• 13
    URT

    30 urtez Euskal Herrian Euskaraz

     

     "Euskararik gabe, Euskal Herririk ez”

    Euskal Herrian Euskaraz elkartea 1979. urteko azaroaren 4an aurkeztu genuen jendaurrean. Durangoko Azoka aukeratu genuen lehen agerpena egiteko eta “Euskararik gabe, Euskal Herririk” ez lelopean ekin genion bideari. Egun hartan, euskaldunok osatzen dugun komunitatea eta lurraldea aintzat harturik, egun oraindik gure helburu izaten jarraitzen duena plazaratu genuen: Euskal Herri euskalduna erdiestea; eta horretarako izaera erreibindikatzailea eta borrokatzailea izango genuela adostu genuen.


    Gure sortze agirian jaso genituen Euskal Herrian Euskaraz gaurdaino jantzi duten printzipioak:
    • EHEren izaera berezia, errebindikatzailea eta borrokalaria izango da, eta beraz, ez da mugituko kulturaren edo teknikaren munduan.

    • Errebindikapen eta salaketa hori ekintza praktikoetan azalduko da.
    • EHE autonomoa izango da edozein partidu politikorekiko, eta alderdi politikoetako buruzagi-karguak dituztenak, dena dela, ez dira eragilearen zuzendaritzan egongo.
    • EHEko partaideek, norberaren egoeran eta partiduetan, euskararen marjinazioa salatzeko borroka gogorra egingo dute, diglosia “protesta”ren bitartez gaindituz.

       

    EHEren sorrera egunean adostu genituen printzipioak, aurrekoak baino gehiago ere badira. Hala ere, guzti-guztiek Euskal Herri euskalduna helburu zuen eragile batek izan behar zuena definitzen zuten. 30 urte pasa ondoren, printzipio horiek bezala, euskarak eta euskaldunok bizi dugun zapalkuntzak beren horretan dirau.
     
    Zentzu horretan, duela 30 urte adostu genituen irizpideak indarrean dira egun:
    • Euskara izango da EHEren hizkuntza egiazkoa eta faktikoa. 
    • EHEk elebitasun egoera, guztiz iragankor edo transitorioa izan behar dela adierazten du.
    • Diglosia gainditzeko, elebakar erdalduna elebidun bihurtu behar da; eta hau lortzen ez den bitartean, gaurko zapalkuntza salatuko dugu EHEtik, ekintza praktikoen bitartez. Botere publikoak dira arduradun nagusi zapalketa honen menderapenean.
    • EHEren ekintza Euskal Herri guztira zabalduko da.
     
    Euskal Herrian Euskaraz sortu genuenetik, argi izan genuen EHE ez zela izango beren ekimena bulego baten barruan aurrera eramango zuen eragilea, eta kalea hartzea eta herritarrei zuzenean interpelatzea lehenetsi genuen.
     
    • Hala, EHEtik hasieratik egin genien dei herritarrei herria berresukalduntzeko bidera batu zitezen.
    • Euskaldunei zera eskatu genien: “Euskaraz egin dezagun. Euskaldun bezala ditugun eskubideak defenda eta eska ditzagun”.
    • Euskaldunak ez zirenei aldiz: “Euskara ikas. Euskara dohainik ikasteko duten eskubidea defenda eta eska”.
    • Duela 30 urte esan genuen, eta gaur bertan ere: “Jakitun gara denok: ez dago Euskal Herririk, eta are gutxiago euskal naziorik, euskararik gabe.
    • Zera ere argi utzi genuen: “guk, geure eskubideetan zauriturik, gogorki erantzungo dugu”.
     
    Hizkuntza eskubideak borrokatuz, Euskal Herri euskalduna eraiki”
     
    Eta horrela ekin genion bideari, irmo, gogotsu, kementsu, eta helburua beti ere garbi genuelarik. Euskaldunoi urratzen zaizkigun hizkuntza eskubideen defentsa eta salaketa lanak hartu zuen gure jardunaren zati handi bat: "ezin da ahantzi euskara eta euskaldunok ez gaudela testuinguru neutral batetan kokatuta. Gure herriak, komunitateak eta hizkuntzak jasan beharreko erasoak bata bestearen atzetik etorri izan dira, egun bezalaxe. Mota askotakoak eta garaira egokituak, baina egituran komunak diren ezaugarriekin: euskalgintzaren ekimena oztopatu, normalizazio prozesua geratu, zatitzen gaituen egitura juridikoa indartu eta babestu..."
     
    • Hala, 1981.enean, 60 bat lagunek Radio Nacionaleko egoitza okupatu genuen Donostian, eta egun berean, 3.000 lagunek manifestazioa egin zuten Gasteizen udalak euskararentzako agindutako dirua eskatuz.
    • 1983an, Iurretako ETBren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin genuen ETBn erdararik sartu ez zedin, eta abenduan aldiz, “Erdararik ez ETBn” lelopean bildu genituen milaka euskaltzale Durangon.
    • 1986an urtean, manifestazioa egin genuen Iruņean Vascuencearen Legearen onarpena arbuiatuz.
    • 1988an “Erasoen kontra eutsi euskarari” lelopean atera ginen kalera.
    • 1989an, “Euskararen aurka errekurtsorik ez” lelopean egin genituen manifestazioak.
     
    Zapalkuntzaren aurkako borrokan izandako ibilbide horretan, 90eko hamarkadara heldu ginen. 1992an urtean, 8.000 euskaltzalek Fernando Buesa, garaiko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren politika salatu eta haren dimisioa eskatu genuen. 1993an, Eman bidea euskarari. Atzerapausorik ez” lelopean manifestazioa egin genuen Donostian...
     
    _ 1994an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako legebiltzarkide-gai erdaldunen kopurua %56koa zela eta, “eman botoa euskarari” kanpaina abiatu genuen, eta ondoren, EHEko 3 kide larrugorritan sartu ziren Arabako Batzar Nagusietara.
    • 1995ean, PSE-EEk, PPk eta Unidad Alavesa alderdiak euskararen aurkako frontea osatu zutela salatuz manifestazioa egin genuen Gasteizen.
    • Azken 15 urteotan, duela 30 urte hasitako bideari jarraitu diogu. Gogora ekartzekoak dira azken urte hauetan zapalkuntzari aurre egiteko baliatu ditugun ekimenak:
    • Ezabaketa Egunak egiten hasi ginen, eta urteen joanak, ezabaketa egunak Ezabaketa Aste bihurtu zituen. Euskal Herriko paisaje linguistiko erdaldunari aurre giten diogu, baina ez hori bakarrik...
    • ...Egun indarrean dauden markoen eta hauen fruituz ernatzen diren legedi eta araudien gabeziak azaltzen ditugu Ezabaketa Astearen bitartez, Euskal Herri osoan zehar.
     
    Azken urte hauetan justiziaren arloan aldarrikapen ekimenak egin ditu EHEk. 1996an, EHEko 9 kidek epaiketa bat moztu eta “euskaldunontzat ez dago justiziarik” zioen pankarta zabaldu zuten. Une horretan, Ertzaintzak atxilo eraman zituen eta epaituak izan zirenean, uko egin zioten itzultzaile baten laguntzaz deklaratzeari, intsumisio ariketa gisa. Hortxe abiatu zen Euskal Herri osoan urteetan iraun duen kanpaina, eta aipatzekoa da Gernikako epai-barrutian egindako lanketa.
     
    • EHEk, 10 asteko gose-greba abiatu zuen Gernikan. Epaiketak ebatzi ziren, itzultzaileak ez onartuz, erdarazko zitazioak itzuliz...
    • Gainera, Gernikako epaitegiari 2.000 herritarrek intsumisioz erantzun zioten.
    • Osasun munduan ere hainbat salaketa egin da: Azken urteetako oposizioetan zenbait euskaltzalek azterketak oztopatu eta aztoratu ditugu.
    • Hizkuntza Eskubideen Eguna ere aipatu beharrekoa da, nola ez! Gernikako EHEko kideek erein zuten azken 6 urteotan loratu den Hizkuntza Eskubideen Egunaren hazia.
    • Hala, azken 6 urteotan, euskaldunon eskubideen zapalketari aurre egin eta euskararen normalizazioa bultzatzeko jai eguna, Lesaka, Oiartzun, Santurtzi, Azpeitia, Atarrabia eta Ondarroan ospatu da.
     
     
     
    Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraiki”
     
    Zapalkuntza agerian uzteaz gain, EHEren beste jardun nagusiak Euskal Herri euskalduna gaurdanik eraikitzean datza, hots, dinamika eraikitzaileak abiatzean. Euskarari lehentasuna ematea edozein dinamikaren oinarritzat dugu, eta ofizialtasunaren aldarriak paper berezia jokatzen du bide horretan. Alta, eraikuntza lan hori auzolanean oinarritzea bultzatzen dugu, euskaraz bizi nahi badugu, norbanako bakoitzetik hasita baina guztiok batera ekin behar baitiogu, urratsz-urrats, Euskal Herri euskaldunaren bideari. Aspaldi hasi genuen bide hori:
     
    • 1980an, 10.000 lagun bildu ginen Bilbon (Ikastolen elkartearekin batera egindako deialdian), “euskara ofiziala” eta “ikastolen instituzionalizatze publikoaren alde” lelopean.
    • 1981ean, EHEko kideok 50.000 sinadura bidu genituen euskarazko irrati eta telebistaren alde.
    • 1984an 200 lagunen elkarretaratzea egin genuen Telenavarraren aurrean euskararen presentzia eskatzeko. Ondoren, Iruņean manifestazioa egin genuen ETB Nafarroan ere ikus ahal izan zedin.
    • 1987an “euskara benetan gure udaletan” lelopean EHEko kideok Donostia, Bilbo eta Gasteizko udaletxeak okupatu genituen, udalerri euskaldunen mugimenduaren aitzindaria lan gisa.
    • 1988an, hamar herrik, EHEren mozioa onartuz, euskaraz bizitzea erabaki zuten. 1989an “euskarak bizi behar du. 10 urte borrokan” lelopean 13.000 euskaltzale batu ginen Bilbon.
     
    Herria berreuskalduntzeko bidean, EHEtik normalizazio prozesuan lan egiten dugu euskalgintzako beste hainbat eragilerekin batera. Kontseiluaren sorrerarekin batera, normalizazio planak bultzatu ditugu herrietan, eta baita nazio mailan ere. Normalizazio planetan eragile sozial, politiko eta sindikalekin batera, herritarren parte hartzea bultzatu nahi dugu EHEtikk.
     
    • 1991an, UEMA sortu zen Aizarnazabalen eta EHEk horren sortzea bultzatu zuen. Urte berean, “Ofizialtasuna. Bide-seinaleak euskaraz orain” lelopean elkarretaratzea egin genuen Baionan.
    • 1992an, manifestazioa egin genuen Baionan Frantziako Gobernuak euskararen ofizialtasuna onar zezan.
    • Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako 28 erakundek eta elkartek euren artean harremanak euskaraz egin zitzaten agiria sinatu zuten, EHEren bultzadaz.
    • 1996an, EHEren “Euskal Herriak izan behar du... Euskalduna eta librea” lelopean manifestazio nazionala egin genuen Donostian.1997an, Kontseiluaren sorrera bultzatu genuen.
     
    Ofizialtasunaren aldeko borrokak protagonismo berezia du eraikuntza arloan, eta zera diogu: "Euskal Herria euskalduna helburu izateak, tartean beste batzuk lortzea eskatzen du. Urte hauetan euskararen ofizialtasunaren aldarria zutabe nagusia izan da, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko ezinbesteko neurri gisa planteatuz. Euskararentzat estatus legal bakarra lurralde osoan lortzea beharrezko urratsa da euskararen normalizazio osoa erdiesteko”. Euskararen ezagutza eta euskaraz bizitzea bermatzeko ez da gelditzen bestelako biderik.
     
    - Eta zera diogu: “askok sarri inposaketa ahalbidetzen dugula adierazten badute ere, oinarrizko eskubidetzat hartu beharra dugu euskara ezagutzearen berma”.
     
    -“Bestalde, helduak euskalduntzea izan behar da beste erronka. Eta horretarako, benetako politika eta doako zerbitzua bermatu behar dute administrazioek.”
     
    - “Administrazioek, eskola bidez, orain helduak diren pertsonei kalte izugarria egin diete eta ezagutzaren eskubidea bermatzeko betebeharra dute".
     
    - Euskal Herri euskalduna eraikitzeko baina, gu geugandik hasi behar dugu bidea, eta hori da aurrera begirako erronka nagusietako bat.
    - Euskaraz biziko den herria erdietsi nahi badugu, guztiok batera eta bakarka, euskaraz bizitzeko hautuari eutsi behar diogu.
     
     
    Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki”
     
    Eta horrela iritsi gara, borrokaz borroka, gaurko egunera. 30 urte daramatza EHEk Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean urratsak ematen; 30 urte luze, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako erasoak salatzen, euskararen normalizazio prozesuan akuilu lana egiten, euskaraz bizitzeko hautua hedatzen eta herritarrei ibilbide horretara atxikitzeko dinamikak eta espazioak eskaintzen. Halarik ere, duela 30 urte EHE sortzera eraman zuten funtsezko arrazoiak arnas betean dira egun, tamalez.
     
    Indar erdaltzaleak kementsu azaltzen zaizkigu; Euskal Herriko administrazio eta hedabide nagusiak beren esku daude, eta berreuskalduntze prozesuaren erritmoak, epeak eta urratsak markatzeaz gain, kasu batzuetan prozesu hori gelditzeko neurriak hartzen dihardute. Beren ekimenaren ondorio zuzen gisa, herri euskaldunaren aurkako mezuak ere indartzen doaz eta horren ikurrak dira euskaraz ez jakiteko eskubide ezkutua aitzakiatzat jarriz, ustezko elebitasun eta hirueletasunen alde zabaltzen ari diren mezuak.
     
    Maila juridiko-politikoan badirudi ez dela aldaketa nabarmenik eman; euskararen estatusak, edo estatus ofizial ezak, beren horretan dirau, eta hizkuntza politiken oinarrian erdaren nagusitasuna mantentzea beste helbururik ez dago. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoari begiratuz gero, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) bere iruzurrarekin aurrera jarraitzen ari da, euskara onartu ere egiten ez duen legedi baten baitan euskararen alde urratsak eman daitezkeela irudikatuz. Nafarroa Garaian euskaren kontrako erasoek ez dute etenik izan. Euskarari zuzenduriko diru-laguntzak eta aurrekontuak amildegian behera doaz, lanpostu publikoetarako hizkuntza eskakizunak gutxitzen doazen bezala, eta irakaskuntzari eta euskal hedabideei begirako erabaki erasokorrek euskaldunon hizkuntza eskubideen gainbehera ekartzea bilatzen dute, Ley del Vascuencearen itzalean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernu sozialista berriak ekarri eta ekarriko duenak ere ez dio esperantzari leku askorik uzten. HPS-ko buru Ramon Etxezarretak argi eta garbi adierazi zuen Euskara 21 prozesuaren ondorioek gidatuko dituztela gobernu berritik eratorriko diren politikak; menpeko politikak, dudarik gabe. Oposaketa iruzurtiak, hizkuntza ereduak, eta “hizkuntza erabakitzeko askatasuna” dituzte beren “elebitasunaren” oinarritzat.
     
     
    Eta euskaldunok, beti bezala, bigarren mailako herritar gisa jarraitzen dugu, euskaraz bizitzeko ezintasunean murgilduta, baina inolaz ere, itota. Herri ekimenetik sortutako aldarrikapenek, euskaltzaleak herri euskaldunaren alde daudela frogatzen dute. Euskaraz bizitzearen aldekotasuna bizirik mantentzea lortu dugu, eta hau garatu ahal izateko kohesioa eta elkarlana jorratzeko apustua egin behar dugu. Apustu honek sendoa behar du gainera, gaur egun euskalgintzaren jarduna apaldu egin delako, eta erasoen aurrean erantzun indartsu eta bateraturik ez dugulako garatu.
     
    EHE sortzera eraman gintuzten arrazoiak indarrean dira egun oraindik, beraz; eta zentzu horretan euskaldunok bigarren mailako herritar izateari utzi eta euskarari lehentasuna emango dioten politika burujabeen bidez Euskal Herri euskaldunera heltzeko bidean irmo jarraitzen dugu aurrera.
     
     
     
    GURE HELBURU NAGUSIA

    Euskal Herri euskalduna, euskaraz biziko den herria berreraiki nahi dugu. Hizkuntza ordezkapenaren bidez Euskal Herriaren asimilazio prozesuan indar egiten ari direnei aurre egin nahi badiegu, ezinbestekoa dugu herriaren askapen prozesua eta herriaren euskalduntze prozesua bateratzea; eta bide horretan, argi izan behar dugu zapalkuntza agerian uzten duten dinamikekin batera herri euskalduna helburu duten dinamika eraikitzaileak uztartzea beharrezkoa dugula, Euskal Herriko bertako hizkuntza bakarra erdarekiko menpekotasunetik atera nahi badugu bederen.
     
    Baina euskarak lehentasuna behar du esparru guztietan, gugandik hasita. Gure egunerokoan, erdarekiko sumisioarekin hautsi eta euskaraz bizitzeko hautua lehenetsi behar dugu, norbanako bakoitzak egin beharreko autodeterminazio ariketa gisa. Honekin batera, espazioak euskalduntzea eta gaur egunekoak babestea biziki garrantzitsua zaigu une honetan.
     
    Maila politikoan ere, hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidearen aldarrikapenak garrantzi bizia hartzen du. Argi eta garbi esan behar dugu euskarari lehentasuna emanaz, berreuskalduntze prozesua helburutzat izango duen hizkuntza politika behar dugula, eta hori inongo kanpo esku hartzerik gabe Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea daukagula. Zer esanik ez, maila juridikoan, euskarak gaur eguneko menpeko estatusak gainditu eta lehentasunezko estatusa behar baitu Euskal Herri osoan. Ofizialtasunaren aldarriak beraz, inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka egun, eta EHEk bide horri arnasa ematen jarraitzeko hautuan dihardu.


    EHEren dinamika norabide honetan kokatu behar dugu; herri euskalduna eraikitzeko bi zeregin nagusi ditugu: normalizazio eta hizkuntzaren aurkako zapalkuntzari aurre egin eta erantzutea batetik, eta Euskaraz biziko den herriaren bidean egitasmo zein dinamikak eraikitzea, elkarlana bultzatuz, bestetik. Ildo horretan, aurtengo plangintzan hainbat egitasmo jarriko ditu abian, urtero legez. Gainean dugu, azaroan ekingo diogun Ezabaketa Astea. Ekimen honen bidez, Euskal Herriko herri eta auzoetatik hizkuntza eskubideen zapalketari aurre egingo zaio. Bestalde, ezin dugu ahaztu EHEren 30. urteurrenaren baitan bide egingo duten eta azken 30 urteotako ibilbidearen argazkia eskainiko duten egitasmo bereziak. Modu berean, aipatzekoa izango da ikasturte bukaerarako egingo dugun eta Hizkuntza Eskubideen Egunari jarraipena emango dion ekimena.
     
    30 urte luze igaro dira EHE sortu zenetik, eta indar berriturik ekin nahi dio ibilbideari eragile euskaltzaleak. Zentzu horretan, euskararen normalizazio prozesuan bultza egingo duten euskaltzaleak elkarlanean batzeko egitasmoak jarriko ditu martxan EHEk.
     

     

    EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ