Tolosako eraso euskarafoboaren aurkako kontzentrazioa

2025/03/13 // Elkarretaratzeko irakurketa

Martxoaren 2an, Euskal Herrian Euskarazeko bi kide
mehatxatu eta erasotu zituen Tolosako Renfe enpresako segurtasun-agente
batek. "Espainian zaude, espainieraz hitz egingo dizut eta zuk espainieraz
erantzungo didazu", bezalako mehatxuak egiteaz gain, kideetako bat lepotik
heldu, lurrera bota eta pare bat minutuz lurrean geldiarazita eduki zuen.


Euskaldunon aurkako eraso hau ez da gertaera isolatu bat, ondorio
sistematiko bat baizik. Gure egunerokoaren parte dira, izan dira eta, tamalez,
izaten jarraituko dute. Faxismoaren eta ultra-eskuinaren gorakadaren
testuinguruan, gainera, ugaritzen doaz. Euskal Herrian Euskerazetik, garbi
dugu, egiturazko zapalkuntza honi aurre egiteko independentzia ezinbesteko
dugula. Euskararen Errepublika.


Hala, Euskararen Errepublika ipar hartuta, euskaldunon aurkako eraso
bakoitza salatzen eta desobedientzia jarrerak indartzen jarraituko dugu;
betiere, modu arduratsuan jokatuz eta, ahal bada, kolektiboki antolatuz.
Zapaltzaileek garbi izan dezatela: aurrean izango gaituzue!


Gaur hemen elkartu garenok, argi dugu. Erabat salatzen ditugu horrelako
jarrerak nahiz erasoak eta horien aurrean, beharrezko ikusten dugu
euskaltzaleok saretzea eta indarrak bateratzea.


Apirilaren 6an, 11.30ean Baionako Justizia Jauregitik hasita egingo dugun
manifestazio nazionalean, eraso euskarafobo oro salatzeko eta
euskararentzat nahiz euskaldunontzat egiazko justizia aldarrikatzeko aukera
izango dugu. Bertan ikusiko dugu elkar.


Gora Euskal Herrian Euskaraz!
Gora Euskararen Errepublika!