Baiona 2025/04/06 | Justizia euskararentzat!

Apirilaren 6an, Baionako kaleak bete genituen euskararentzat justizia eskatzeko.

ARGAZKI GALERIA:
(Manifestazioko irakurketa· 2025/04/06· Baiona)

“Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da eta guk badakigu sua
egiten”. Hementxe, Baionako Herriko Etxearen aitzinean, milaka eta milaka
euskaltzale geunden bilduta orain urtebete pasatxo, 2024ko martxoaren 24ean,
Korrikaren amaiera eta euskararen aldeko festa erraldoia ospatzen. Gogoan al
duzue? Garazi Arrulak idatzitako pasarte horretxekin bukatu zen amaierako
ekitaldia, piztia esnatzeko deiarekin; eta piztia, inoiz lozorroan egon ez bada ere,
aspaldiko ozenen dabil orroka. Agian, ke asko usaintzen dabilenaren seinale?

Denbora tarte honetan, ez diogu sua elikatzeari utzi. Hain justu, datorren ostiralean,
Baionako auzitegian epaituko gaituzte, sua indartzeagatik. Epaituko gaituzte, joan
den abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, “Justizia Euskararentzat”
idazteagatik Baionako epaitegiko horman.

Euskararen Nazioarteko Egunean ekintza hori burutu genuen, besteak beste, bi
konstituzio arrotzen pean bizi dugun zapalkuntza eta injustizia salatzeko;
epaitegietatik datorkigun oldarraldiari ekintza zuzenez erantzuteko; eta euskararen
biziraupenerako ezinbesteko dugun Euskararen Errepublika aldarrikatzeko. Horrez
gain, nazioarteari hizkuntzen aniztasunak munduaren edertasuna egiten duela
adierazteko, eta, batez ere, euskara egoera kezkagarrian dagoela ohartarazteko.

Euskalgintzaren Kontseiluak, joan den maiatzean, Baionako plaza honetan, euskara
larrialdi egoeran dela eta euskararen aldeko hizkuntz politikan jauzi bat ematea
ezinbestekoa dela ohartarazi zuen. Hain zuzen, abenduaren 27an, Bilbon,
Kontseiluak deiturik, milaka euskaltzale mobilizatuko gira eta jauzi hori irudikatuko
dugu.

Larrialdi linguistikoan gira beraz, eta ondoko hiru adibideak, beste ainitzen artean, horren adierazle dira: Lehena: euskaraz ikasten duten ikasleei, azterketak euskaraz
pasatzea debekatzen diete. Alegia, euskaraz idaztea debekatzen diete; Bigarren adibidea: Behin baino gehiagotan, auzitegian, euskaraz deklaratzea debekatu digute. Alegia, euskaraz mintzatzea debekatzen digute; Hirugarrena: euskarak ez du lege egokirik euskararen herri osoan.

Euskararen zapalkuntza horiek eta gainerateko guziak salatzeko egin genuen
abenduaren 3ko ekintza; abenduaren 3a borroka eguna baita guretzat. Hori
egiteagatik, Baionako komisaldegian atxiloturik gintuzten bitartean, Imanol
Pradales lehendakariak Bilboko Euskalduna Jauregian hau adierazi zuen: “Euskara
arnas berritu ahal izateko, jauzi kualitatibo bat eman behar dugu herri honetan”.
Euskararen aldeko adierazpen ederrak egitea ongi da, baina bereziki ekintza
ausartak eta eraginkorrak behar ditugu.

Eta lehen ekintza, euskarak pairatzen duen zapalkuntza ozen salatzea da: salatzea
indarrean diren legeek euskara ukatzen dutela, edo kasurik onenetan euskarari
bigarren mailako estatusa emaiten diotela; salatzea frantziar eta espainiar
estatuetan indarrean diren legediak euskararen aurkakoak direla, zapaltzaileak
direla, euskara heriotzara daramatela; salatzea, frantziar eta espainiar konstituzioak
linguizidak direla.

Euskararen borroka epaitegi barnera berriz ekarriko dugu, euskararen zapalkuntza
legala inon baino hobekiago hor ageri delako. Auzitegian euskaraz hitz egitea
debekatzeak, agintariek euskara heriotzara kondenatzen dutela erran nahi du, nahiz eta euskararen aldeko itxurazko ekintza batzuk egiten dituzten.


Azken hamarkadetan, behin eta berriz eskatu dugu bi konstituzio arrotz horiek
aldatzea; baina, alferrik. Estatu horietako agintariek ez dituzte legedi bidegabe
horiek aldatu nahi. Horien baitan, ordea, ikus dezakegunez, ez dago justiziarik ez
euskararentzat, ez euskaldunontzat. Horregatik, guk argi dugu: Euskal Herriak
independentzia behar du, Euskararen Errepublika.

Euskararen Errepublika hori eraikitze bidean, ezinbestekoa da euskararen
zapalkuntzaren aurrean ez makurtzea. Horregatik, zuzena ez den legeari, jarrera
intsumisoz eta desobedienteaz erantzuteko deia egiten dugu, kolektiboki antolatuz.

Aurkako indarrak gainean ditugu, indartsu gainera, eta faxismoaren nahiz eskuin
muturraren gorakada orokorraren testuinguruan, borrokaren bitartez lortutako
eskubide sozial orotan eragin nahi dizkigute atzerapausoak, besteak beste,
hizkuntzaren arloan.


Indar horien aitzinean, elgarrekin antolatu behar gira euskararen gaineko egiturazko
zapalkuntza gainditzeko, eta hori, beste borroka batzuekin batera egitea
beharrezkoa da. Bat eginez, indarrak biderkatu eta sistema zapaltzaile hau
arrailduko dugu, desio dugun Euskal Herri aske eta zapalkuntzarik gabea eraikitzeko.


Hala, euskararen alde borrokatzea, justizia orokorraren alde borrokatzea da, munduko herritar guzien arteko injustiziak desagerraraztearen alde borrokatzea da.
Euskara justiziaren aldeko hizkuntza izan dadila.


Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugulako eta justizia nahi dugulako: justizia
euskararentzat eta euskara justiziarentzat!


Gora Euskal Herri euskalduna!

Gora Euskal Herria askatuta!