EHEko lau kide Baionako epaitegitik kanporatu dituzte euskaraz deklaratzen saiatzeagatik

Joan den irailaren 27an, “Euskaraz bizi nahi dugu” margotu genuen Pirineo Atlantikoetako departamenduak Baionan duen egoitzan. Ekintza hori egin genuen, besteak beste, frantziar eta espainiar konstituzio arrotzen pean bizi dugun zapalkuntza eta injustizia salatzeko eta euskararen biziraupenerako ezinbesteko dugun Euskararen Errepublika aldarrikatzeko.

Joan den larunbatean, berriro ere aldarrikatu genuen euskaraz bizi nahi dugula departamenduaren aitzinean. Dozenaka lagun batu ginen eta argi adierazi genuen euskaraz bizi nahi dugula eta horrenbestez, ez dugula euskaldunon aurkako zapalkuntzarik eta erasorik onartuko. Era berean, gaur, hemen, Baionan epaitu dituzten EHEko kideei elkartasun zabala adierazi genien.

Aipatu modura, gaur epaitu dituzte irailaren 27an egindako ekintzagatik eta epaiketa bera euskaldunok jasan behar ditugun eskubide urraketen beste adibide argi bat izan da. Izan ere, ez diete euskaraz deklaratzen utzi. Ondorioz, EHEko kideek ezin izan dituzten euren buruak defendatu epailearen aurrean eta auzitegitik kaleratu dituzte. 

Euskal Herrian, euskaldunoi euskaraz hitz egitea debekatzea onartezina dela deritzogu eta gertatuak argi adierazten du zein den, kasu honetan, Frantziako Estatuaren jarrera euskararekiko: euskararen aldeko itxurazko ekintza batzuk egin arren, agintariek euskara heriotzara kondenatzen dute. Gogor salatzen dugu gertatutakoa eta jasaten dugun zapalkuntzari, gaur egin modura, jarrera intsumisoz eta desobedienteaz erantzuteko deia egiten dugu, horiek arduraz eta kolektiboki garatuz.

Hauek izan dira EHEko lau kideek jasan beharko duten errepresioa: Hiru kide 500€ko isun gibelatuekin zigortu dituzte, laugarrenak berriz 1.500€ ordaindu eta 2 urte eskubide zibikorik gabe pasa beharko ditu. Datozen egunetan jarriko dugu elkartasun kanpaina abian, epaiketa kostuei aurre egiteko eta euskararen aldeko borrokarekin jarraitzeko.

Ez gaituzte geldituko, Euskararen Errepublika eraikitzen jarraituko dugu. Gora Euskal Herria euskalduna! Gora Euskal Herria askatuta!