Joan den larunbatean, irailaren 27an, EHEko lau ekintzailek “Euskaraz bizi nahi dugu” aldarria idatzi zuten, tinduz, Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionan duen eraikinean. Ekintza egin bezain pronto, Frantziako poliziak atxilo hartu zituen lau kideak eta, gaur arte, 48 orduz, izan dituzte komisaldegian atxilotuta.
Gaur jakin dugunez, larunbateko ekintzagatik, lau ekintzaileak otsailaren 5ean epaituko dituzte, Baionako epaitegian. Kideetako bati, gainera, aurrez ere horrelako ekintzatan parte hartu izanagatik, epai eguna bitarte, kontrol judiziala ezarri diote. Egoera honen aurrean, EHEtik argi adierazi nahi dugu euskararen alde egiteagatik, ez gaudela errepresiorik onartzeko prest eta euskaldunok jasaten dugun zapalkuntzari aurre egiten jarraituko dugula.
Euskarak eta euskaldunok azkenaldian jasan ditugun erasoek argi erakusten dute Frantziako zein Espaniako estatuek euskararen normalizazioaren kontrako bide aktiboa hartua dutela. Hainbat adibide ditugu horren erakusgarri: EAEko hezkuntza legea, Nafarroa Garaiko merezimenduen dekretua edota Ipar Euskal Herriko EPP eta EKEren aurrekontuetan izandako beherakadak, besteak beste. Horiek guztiek euskaldunon hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzea dakarte, eta euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi politiko, mediatiko eta sindikalaren baitan kokatzen ditugu. Gertaerok frantziar nahiz espainiar estatuen urte luzeetako jokamoldea berretsi besterik ez dute egiten, euskaldunon kontrako zapalkuntza eta bazterkeria ez baitira gauza berria.
Euskararen aldeko borroka, borroka politikoa da eta etsai politikoak ditu. Hala, horiei aurre egiteko, desobedientzia zibilaren bidea beharrezkoa dugu eta horretan jarraitzeko konpromisoa hartua dugu. Hizkuntza-eskubideak ukatzen dizkiguten legeak eta erabaki politikoak gainditu behar ditugu eta kolektiboki salatu euskararen aurkako politika zapaltzaileak ez direla onargarriak eta ez ditugula zilegiztatzen.
Zentzu horretan, EHEtik argi dugu bi estatu zapaltzaile horien baitan ez dugula euskarak behar dituen politikak garatzea lortuko eta horregatik diogu independentzia, Euskararen Errepublika, ezinbesteko dugula. Bide horretan, hitzordu garrantzitsua izango dugu urte amaieran, abenduaren 6an. Euskaraz Bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, manifestazio nazionala egingo baitugu Durangon, 13:00etan, Landako Gunetik hasita. Beraz, euskaltzale oro gonbidatzen dugu euskararen alde mobilizatzera eta egunerokoan, gure eskubideen aldeko borroka erdigunean jartzera.