ADIERAZPENA | CCOO gelditu euskararen aurkako makinaria!

EHEtik behin eta berriz salatu izan dugu CCOO euskararen etsaia dela eta euskaldunon kontrako oldarraldi politiko, judizial zein sindikalean, paper estrategikoa jokatzen ari dela. Bere jarrera euskarafoboa salatzeko EHEtik egindako azken ekintza zuzena iazko abenduan izan zen, Gabonen testuinguruan, sindikatuak Gasteizen duen egoitzan. Euskararen eta euskaldunon etsai izateagatik, ikatza utzi zion Olentzerok.

Bada, Argiak egindako ikerketaren ondorioek orain arte esandakoa berretsi dute. CCOO euskararen aurka aktiboki diharduen eragileetako bat da eta antolatuta dagoen sare zabalago baten parte da. Ikerketak agerian utzi du azpijoko horretan guztian Sabin Zubiri Reyk duen erantzukizuna. Bera da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako CCOO sindikatuaren erreferentzia nagusi euskara-eskakizunen alorrean, baita Euskara Denontzat elkarteko presidentea ere. Horrez gain, Osakidetzako Unidas por la Libertad Lingüística plataformarekin ere badu harremana.

Hain justu, Euskara Denontzat elkartea izan da lan-eskaintza publikoetako euskara-eskakizunen aurka egiteko, lan-deialdi horietara aurkezteko interesik ez duten herritarrak bilatu eta horiei doako abokatua eskaini diena. Euskararen aurka egiteko, baliabide ekonomiko nahiz pertsonalak jartzen dihardu, gutxiagotutako hizkuntza eta hiztunak oraindik eta gehiago zapalduz.

Hainbatetan euskararen aldeko maskara jantzi arren, ez gara inozoak eta badakigu zein den haien benetako aurpegia. CCOO itxurakeriatan dabil, lan-eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajarriz eta dikotomia faltsu horren atzean ezkutatuz. Baina argi geratu da: guztiaren gainetik, euskara gorroto dute!