Orain bi urte pasatxo, Euskaltzale Independentiston Topaketaren lehenengo edizioari, hiru helburu nagusi esleitu genizkion: alde batetik, prozesu euskaltzaleak eta burujabetzaren aldekoak elkar nola elikatu edota indartu dezaketen gogoetatzea; bestetik, euskalgintzaren erronka berrien inguruan hausnartu eta horiek Euskararen Errepubikaren norabidean kokatzea; eta azkenik, euskaltzale independentiston komunitatea saretzea eta indartzea. Bigarren edizio hau ere, funtsean, hiru xede nagusi horietan ardaztuko da.
Edonola ere, helburuak berak izan arren, abiapuntua ez da berdina; izan ere, 2023az geroztik, bai Euskal Herrian Euskaraz bera, baina baita Euskal Herria eta mundua ere asko aldatu dira. Aldaketa horiek aukera, mehatxu nahiz erronka berriak jarri dizkigu parez pare eta, aurrera egingo badugu, horiek identifikatzea eta kudeatzea ezinbestekoa da.
Gauzak asko aldatu dira, bai, eta, hain zuzen horrexegatik, uste dugu Euskararen Errepublikaren, independentziaren, beharra gero eta agerikoagoa dela. Frantziar eta espainiar estatuek euren politika supremazista eta linguizidekin jarraitzen dute; kolpatzen gaituen oldarraldi mediatiko, politiko eta sindikalak argi utzi digu zenbatekoak diren egungo marko legalaren mugak eta gabeziak; gainera, munduan barna indarra hartzen ari den eskuin muturraren mehatxua gero eta gertuago dugu, eta hortik hizkuntza eskubideetan ere atzera egitea besterik ezin genezake espero.
Testinguru horretan, euskaltzale independentiston elkargune eta indargune izateko xedea du apirilaren 24ean eta 25ean egingo dugun topaketak. Euskal Herriko norbanako zein eragile euskaltzale eta independentista orori zuzendutako egitaraua prestatu dugu, hausnarketarako ez ezik, aisialdirako ere bai.
Egitaraua
Ostiral arratsaldean hasita, bi egunez egingo da II. Euskaltzale Independentiston Topaketa. Hauxe da egitaraua:
Apirilak 24, ostirala
- 18:00 – 20:00 – Ongi etorri Euskararen Errepublikara.
- 20:30 – Kontzertu akustikoa Orkatz Tabernan.
- 22:00 – Pala partidak: Martija-Prieto vs. Sanchez-Alkorta (pala motza) eta Urain-Gutierrez vs. Aizpuru-Rosa (gomazko paleta).
Apirilak 25, larunbata
- 10:00-12:00 – Euskaratik Independentziara (mahai-inguru nagusia).
- 12:30 – Joaldunak.
- 13:00 – Ekitaldi politikoa.
- 14:00 – Bazkaria.
- 16:00 – 19:00 – Tailerrak (bi txanda).
- 16:00 – 17:30
- Gazteak eta aisialdia euskaraz: ekosistema oso baten beharra.
- Desobedientzia zibila iraultzarako tresna.
- Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Euskal Herriko egoera soziolinguistiko askotarikoa.
- Kaleak euskaraz: mural margoketa (tailer praktikoa).
- 17:30-19:00
- Intersekzionalitatea: teoriatik praktikara.
- Euskararen Errepublika eta panorama geopolitikoa: aukerak, mehatxuak, erronkak.
- Kultur sistema sendo bat bai, baina nola?
- Izan zaitez eduki sortzaile! (tailer praktikoa).
- 16:00 – 17:30
- 19:00 – Musika kaleetatik.
- 22:00 – Kontzertuak: Tapia eta Leturia Band eta Maruxak.
- Ondoren, DJak Orkatz eta Korrale tabernetan.
Sarrerak eta izen-ematea
Gaurtik bertatik, erosgai daude bazkarirako eta kontzertuetarako sarrerak Entradium plataforman. Horrez gain, kudeaketa lanak errazteko, larunbat arratsaldeko tailerretan aurrez eman beharko da izena, doan eta galdetegi hau beteta. Aurten, gainera, lotako lekua ere egongo da, bai ostiralean, bai larunbatean. Tailerretan izena emateko galdetegi horretan bertan egin behar da erreserba, hori ere doan.
Itsulapikoa
Topaketok finantzatzeko nahiz euskararen alde lanean jarraitzeko, diru-bilketarako kanpainatxo bat jarri dugu abian itsulapikoa.eus-en. Hala, 5.000 euro lortzeko erronka luzatu diegu euskaltzaleei. Bakoitzak ahal duen neurrian, edozein ekarpen izango da ongi-etorria.
Eskerrak
Esker bereziak eman nahi dizkiegu Azpeitiko Udalari, Kulturazi, Azpeitiko Ikasberri Ikastolari, Elikaguneari eta, oro har, Azpeitiko herriari. Hasieratik ate guztiak zabalik topatu ditugu; mila esker topaketok aurrera atera ahal izateko emandako babes eta laguntzagatik.