[Eguneraketa] EHEren eskariz, Etxepareren liburua Euskal Herrian gelditzea galdegin dio Etxegaraik Frantziako Kultura ministroari, hark eskaera aztertzeko konpromisoa hartu du

Joan den abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Baionako Euskal Museoan eserialdia egin genuen euskaraz inprimatutako lehen liburua, 1545. urteko Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, Euskal Herrian gera dadila eskatzeko. Euskaldunontzat erreferentziazkoa den lan honi Frantziako Liburutegi Nazionalak du hartua jabetzan eta urtarrilaren 11 bitarte, hiru hilabetetarako, Euskal Museoan dago erakusgai. Euskaldunon ondare kulturala eta historikoa den lanaren zilegizko lekua, ordea, Euskal Herria da eta horixe aldarrikatu genuen Euskararen Nazioarteko Egunean.

Eserialdia dela eta, Jean-René Etxegarai (Baionako auzapeza eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria) eta Yves Ugalde (museoko lehendakaria eta Baionako Herriko Etxeko kulturaren sailburua) museora hurbildu ziren. Eserialdia amaitzearen truk, frantziar Estatuko ordezkariekin bilera bat eskatuko zutela hitz eman ziguten. Emandako hitza bete eta astelehenean, abenduaren 22an, izan dugu bilera. Bertan izan gara EHEko kideak, Etxegarai, Ugalde eta frantziar Estatuko ordezkari gisa, Akitania Berria eskualdeko DRACeko zuzendari Maylis Descazeaux-Roques.

Bileraren edukian sartu aurretik, nabarmentzekoa deritzogu bilkura euskaraz egin izana. EHEko kideok euskara hutsean aritu gara; itzultzaile batek egin ditu bitartekaritza lanak. Horrez gain, alde batetik, Etxegaraik baieztatu du liburua Euskal Herrian gorde dadin baldintza tekniko eta material egokiak dituen leku bat, jada, identifikatua dutela; zehazki, Baionako liburutegia. Izan ere, kontserbazio kontuak tarteko, jendaurrean egon ostean, iluntasunean egon behar izaten du liburuak aldi batez. Etxegarairen hitzetan, berme guztiekin gordetzeko baldintzak betetzen ditu liburutegiak. Hala, Frantziako Kultura ministroari gutun bat igorri dio abenduaren 23an, asteartean, liburua gordetzeko espazio egokia badugula Euskal Herrian adieraziz, eta liburua Euskal Herrian egotearen aukera aztertzeko engaiamendua hartzea eskatuz.

Bestetik, frantziar estatuko ordezkariak, Descazeaux-Roquesek adierazi du ahaleginak egingo dituela Frantziako Liburutegi Nazionalak lanketa bat abia dezan Linguae Vasconum Primitiae liburua Euskal Herrira ekartzea aztertzeko.

Frantziako Kultura Ministroaren erantzuna

Frantziako Kultura Ministro Rachida Datik Linguae Vasconum Primitiae liburua behin betiko Euskal Herrian geratzeko eskaera aztertzeko konpromisoa hartu du, ahalik eta azkarren. Horixe adieraziz, 2026ko urtarrilaren 6an, gutuna igorri dio Etxegarairi.