Euskaraz bizi nahi dugu! Zeinen aldarri sinplea baina, euskaldunontzat zeinen nekeza nahi hori gure egunerokoan errealitate bihurtzea. Izan ere, euskaraz bizitzea ez da hautu askea, aitzitik erabakiguneetatik eta botereguneetatik ukatzen diguten eskubidea da; zehazki, Frantziako eta Espainiako agintariak dira bizi dugun zapalkuntzaren erantzule nagusiak. Euren boterearen eta legedien bitartez, euskara eta euskaldunak desagerrarazi nahi gaituzte.
Euskararen bazterketa egiturazkoa da eta Euskal Herria zatikatzen duten bi estatu kolonizatzaile horiek bazterketa hori sistematikoki elikatzen eta erreproduzitzen dute. Horregatik, euskaraz bizitzeko hautua egitea ezinbesteko desobedientzia ariketa da linguizidak diren estatu horiek auzitan jartzeko eta Euskal Herri justuago eta askeago bat eraikitzeko. Badakigu, ordea, hautu hori egitea ez dela aski eta euskararen biziberritzea gauzatzeko, Euskal Herriko instituzio publikoen eta alderdi politikoen egiazko inplikazioa behar ditugula, egun gertatzen ez den gisan. Era berean, ezinbesteko zaizkigu lege eta baliabide propioak garatzea Euskal Herri euskalduna eraikitzeko. Horregatik, Euskal Herrian Euskarazetik Euskararen Errepublika, independentzia, aldarrikatzen dugu, eta norabide horretan lanean dihardugu.
Hain justu, zapaltzen gaituzten horiek auzitan jartzeagatik epaituko gaituzte ostegunean, otsailaren 5ean, Euskal Herrian Euskarazeko lau kide. Hementxe, Departamenduaren egoitzaren horman, “Euskaraz bizi nahi dugu” esaldia margotu genuen irailaren 27an; alde batetik, Frantziako estatuak euskararen alde diharduten erakundeak ez dituela ekonomikoki behar bezala laguntzen salatzeko, eta, bestetik, Euskal Herrian euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzen dutela gaitzesteko. Bizi dugun bidegabekeria seinalatu dugu eta horri konponbidea eman ordez, epaitegira garamatzate. Horrelaxe funtzionatzen du gurean sorgin-gurpilak.
Euskaraz bizi nahi dugula diogunean, gure bizitzako esparru guztietan euskaraz izan nahi dugula diogu. Alegia, hezkuntza prozesu osoa euskaraz egin nahi dugula, haur eskolatik hasi eta unibertsitateraino; azterketak euskaraz pasa nahi ditugula; euskaraz lan egin nahi dugula; nonahi euskaraz artatuak izan nahi dugula; euskaraz zainduak eta sendatuak izan nahi dugula; euskaraz gozatu nahi dugula aisialdiaz; euskaraz dibertitu; euskaraz kantatu, dantzatu eta maitatu.
Hala, osteguneko epaiketan ere, gure hizkuntzan, Euskal Herriko berezko hizkuntzan, hitz egin nahi dugu. Euskaraz azaldu nahi dugu gure ekintzaren zergatia, euskaraz azaldu zer ari den gertatzen; hobeto esanda, zer ari diren egiten. Aurrekariak ikusita, ziurrenik, ez digute euskaraz defendatzen utziko. Azken hilabeteotan, Baionako epaitegian, 17 laguni euskaraz deklaratzea ukatu digute. Horrek garbi adierazten du zeinen hutsala den euskarari egiten dieten aitortza eta euskaldunon eskubideak errespetatzeko dagoen borondate politiko eza. Paradoxikoa badirudi ere, 1984. urtean, orain dela 40 urte pasatxo, lau militante abertzalek euskaraz hitz egin ahal izan zuten Baionako epaitegian bertan. Batzuetan, aurrera baino badirudi atzera goazela. Guk argi dugu: epaileek euskaraz hitz egitea debekatzen badigute, epaiketek ez dute inolako zilegitasunik, epaiketa batean akusatuak hitz egiteko aukera izan behar baitu. Hori dela eta, ez dugu zilegitasunik ez duen epaiketan parte hartuko.
Euskararen aldeko borroka, zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren aldeko borroka gisa ulertzen dugu. Horregatik, nahitaezkoa izango da beste borroka askatzaileetatik batera aritzea eta elkarren arteko aliantzak lantzen jarraitzea; horretan gabiltza eta gainerako eragileei ere horretarako deia egiten diegu. Elkar hartzeak eta elkarrekin antolatzeak emango baitugu egungo egoera aldatzeko indarra eta ahalmena; eta hori euskaraz izango da, edo ez da izango.
Euskaraz bizitzeko hautuan berresten garen aldiro, desio dugun Euskal Herrirantz urratsak ematen dihardugu. Ezarritako boterearen aginduak desobeditzen ditugu, gizarte hobe baten eta gure eskubideen alde. Hizkuntza larrialdian gaude, horregatik, orain da euskaldunok harrotzeko unea; kolektiboki antolatu eta desobeditzeko garaia heldu da. Euskararen Errepublika, independentzia, ipar hartuta, euskararen borrokara batzeko deia egiten dizuegu!
Euskaraz bizi nahi dugulako, Euskararen Errepublika!
Gora Euskal Herri euskalduna!



