan etorkinei muga pasatzen laguntzeagatik epaituak); eta urriaren 14an hiru militanteen aurkako epaiketan (Marienia eraikuntzaren aurka mobilizatzeagatik epaituak).
Frantses Konstituzioaren arabera epaitegian ezin dugula euskaraz hitz egin diote epaileek.
Euskal Herrian epaitegietan euskaraz hitz egitea debekatzea bidegabekeria da:
- Euskara Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza delako;
- Hitz egiten dugun hizkuntza garelako, euskaldunak euskara garelako;
- Garena izatea debekatzea delako eta gure duintasuna zapaltzea delako;
- Euskaldunak bigarren mailako herritar egiten gaituelako;
- Frantsesez bizi nahi dutenak pribilegiatzen dituelako, hizkuntza horretan Euskal Herrian bizi daitezkeelako, euskaldunak ezin gaitezkeelarik euskaraz bizi.
Euskaldunentzat ez da justiziarik, zeren justizia, gizakien duintasuna errespetatzea da, justizia, pertsona guziak berdintasunez tratatzea da.
Frantziar eta espainiar Konstituzioek euskaldunoi Euskal Herriko epaitegi guzietan euskaraz hitz egiteko eskubidea bermatzen ez badigute, Konstituzio bidegabeak, gizatasunik gabekoak, zapaltzaileak eta linguizidak dira.
Alta, frantses Konstituzioan ez da idatzia epaitegian euskaraz hitz egitea debekatua dela, eta Konstituzio horren pean, 1984ko ekainaren 7an, lau militante abertzalek (Joanes Borda, Betti Bidart, Xan Koskarat eta Alain Mateo) Baionako auzitegian ukan zuten auzian euskaraz hitz egin ahal izan zuten eta haien adierazpenak itzultzaile batek frantsesera itzuli zituen. Beraz posible da.
Joan den irailaren 27an, EHE mugimenduko lau kidek Departamenduaren Baionako egoitzan “Euskaraz bizi nahi dugu” margotu zuten. Ekintza horrekin, frantses Estatuko agintariek euskararen alde diharduten erakundeak ez dituztela ekonomikoki behar bezala laguntzen gaitzetsi zuten, eta Euskal Herrian euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzen dutela salatu zuten. Ekintza horrengatik, otsailaren bostean lau militante hauek Baionan epaituko dituzte. Euskal Herrian euskaldunak bigarren mailako herritarrak bezala tratatuak garela salatzeagatik epaituko dituzte beraz. Baina arazoa da epaileek ere bigarren mailako herritarrak bezala tratatzen gaituztela. Epaile hauek, epaile eta arazo dira; ezin gaituzte zuzentasunez epaitu.
Epaileek euskaraz hitz egitea debekatzen badigute, epaiketek ez dute inolako zilegitasunik, epaiketa batean akusatuak hitz egiteko aukera ukan behar baitu.
Horiek hola, auziperatuekiko elkartasuna erakusteko eta euskaraz bizi nahi dugula masiboki adierazteko, urtarrilaren 31n EHEk Baionan antolatzen duen mobilizazioarekin bat egiten dugu, eta euskaltzale guziak urtarrilaren 31n Baionan mobilizatzera deitzen ditugu. Bukatzeko, otsailaren 5eko auzian auziperatuei euskaraz hitz egiten uztea epaileei eskatzen diegu.
Agiri honen izenpetzaileak:
1984ko auziperatuak: Joanes Borda, Betti Bidart eta Xan Koskarat
2025eko hainbat auziperatu: Intza Gurrutxaga, Janine Beyrie, Felipe Laskarai, Dominika Daguerre, Jakes Bortayrou, Eñaut Elosegi, Philippe Saint-Arroman, Jon Eiherabide, Luxi Detchart, Jon Oyenart, Enaut Aramendi, Argitxu Dufau eta Patxi Laskarai.


