Baiona, 2025/04/11
EHEko bi kideei euskaraz deklaratzea ukatu diete Baionako epaitegian
Joan den abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Baionako epaitegiko estalpera igo eta “Justizia Euskararentzat” aldarria idatzi genuen sarrerako horman. Ekintza hori egin genuen, besteak beste, frantziar eta espainiar konstituzio arrotzen pean bizi dugun zapalkuntza eta injustizia salatzeko; epaitegietatik datorkigun oldarraldiari ekintza zuzenez erantzuteko; eta euskararen biziraupenerako ezinbesteko dugun Euskararen Errepublika aldarrikatzeko.
Euskararentzat eta euskaldunontzat justizia aldarrikatu genuen eta, pasa den igandean, apirilaren 6an, aldarri berarekin hartu genituen Baionako kaleak. Jendetza batu ginen Lapurdiko hiriburuan eta argi adierazi genuen euskaraz bizi nahi dugula eta horrenbestez, ez dugula euskaldunon aurkako zapalkuntzarik eta erasorik onartuko. Era berean, gaur, hemen, Baionan epaitu dituzten Gorka Roca Torre eta Intza Gurrutxaga Loidi EHEko kideei elkartasun zabala adierazi genien.
Aipatu modura, gaur epaitu dituzte Euskararen Nazioarteko Egunean egindako ekintzagatik Torre eta Gurrutxaga eta epaiketa bera euskaldunok jasan behar ditugun eskubide urraketen beste adibide argi bat izan da. Izan ere, ez Torreri ez Gurrutxagari ez diete euskaraz deklaratzen utzi -nahiz eta bigarren hori Euskal Autonomia Erkidegoko herritarra izan eta, bertan, euskara ofizial izan-. Ondorioz, EHEko kideek ezin izan dituzten euren buruak defendatu epailearen aurrean eta auzitegitik kaleratu dituzte.
Euskal Herrian, euskaldunoi euskaraz hitz egitea debekatzea onartezina dela deritzogu eta gertatuak argi adierazten du zein den, kasu honetan, Frantziako Estatuaren jarrera euskararekiko: euskararen aldeko itxurazko ekintza batzuk egin arren, agintariek euskara heriotzara kondenatzen dute. Gogor salatzen dugu gertatutakoa eta jasaten dugun zapalkuntzari, gaur egin modura, jarrera intsumisoz eta desobedienteaz erantzuteko deia egiten dugu, horiek arduraz eta kolektiboki garatuz.
Torre eta Gurrutxaga, hurrenez hurren, 1.000€ko eta 500€ko isunekin zigortu dituzte, bigarren hau gibelapenarekin. Gaur, iluntzean, jarriko dugu elkartasun kanpaina abian, epaiketa kostuei aurre egiteko eta euskararen aldeko borrokarekin jarraitzeko.
Ez gaituzte geldituko, Euskararen Errepublika eraikitzen jarraituko dugu.
Gora Euskal Herri euskalduna!











