Iaz aldarrikatu modura, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna, borroka eguna da euskaldunontzat. Euskaltzaleen ekin ikaragarriari esker, euskarak gaur arte biziraun du eta hori, bere horretan, izugarrizko lorpena da. Baina, euskaldunon aurkako egiturazko zapalkuntza gainditzerik ez dugu lortu eta ondorioz, hizkuntza larrialdi egoeran gaude; osasun beteko egoeratik baino heriotzatik hurbilago.
Horregatik, gaur, Baionako Euskal Museoko gela honetan eserialdia egin dugu. Bertan, hiru hilabetez, 1545. urtean inprimatutako Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua dago erakusgai, euskaraz inprimatutako lehen liburua. Ekintza honen bitartez, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak orain egun batzuk egin modura, lan honek Euskal Herrian egon behar duela exijitzen dugu; Etxepareren jaioterrian, Garazin. Euskal Herriaren ondare kulturala delako eta gure historiaren parte delako.
Euskaldunontzat erreferentziazkoa den lan hau Frantziako Liburutegi Nazionalak du hartua jabetzan. Paradoxikoa, ezta? Espainiako Estatuarekin batera, euskaldunon zapalkuntzaren arduradun nagusi den frantziar Estatuaren esku dago euskal herritar batek, euskaldun batek, euskaraz inprimatutako lehen liburua. Euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzen eta euskara heriotzara daramatenen eskuetan halako ohorerik izatea ez da bidezkoa. 481 urtetan, ezin uka ondo gorde dutenik eta, zentzu horretan, gure eskertza hain ondo zaindu izanagatik. Baina, hain justu, liburuarekin egin duten horixe da euskararentzat nahi dutena: museoan ondo gordetako altxorra izaten jarraitzea. Ez dute, ordea, euskara hortik haratago zabaltzerik nahi. Etxeparek ez bezala, ez dute euskara plazara, mundura, jalgitzerik nahi.
Kontseiluak eta Konfederazioak adierazi modura, “liburuarekin gertatzen ari denak ederki azaltzen du zein den 2025 honetan euskarak Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan bizi duen egoera. Frantziako Estatuak ‘baimendu’ egiten ditu euskararen aldeko politika eta baliabide murritz batzuk, baina oso-oso urrun daude euskarari etorkizuna bermatzeko indarrean jarri behar diren politika publiko eta baliabideetatik”. Horregatik, EHEtik argi diogu frantziar zein espainiar estatuetatik independentzia lortzea ezinbestekoa dela euskararen etorkizuna bermatzeko. Horien menpeko bai baitakigu apurrak jasotzen jarraituko dugula.
Era berean, museo honetan euskarari lehentasunezko lekua ematea eskatzen dugu. Euskal Museoa izanik, ezin liteke beste modu batera izan; egun gertatzen dena lotsagarria ez ezik, euskaldunontzat umiliagarria baita.
Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, euskaraz inprimatutako lehen liburu hau Euskal Herrian gera dadila eta Euskal Museoan euskarari lehentasunezko trataera eman diezaiotela eskatzeaz gain, aktibaziotako deia egin nahi diegu euskaltzale guztiei. Euskararen Errepublika ipar hartuta, euskararen alde antolatzeko deia, euskararen borrokara batzeko deia. Bestalde, arduradun politikoei exijitzen diegu gizarte justu eta berdinzalea eraikitzeko duten ardura bete dezatela. Bide horretan, bizi dugun hizkuntza zapalkuntzari bizkar emateak ez du balio; alderantziz, lehentasunetara ekarri behar da.
Euskaldun orok altxa beza burua! Euskaltzaleon garaia da! Larunbatean, 13:00etan, Landako Gunetik hasita, euskaltzaleok Durangon ikusiko dugu elkar. Euskal Herri euskaldunaren alde, independentziaren alde, Euskararen Errepublikaren alde, bete ditzagun kaleak!



