Abenduaren 6an, denok Durangora

 

Euskal Herriko 30 eragilek baino gehiagok eman diote euren atxikimendua “Euskaraz Bizitzeko, Euskararen Errepublika” lelopean, abenduaren 6an egingo den manifestazio nazionalari. Hala, gaur, hemen, eragile horietako hainbat ordezkari bildu gara euskara erdigunean jartzearen eta euskararen alde mobilizatzearen beharra azpimarratzeko. Euskalgintzako nahiz bestelako herri mugimendutako eragileak eta sindikatuak, bat hartuta, Euskal Herri aske eta euskaldunaren aldarripean.

 

Zentzu askotan, garai ilunak bizi ditugu. Krisi anizkoitzen aroan gaude eta larrialdi ugaritako alarmak piztu dira azken urteotan; horien artean, gurean, hizkuntza-larrialdiarena. Estu gabiltza eta aurkako indarrak bizkor. Tartean, euskaldunon egiturazko zapalkuntzaren arduradun nagusi diren frantziar eta espainiar estatuak uneoro dabiltza euskaraz bizitzeko gure nahia eta eskubidea ukatzen. Horregatik, orain, hizkuntzaren aldeko mugimendu indartsua abian jartzeak berebiziko garrantzia du.

 

Testuinguru horretan, gainera, jarrera erreakzionario eta atzerakoiak ugaritzen ari dira eta horiek, modu batera edo bestera, ondorio zuzena dute gure egunerokoan. Eskubide sozial oro jarri dituzte jo puntuan eta ez, zehazki, aurrera egiteko, atzera eragiteko baizik.

 

Borroka ardatz desberdinak lehentasun gisa hartuta, Euskal Herri aske eta justu baten aldeko lanean dihardugu hemen gauden eragile guztiok. Eta bide horretan, jasaten dugun hizkuntza zapalkuntza gainditzea ezinbestekoa ez ezik, zentrala izango da. 

Egoera kezka handiz bizi dugu, baina kezka horrek ez garamatza, inondik inora, jarrera immobilizatzaile batera. Kontrara, eta etsipenetik urrun, eragiteko eta egoera aldatzeko konpromisoa hartua dugu. Aurreko belaunaldiek erakutsi digute euskara putzu sakon eta ilunenetik atera daitekeela eta gu, sinetsita gaude, oraingoan ere aurrera egingo dugula; euskararen aldeko pizkunde berria harrotuko dugula.

 

Parez pare dugun erronka handia da eta horri aurre egiteko, euskaltzale guztion ekarpena eta inplikazioa ezinbestekoak izango dira: bai maila pertsonalean, bai maila kolektiboan. Norbanako eta eragile sozialetatik haratago baina, berebiziko erantzunkizuna dute erabakiguneetan dauden arduradun politiko eta instituzionalek. Konfiantza osoa dugu euskararen aldeko olatu berria indartzeko kolektiboki dugun indarrean. Horregatik, batu euskararen aldeko borrokara, batu Euskal Herri euskalduna eraikitzeko olatura.

 

Abenduaren 6an, bete ditzagun Durangoko kaleak euskararen alde; Euskararen Errepublikaren alde.